Info_Biomedicina_Animalario-Alava_protocolo-acceso

ANIMALIATEGI ZERBITZU OROKORRA ARABAKO CAMPUSA

Sartzeko Arauak

  1. Euskal Herriko Unibertsitateko, beste unibertsitate batzuetako eta erakunde publiko nahiz pribatuetako ikertzaileek Animaliategiko Zerbitzu Nagusiak erabili ahal izango dituzte, arau hauek eta IZOko araudia betez.
  2. Animaliategi Unitate bakoitzak Campuseko animaliategi-zerbitzuari dagozkion "Erabilera Arauak" banatuko dizkie interesdunei; eskainitako zerbitzuak ere bertan jasoko dira. Gogorarazi nahi dugu EHUren unibertsitate campusetako animaliategien gaikuntza ofizialen ezaugarriak aldatu egiten direla batetik bestera. Hartara, funtzionamendu arauak ere alda daitezke.
  3. Animalien eta Animaliategiko zerbitzuen eskaerei harrera-hurrenkeraren arabera erantzungo zaie. Halaber, eskaera guztiak jasoko dira Animaliategi bakoitzaren eskaera-orrien artxiboan edo erregistro-liburuan.
  4. Eskaerei erantzuteko hurrenkera aldatu ahal izango da, arrazoi teknikoengatik edo zerbitzuko arduradunak behar bezala justifikatutako larrialdiko lanengatik. EHUren kanpoko zerbitzuen lehentasunak ezingo du animaliategiaren asteko lanaldiaren %30 gaindituko.
  5. Animaliategi Unitateak eginiko lanak ekarpen nabarmena egiten badio talde baten ikerketari edo ikerkuntza-proiektu bati, horren gainean eginiko argitalpen guztietan berariaz aipatuko da zerbitzuaren erabilera.
  6. Ikerketako Batzordeak urtero zehaztuko ditu tresnak erabiltzeko tarifak. Emandako zerbitzu guztiak, kanpokoak nahiz barnekoak, EHUren Kontabilitate Zerbitzuaren edo aurrekontuetako prozeduraren bidez fakturatuko dira, finkatutako tarifak aintzat hartuz.
  7. Laborategiko animaliekin lana egitean espezie bakoitzari dagokion teknologia erabiliko da. Halaber, indarrean dauden lege-araudiak bete beharko dira beti, eta horretarako Animaliategiko langileek aholkularitza eskainiko dute. Jarduera hori Euskal Herriko Unibertsitatearen Animaliategi Unitate Bakoitzaren Erabilera Arauen arabera arautuko da.

Barne Arauak

ARAU HAUEK ARABAKO ANIMALIATEGIKO ERABILTZAILEEntzako idatzi ziren ETA 1994. URTEAZ GERO daude indarrean.

1) Jardueren deskribapena

Farmazia Fakultateko animaliategia ikerketa-proiektuetan edo irakaskuntza-jardueran erabiliko diren animalia txikiak gordetzeko eta mantentzeko egina dago.

Bertan, batez ere, honako animalia hauek topa daitezke: arratoiak, saguak, hamsterrak eta untxiak. Dena den, ukuiluratzeko baldintza egokiak betez gero, bestelako karraskariak ere gordetzen dira, hala nola merionak eta akuriak. Hasiera batean, animaliak ez dira bertan haziko ezta ugalduko ere; beraz, herrialdean laborategiko animaliak hornitzeko saltokietan erosiko dira. Saltoki horiek eginkizun horiek betetzeko indarrean dagoen araudia beteko dute.

2) Animaliategiaren kokalekua

Farmazia Fakultateko hirugarren solairuan dago (solairuarteak). Unibertsitatearen Pasealekua 7 zk., Gasteiz.

3) Instalazioen antolakuntza

Instalazio hauetan honako atal hauek daude:

  • Animaliak eta materialak hartzeko gunea
  • Administrazioaren gunea:

        -Animalien sarrera eta irteera.

        -Animalien erabilerari buruzko dokumentuen erregistro ofiziala.

