Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Sulfatoak dituzten lurzoruen egonkortzea haien eraikuntza propietateak hobetzeko

Lehenengo argitaratze data: 2017/03/03

Irudia

Karean oinarritutako ohiko aplikazioen ordez, UPV/EHUk magnesioan aberatsa den gehigarri batekin lurzoruak tratatzeari buruzko azterlan batean parte hartu du

 

Ohiko gehigarrien bidezko egonkortzea ez da bideragarria sulfatoak dituzten lurzoruetan, gehigarri horien kaltzioak lurzoruen sulfatoarekin duen erreakzioak haiengan dakartzan eragin kaltegarrien ondorioz. Orain arte ebatzi gabeko ondorio tekniko, ekonomiko eta ingurumeneko handiak dakartza horrek. UPV/EHUko irakasle Beñat García Grancianteparalucetak parte hartu duen ikerketa batek dio magnesioa oinarri duen hautabidezko gehigarri bat erabiltzeak saihestu egingo lituzkeela kaltzioan oinarritutako gehigarrien arazoak, eta aukera eman lukeela sulfatoak dituzten lurzoruen eraikuntza propietateak hobetzeko, kostu eta ingurumen inpaktu txikiagoekin.

 

Applied Clay Science aldizkariak ‘Sulfate soils stabilization with magnesium-based binders' artikulua argitaratu du berriki. Sulfatoak dituzten lurzoruak egonkortzeari buruzko ikerketa bat da. Ikerketan lankidetzan aritu da Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Meatze eta Metalurgia Ingeniaritza eta Materialen Zientzia Saileko irakasle Beñat García Grancianteparaluceta, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Landa Ingeniaritza eta Proiektuak Saileko ikertzaile talde batekin, Andrés Seco Meneses doktorearen zuzendaritzapean.

 

"Sulfatoak dituzten lurzoruak oso material ugariak dira naturan, eta horien eraikuntza propietate eskasak direla-eta, obra asko eta asko gauzatzeko material desegokiak dira. Horrek berekin dakar material horiek kendu eta zabortegira eraman beharra, eta harrobietatik ateratako materialekin ordezkatu beharra. Horrek guztiak kostu ekonomiko eta ingurumeneko handiak sorrarazten ditu, orain arte saihetsezinak" azaldu du Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate Eskolako irakasleak.

 

Mota horretako lurzoruak egonkortzeko zailtasunaren arrazoia da ohiko gehigarri egonkortzaileak kaltzioan oinarritzen direla. Halakoetan, sulfatoa gehigarriaren kaltzioarekin eta buztinaren aluminioarekin konbinatzen da, eta horren emaitza da oso hidratatuta dagoen mineral hedakor bat, etringita izenekoa. Horrek eragiten du tratatutako materiala puztea eta, are, suntsitzea ere.

 

Orain argitaratutako azterlanean analizatu egiten da kaltzioan oinarritutako gehigarriak magnesioa oinarri duen hautabidezko gehigarri batekin ordezkatzearen emaitza. Gehigarri hori azpiproduktu industrial bat da, PC-8 izenekoa. "Lurzoru naturalak % 4ko eta % 8ko karearekin edo PC-8rekin tratatu ondoren, haien propietate mekanikoak hobetu ziren lurzoru buztintsuetan lortzen diren ohiko balioetaraino. Halakoetan, % 8ko dosietarako garatutako erresistentziak handiagoak izan ziren % 4ko dosietarako baino, eta, era berean, PC-8rako handiagoak karerako baino. Horrek frogatu egiten du ikuspegi mekanikotik magnesioak duen ahalmena karearen aurrean" esan du Beñat Garcíak.

% 8ko PC-8rekin tratutako laginetan, lurzoruen puzte naturalaren murrizketa nabarmena antzeman zen, baita denboran zehar tratatutako laginen egonkortasun dimentsionala ere. UPV/EHUko irakaslearen ustez, "ondorioa da magnesioa oinarri duten gehigarriak erabiltzea metodo potentzialki egokia izan daitekeela sulfatoa duten materialak eraikuntza aplikazioetan baliarazteko". Ildo beretik azterlan gehiago egiten jarraitu beharra badago ere, lortutako emaitzek agerian uzten dute tratatutako lurzoruen eraikuntza propietateak hobetu direla. Beraz, eraikuntzarako material egokiak dira eta, gainera, bidea emango dute diru asko aurrezteko eta zabortegiak sortzearekin eta harrobian materialak erauztearekin lotutako ingurumen inpaktuak murrizteko.