Eduki publikatzailea

Murgildu zaitez antropologian!

  • Jakintza adarra: Gizarte eta Lege Zientziak
  • Campusa: Gipuzkoa
  • Ikastegi antolatzailea: Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatea
  • Gradua: Gizarte Antropologia
  • Garapen-lekua (helbidea): HEFA I. Tolosa etorbidea, 70. 20018 Donostia (Gipuzkoa)

 

Egutegia eta plazak

Data Hizkuntza Txanda Ordua Plazak
2026-01-15 Euskara Goizez 10:30 – 13:00 25

 

Jardueraren deskribapen laburra

“Murgildu zaitez Antropologian!” izenburua duen jarduera hau Batxilergoko, Lanbide Heziketako, Goi Mailako Prestakuntza-Zikloetako, Arte-Irakaskuntzetako eta  Kirol-Irakaskuntzetako ikasleei zuzenduta dago, nahiz eta etortzen diren gehien-gehienak Batxilergoko kurtsoetatik datozen.

Egitasmoaren helburu nagusia hauxe litzateke: aipatutako ikaslego honi gizarte antropologiarako oinarrizko hurbilpen bat eskaintzea. Horrela, gizarte zientzietako diziplina hau zabaltzeko asmoz, jarduera bi ataletan banatuko da. Lehen zatia atal teorikoagoa izango da:  gizarte antropologiari dagozkion oinarrizko nozio batzuk aurkeztearekin batera, graduaren aurkezpena egingo da. Bigarren zatia praktikoagoa izango da: “Antropologia Ikasle Esperientziatik Esploratuz” tailerra egingo da, non gizarte antropologiari dagozkion nozio eta ideia desberdinak ulertzeko ariketa praktikoak egingo diren, egun antropologiak egiten dituen askotariko gaiak eta aplikazio eremuak ekarriz.

 

Landuko diren gaiak/edukiak

  • Zer da antropologia? Diziplinaren jatorriak. Espezifikotasuna eta beste gizarte zientziekiko loturak. Gizartea, kultura eta askotariko fenomeno sozialak ulertzeko begirada antropologikoa.
  • EHUko Gizarte Antropologia graduaren aurkezpena.
  • Kulturaren kontzeptua. Definizioak. Kultura: ikasia, partekatua, sinbolikoa. Unibertsalitatea, orokortasuna eta berezitasuna. Etnozentrismoa, erlatibismo kulturala eta giza eskubideak.
  • Zer aztertzen du antropologiak? Azpi-diziplinak eta azterketarako eremu nagusiak. Zer arazok kezkatu eta kezkatzen dituzte antropologoak?
  • Antropologia aplikatua: Jatorriak eta ezaugarriak. Garapen eremuak eta egungo egoera. Dilema etikoak. Jarrera erreflexiboa.  Gizarte eragileekiko lotura. Antropologiaren beharra munduan.

 

Egingo diren ekintzak

Proposatutako jarduera bi ekintzen bidez burutuko da. Hasieran gizarte antropologiari loturiko oinarrizko nozio teoriko batzuk aurkeztuko zaizkie parte hartzaileei. Honen bitartez, ikasleei gizarte antropologiaren inguruko oinarrizko hurbilpen eskaini nahi zaie. Hori dela eta, antropologiaren definizioa, bere ezaugarri nagusiak, bere funtsezko lan eremuak eta ohiko metodoak azalduko dira laburki. Gainera, EHUk eskaintzen duen Gizarte Antropologiako graduaren oinarrizko ezaugarriak aurkeztuko dira.

Ondoren, antropologo batekin tailer praktiko bat egingo dute ikasleek: Antropologia Ikasle Esperientziatik Esploratuz. Tailer honek antropologiarako sarrera eskuragarri eta gogoetatsua proposatzen du, bere oinarrizko kontzeptuak, garapen teorikoak eta ikuspegi garaikideak landuz. Topaketetan zehar, ikerketa antropologikoa gidatzen duten galdera gakoak aztertuko dira, baita erabilitako metodologiak ere, bereziki landa-lana, ikuspegi teoriko-praktiko batetik. Arreta berezia jarriko zaio narrazio etnografikoari, testuak zein esperientziak eta ezagutzak kontatzeko beste modu batzuk aztertuz. Horrekin batera, ezagutza antropologikoek gure eguneroko esperientziak, loturak eta testuinguruak beste era batera begiratzen nola lagundu diezaguketen pentsatzea proposatuko da. Ikasleentzat esanguratsu suertatu daitezkeen egoerak eta testuinguruak baliatuko dira horretarako.