        -Pentsuen, azpien eta beste material batzuen erosketen erregistroa.

  • Berrogeialdien gunea, animaliak hartzeko bi gelekin.
  • Infektatu gabeko animalien gunea: harrerarako 7 gela ditu.
  • Zerbitzugunean, berriz, 5 gela daude ondorengo eginkizunetarako:

        -Kaiolak hustutzea eta garbitzea eta beste material batzuk garbitzea.

        -Pentsuen eta azpien biltegia.

        -Kaiola garbien eta bestelako materialen biltegia.

        -Aldagelak, komunak eta dutxak.

        -Hotzeko tresnen kokalekua.

  • Animalia kutsatuen gunea (ez-kutsakorrak): ostatu emateko 4 gela ditu.
  • Tratamenduen eta esperimentazio-lanen gunea: 4 gela; bakoitzean gainekoa eta arraska daude.

4) Animalia kanpoko hornitzaileei eskatzea

Animaliak erosteko eskaerak Erabiltzaile arduradunak edo Animaliategi Zerbitzuak egingo ditu, hazkuntzako eta hornitzeko saltoki ofizialetan.

Nolanahi ere, aldez aurretik, Animaliategiko langileek animalia hartzeko lekua dutela baieztatu beharko dute, eta, hala bada, erabiltzaileak, dagozkion kudeaketak egin ondoren, garaiz jakinaraziko dio zerbitzuari (astebete lehenago) animaliak zer egunetan iritsiko diren, haientzako lekua prest egon dadin. Animaliak zerbitzuaren ordutegian eta ostiral eguerdia baino lehen iritsiko dira. Ordutegi horretatik kanpo iristen badira, erabiltzaile arduradunak bere gain hartuko du animalia hartzeko erantzukizuna.

Eskatutako animalien faktura Erabiltzaile Arduradunaren Sailaren kontura igorriko da.

5) Animalien harrera

RD 1201/2005 (BOE 21/10/2005) Errege Dekretua betez, zentro baimenduetatik datozen animaliak bakarrik onartuko dira.

Animaliategiko langileek animaliak hartu, aztertu eta modu egokian ukuiluratu beharko dituzte berrogeialdiko gunean. Ondoren, dagozkien lekura eramango dira. Animaliak zerbitzuaren ordutegitik kanpo iristen badira, harrerako arduradunak berrogeialdiko gunean utziko ditu.

Animaliategiko langileek animalien harrera sarrera-erregistroan jasoko dute eta haien jatorriari buruzko emate-agiriak artxibatuko dituzte.

6) Animaliak ukuiluratzea

Erabiltzaileek gutxi gorabeherako ukuiluratze-denbora jakinaraziko diete Animaliategiko langileei; hartara, ostatu emateko lekua garaiz prestatuko da. Horretarako, erabiltzaile arduradunak sarrera-fitxa bat beteko du. Bertan, animalien hasierako kopurua jartzeaz gainera, egitasmoan hildakoen kopurua ere jasoko da. Amaieran fitxa hori Animaliategiko administrazioari emango zaio.

Animaliak dagozkien geletan ukuiluratuko dira eta kaiola bakoitzean txartel bat jarriko da, honako hauek adieraziz:

  • Erabiltzaile arduradunaren datuak.
  • Animaliaren leinua.
  • Animalien kopurua.
  • Sexua.
  • Sarrera-eguna.

Egitasmoa amaitzean, txartela idazkaritzan utzi, eta hustutako kaiola garbitzeko gunera eramango da.

Animaliategiko langileak arduratuko dira animalien janariaz eta kaiolak garbitzeaz; ikerketaren ezaugarriak direla eta, erabiltzaileak berak egin behar dituenean izan ezik.

Zenbait egoeratan, erabiltzaileek ukuiluratutako animaliak denbora luzez ez dituztela beharko uste badute, animaliategiko langileekin hitz egitea komeni da, animaliak bertan mantentzea merezi duen ala ez erabakitzeko; izan ere, mantentzea garestia da eta kaiolen kupurua, berriz, mugatua.

