Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Ángel Rubio AEBko Zientzia Akademiako kide egin dute

Duela gutxi egin duteonarpen ekitaldia, Washington, DCn

Lehenengo argitaratze data: 2015/04/30

Irudia

 "Zientzialari batentzat, AEBko Zientzia Akademiako parte izatea ikertzaile batek helburu izan dezakeen ohorerik handienetako bat da". Pozik eta irmo mintzatu da Ángel Rubio, Materialen Fisikako katedraduna eta UPV/EHUko NanoBio Espectroscopia taldeko zuzendaria, AEBko Zientzia Akademia (NAS) prestigiotsuan kide atzerritar gisa sartu ostean; hala, zientziaren arloan eginiko ekarpen nabarmena aitortu diote.

Ángel Rubio da Akademia horretako Estatuko fisikari bakarra. Aurretik ere, ordea, Espainiako beste bost zientzialari garrantzitsu izendatu dituzte kide: Juan Luis Arsuaga, Mariano Barbacid, Margarita Salas, Andreu Mas-Colell eta Antonio García-Bellido.

Orain dela gutxi egin dute onarpen ekitaldia, AEBko Zientzia Akademiaren egoitzan, Washington DCn, erakunde horren urteroko 152. topaketan.

"Nazioarteko ohore eta prestigio handia da AEBko Zientzia Akademiako kide izatea; izan ere, mailarik gorenean aitortzen du UPV/EHUko taldeak azken urteotan eginiko ikerketa. Era berean, atsegin eta motibazio handia ematen du ikusteak zientzia komunitateak gure lana estimatzen duela, eta bere eragina eta garrantzia aintzat hartzen dituela" adierazi du Rubio irakasleak.

AEBko Zientzia Akademia irabazi asmorik gabeko erakundea da; 1863an sortu zen, Abraham Lincoln buru zela. Gainera, erakunde horretako 500 kide inguruk Nobel Saria irabazi dute. Bestalde, NASek The Proceedings of the National Academy of Sciences zientzia aldizkari ezaguna argitaratzen du 1914tik.

Ángel Rubio UPV/EHUko Materialen Fisikako katedraduna da, NanoBio Espectroscopia taldeko zuzendaria, ETSF Espektroskopia Teorikoaren Europako Azpiegiturako burua eta Max Planck Sozietateko Fritz Haber Institutuko kanpoko zuzendaria. Horrez gain, American Association of the Advancement of Science (AAAS) elkarteko kide osoa da. Rubio irakasleak eta haren taldeak eginiko ikerketa teorikoek mundu osoko erreferente bilakatu dituzte sistemak eskala nanometrikoan modelizatzeko esparruan; hain zuzen ere, azterlanen helburua da ulertzea edo aurreikustea materialek estimulu jakin batzuen aurrean duten jarrera (besteak beste, argiaren aurrean). Halaber, simulazio teknika berriak diseinatu dituzte, nanoegiturek edo biomolekulek nola jokatzen duten jakiteko.