Aurkezpena
TRALIMA/ITZULIK taldearen egitekoa kulturen arteko itzulpena eta hartuemana ikertzea da, nola literaturan nola ikus-entzunezkoetan (hots, inprimatuta plazaratzen den kultura tradizionala eta ikus-entzunezkoen bidez iristen dena), ikuspegi historikoa eta deskribatzailea erabilita, eta teknologia berrietako tresnak erabilita (Humanitate Digitalak). Hala, orain arte landu ditugun ikerketa-lerroen ardatza izan da idatziz nahiz ikus-entzunezkoetako itzulpenek agertzen dituzten mekanismo linguistikoak, kulturalak eta sozialak aztertzea. Ikerketa horiek ikuspegi historikoa erabilita egin ditugu, metodologia deskribatzaile komun batez baliatuta, eta teknologia berriak garatu eta aplikatu ditugu. Hain zuzen ere, lan egiteko modu hori bihurtu da taldearen ezaugarri nagusi.
Itzulpengintzaren izaera diziplinartekoa taldearen jardunean islatzen da. Nahiz eta askotariko ikuspegitatik eta hainbat sektoretako itzulpen jarduerak ditugun jomugan gure ikerketetan, ikertzen dugunaren oinarrian beti dugu helburu, batetik, hizkuntzen eta kulturen arteko trukeak ezagutzea, bestetik, bizi gaituen gizartearen eta testuinguruaren kulturartekotasunean sakontzea, eta, azkenik, hizkuntzen, kulturen edota gizataldeen arteko botere harremanak identifikatzea.
Horretaz gain, badira gure jardunean berezkoak diren elementuak, bai eta gure lanean presente dauden zeharkako ezaugarriak ere, izan planteamendu teoriko-metodologikoetan ala izan aztergaietan. Alde batetik, kultur eta sormen industriek bere-berea dute berrikuntzarenganako eta teknologiarenganako interesa, hain zuzen ere, horri esker bihurtzen dira lehiakor. TRALIMA/ITZULIK ikerketa taldean unean uneko teknologia egokienak baliatzen ditugu gure ikerlanetan (corpusak sortu eta ustiatzeko tresnak, datuak bistaratzekoak, itzultzaile automatikoak, eta abar), eta itzulpengintzaren sektorean teknologia horien aplikazioa bera ere hartzen dugu aztergai. Beste alde batetik, ekitatearen eta genero-berdintasunaren oinarriak hartzen dituzte gure ikerlanek. Irisgarritasunaren inguruan dugun interesak agerian uzten du kultur produktuak eskuratzeko zailtasunak dituzten kolektiboekiko dugun konpromisoa; genero ikuspegia gure lan batzuen xede ere bihurtu da.