7) Animalien erabilera

Esperimentatzeko animalien erabilera indarrean dauden legezko arauak betez egingo da, eta erabiltzaileen ardurapean egongo da.

Oinarrizko bi printzipio hauek aintzat hartu beharko dira:

  • Animalien sufrimendua ahal den neurrian saihestea .
  • Erabiltzailearentzako arriskuak saihestea .

Horretarako animaliekin lan egiten eskarmentua izatea beharrezkoa da. Hortaz, laborategiko animaliak erabiltzeko prestatuak ez dauden pertsonek aholkularitza eskatu ahal izango diote Zerbitzuko Arduradunari.

Erabiltzaileek Animaliategiko langileei laguntza eska diezaiekete, animaliak erabiltzeko eta animaliategian egiten diren tratamenduetarako; betiere, ordutegiaren barruan. Animaliategiko langileek, ahal baldin badute, eginkizun hori beteko dute.

Animaliak ostatu emateko geletatik kanpo erabili eta tratatuko dira. Animaliategian lau gela daude animaliekin lana egiteko; beraz, ez dira haietatik atera behar. Aretoen erabilera zehazteko erabiltzaile-taldeak eta Animaliategiko arduradunak koordinatuko dira. Egitasmoa amaitu ondoren, erabiltzaile-taldeak aretoetako lan-mahaiak eta erabilitako tresnak garbituko ditu. Era berean, erabili diren animaliak dagokien lekuan ukuiluratuko dira berriro.

Egitasmoa animaliategian egiterik ez bada, erabiltzaileak animaliak bertatik atera ditzake. Ahal izanez gero, animaliak animaliategiko langileei itzuliko zaizkie edo horretarako egokitu den berrogeialdiko gelan utziko dira.

Animaliei infekzio esperimentalik txertatu edo material erradioaktiboekin tratatu aurretik, animaliategiko arduradunarekin hitz egin beharko da, dagozkion neurriak hartu ditzan.

Animaliategiko langileek animaliaren bat hilik aurkitzen badute, erabiltzaile-taldeari jakinaraziko diote eta egokia den prozedura martxan jarriko da. Erabiltzailearekin harremanetan jartzeko aukerarik izan ezean, langileek animalia jaso eta izoztuko dute.

8) Tresnak

Laborategietatik ateratzen diren tresnak lehenbailehen itzuliko dira. Kaioletan ez dira errotuluak jarriko (txartelak erabili behar dira) eta arduradunaren berariazko baimenik izan gabe ezingo dira eraldatu (zuloak egin, ...), eta, baimena izanda ere, oso ongi justifikatutako arrazoiak eman beharko dira.

9) Gorpuak kentzea

Langileek animaliategiko izotzgailuan gordeko dituzte gorpu guztiak, dagokion zerbitzu ofizialak biltzen dituen arte.

Animaliak gizatasunez hilko dira eta haien gorpuak ezingo dira kendu rigor mortis a baieztatu arte. Hildako animaliak plastikozko poltsa egokietan sartuko dira, gorpua ongi ezabatu dadin. Poltsan ez da orratzik edo langilea zauritu dezakeen objektu zorrotzik sartuko ezta bestelako materialik ere (eskularruak, paperak, etab)

Langileak edo ingurumena kutsatu dezaketeen mikroorganismoen bidez infektatutako animaliak baldin badira, poltsak autoklabatu egingo dira, eramateaz arduratuko diren animaliategiko langileei eman aurretik.

Animaliak erabiltzaile-taldeak hilko ditu; dena den, hala behar izanez gero, zerbitzuko arduradunak aholkuak emango ditu.

10) Ordutegia

Animaliategia atean jarritako ordutegian egongo da zabalik.

Justifikatutako arrazoiengatik, erabiltzaile-talde batzuei animaliategiko giltza emango zaie, egitasmoak iraun bitartean. Giltza taldearen ardurapean geratuko da.

Protokolo orokorra

Arabako Animaliategian sartzeko, SGIkerretara sartzeko eta eskuragarri dauden zerbitzuak erabiltzeko protokoloan zehaztutako baldintzak bete beharko dira.