Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Juan Colmenero de Leon katedradunak Walter Hälg saria jaso du

Lehenengo argitaratze data: 2017/06/14

Irudia

Juan Colmenero de Leonek izen handiko Walter Hälg saria jaso du European Neutron Scattering Association (ENSA) erakundearen eskutik. ENSA erakundeak Europa mailan neutroien dispertsioan lanean dabiltzan zentro nazional garrantzitsuenak bateratu eta ordezkatzen ditu, alor honetan erreferente da.

Sari hau 1999az geroztik bi urtetik behin banatzen da neutroien dispertsioan lan nabarmen, koherente eta aitzindaria egiten duten Europako ikerlarien artean. Gainera, saritutako ekarpen horiek frogatu egin behar dute epe luzera neutroien dispertsioaren zientzia eta teknologiaren aplikazioan inpaktua dutela. Sariaren definizio honek agerian uzten ditu saritutako ikerlarien lorpen profesionalak eta aurten lehen aldiz, ikerlari espainiar bati eman diote; Juan Colmenero de Leoni.

Juan Colmeneroren hitzetan: "Sari hau ohore eta harrotasun pertsonal izugarria izateaz gain, egindako lanaren onarpen internazionala da guretzat. Gure taldean, polimeroak eta materia biguna lantzen ditugu Materiaren Fisika Zentroan. Aipamen honi esker urte askotan zehar egindako ekarpenak baloratuta ikusten ditugu"

ENSAko batzorde zientifikoaren hitzetan, Juan Colmenerok metodologia berri, paregabe eta sendo bat garatu du, neutroien dispertsioaren alorrean polimeroak edo materia kondentsatu bigunak bezalako materia konplexuen ikerketen aplikazioa zabaldu duelako.

Halaber, metodologia honek zenbait espektroskopia metodo desberdin eta dinamika molekularren simulazioak konbinatzen ditu. Juan Colmenerok hasieratik ulertu zuen material mota hauek aztertzeko neutroiak soilik erabiltzea ez zela nahikoa izango. Atomoak non dauden (estruktura) eta nola mugitzen diren (dinamika) ulertzeko neutroiak eta simulazioak bide-lagun izan behar zutela aurreikusi zuen ikerlariak, ekarpen aitzindaria eginez.

Modu berean, ENSA-k azpimarratu nahi izan du espainiar estatu mailan neutroien dispertsio teknikak egun duen garapena azaltzeko ezinbestekoa izan dela Juan Colmeneroren ekarpena. Izan ere, bera izan zen "Sociedad Española de Técnicas Neutrónicas" –en sortzaileetariko bat, baita erakundearen lehenengo presidentea ere.

Juan Colmenero de León Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHUko) Materia Kondentsatuaren Fisikako katedraduna eta Materialen Fisika Zentroko (CFM) Polymers & Soft Matter ikerkuntza-lerroaren arduraduna da. Materialen Fisika Zentroa UPV/EHUren eta Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenaren (CSICen) arteko zentro mistoa da.

Colmenero irakaslea, Materia Kondentsatuaren Fisikan lizentziatua da eta Zientzia Fisikoetan doktore Nafarroako Unibertsitatean. 1982an, UPV/EHUko Materialen Fisika Sailera heldu zen, non 1989tik 1999ra departamentuko buru izan zen. 1995 eta 1998 urte bitartean, Alemaniako Institut für Festkörperforschung (IFF) - egoera solidoaren ikerketarako institutuan - eta Forschungszentrum Jülich zentroetan irakasle gonbidatu izan zen denbora tarte ezberdinetan. Nazioarteko zientzia-batzorde askotan parte hartu du Colmenero irakasleak, hona horietako batzuk: Europako Espalazio Iturria (ESS); Grenobleko (Frantzia) Laue-Langevin Institutua (ILL); Jülich-eko (Alemania) Jülich Centre for Neutrons Science (JCNS). Ondorengo nazioarteko aldizkari hauetako Argitalpen Kontseiluko kidea ere bada: Journal of Polymer Science B: Polymer Physics eta Colloid & Polymer Science.

Materia kondentsatuaren fisika modernoaren eta material aurreratuen zientziaren arteko interfasean garatu du bere karrera zientifikoa eta honako alderdi hauek landu ditu besteak beste: solido ez-kristalinoen fisika, material polimerikoak, materia kondentsatu biguna (soft matter), bio-polimeroak eta material nano-egituratuak. 400 artikulu zientifikotik gora argitaratzeaz gain, 60 hitzaldi baino gehiago eman ditu; liburu baten egilea da (egile gehiagorekin batera), eta beste biren argitaratzailea ere (editore gehiagorekin batera). Honako sari hauek jaso ditu, besteak beste: 1998ko Xabier Munibe Saria, 2000ko Zientzia eta Teknologiako Euskadi Ikerketa Saria eta Espainiako Fisikako Errege Elkartearen Domina (2003).