Breadcrumb

UIE-II-KAPITULUA

Unibertsitateko Ikasleen Estatutua

II. KAPITULUA. IKASLEEN ESKUBIDE ETA BETEBEHARREZ

2. artikulua. Eskubide eta betebeharren berdintasuna.

1. Unibertsitateko ikasle guztiek dute bermatuta eskubide eta betebeharren berdintasuna, zein bere unibertsitate-ikastegia, egiten ari den ikasketak eta hezkuntza-etapa edozein direlarik eta matrikulaturik dauden bitartean.

2. Berdintasun hori, beti ere, unibertsitate-erantzukidetasunaren printzipio orokorraren menpe gauzatuko da, beti ere, eskubideen eta askatasunen baliatzerakoan izan beharreko elkarrekikotasunean eta pertsona eta unibertsitate-erakundearekiko errespetuan oinarri harturik, unibertsitatea osatzen duten guztien ondasun gisa ulerturik.

3. artikulua. Eskubideak eta betebeharrak baliatzeko arau-esparrua.

Ikasle unibertsitarioen eskubide eta betebeharrak baliatu ahal izateko, estatuko eta kasuan kasuko autonomi erkidegoko arautegia, unibertsitateen estatutuak eta honako estatutu hau errespetatu beharko da.

4. artikulua.- Bereizkeriarik ez.

Unibertsitateko ikasle guztiek, zein bere jatorria edozein delarik ere, bereizkeria ez jasateko eskubidea dute, jaiotzea, arraza edo etnia-jatorria, sexua, erlijioa, sinesmen edo iritziak, adina, minusbaliotasuna, nazionalitatea, gaixotasuna, sexu-orientazioa edo genero-identitatea, ekonomi eta gizarte-egoera, hizkuntza edo mintzaira, edo kidetasun politiko eta sindikala edo itxura, gain-pisua edo obesitatea edo beste edozein ezaugarri edo baldintza pertsonal edo soziala aitzakia harturik, arau demokratikoak eta hiritarrekiko errespetuzkoak onartzeko baldintza bakarra izanik, espainiar gizartearen konstituzio-oinarria baitira.

5. artikulua. Kualifikazio akademiko eta profesionalak.

Unibertsitateek garatu beharreko ekintzak garatu beharko dituzte, ikasleek irakaskuntza-ziklo bakoitzean programaturiko jakintzak eta gaitasun akademiko eta profesionalak lortu ahal ditzatela bermatzeko. Era berean, unibertsitateek, zeinek bere hezkuntza-helburuetan, sartu beharko dituzte prestakuntza pertsonala eta balioen hezkuntza.

6. artikulua. Jakintza eta gaitasunen aitortzea.

1. Legeak eta unibertsitateek garatutako arauek aurreikusitakoarekin bat etorrita eta mugikortasunerako eskubidea, indarreko arauak errespetatuz, bermatzearren, ikasleek eskubidea izanen dute, unibertsitate-hezkuntzaren edozein etapatan, ordura arte jasotako jakintzak eta gaitasun eta esperientzia profesionala aitor dakizkien. Aitortze hori, hala balegokio, sartu egingo da Tituluaren Europar Gehigarrian.

2. Unibertsitateek ezarri beharreko neurriak ezarriko dituzte, ikasleek egin eta titulazio ofizialik lortzeko xederik ez duten irakaskuntzak osorik edo zatika aitor dakizkien, baldin eta titulua iraungi eta, bere ordez, graduko titulu ofiziala ezarri bada.

3. Unibertsitateek ezarri beharreko prozedurak ere ezarri beharko dituzte, ikasleek egin dituzten irakaskuntzak eta jasotako ikasketak Goi Hezkuntzarako Kualifikazioen Espainiar Markoarekin bat etorrita aitor dakizkien.

4. Nolanahi ere, jakintza eta gaitasunen aitortzea indarreko legeriak ezarritako baldintzen arabera egingo da.

7. artikulua. Ikasle unibertsitarioen eskubide komunak.

1. Unibertsitateko ikasleek honako eskubide komun hauek dituzte, banaka zein taldeka:

a) Bere aukerako unibertsitatean ikasteko eskubidea, ordenamendu juridikoak xedaturikoarekin bat datorrelarik. Halaber, eskubidea izango dute unibertsitateek gerora ikasle izango dituztenentzako informazio eta orientazio-programak susta ditzaten, nor bere ikerkuntza, kultura eta gizarte-erantzukizunaren bizitzan eta jardunean zehar, ahalik eta erarik onenean integratuko badira bertako hezkuntza-egituretan, mailetan eta eremuetan.  Unibertsitateko ikasleek eskubidea dute unibertsitate-politikaren diseinuan, jarraipenean eta balioespenean parte hartzeko.

b) Aukera-berdintasunerako eskubidea, ezelako bereizkeriarik gabe, unibertsitatera sartu, ikastegietan ikasi, unibertsitatean iraun eta akademi eskubideak baliatzeko orduan.

c) Kalitatezko akademi hezkuntza jasotzeko eskubidea, aukeratutako ikasketei dagozkien gaitasunak berenganatzearren, jakintzak, gaitasunak, jarrerak eta balioak barne dituelarik; kultura demokratikoaren eta hurkoarekiko eta inguruarekiko errespetuaren berezko balioak, bereziki.

d) Ikasketak lan eta famili bizitzarekin ahalik eta bateragarrien egingo duen arreta eta akademi jardueren diseinua jasotzeko eskubidea, bai eta genero-indarkeriaren emakume biktimek beren eskubideak baliatzeko ere, unibertsitatearen antolakuntza eta aurrekontuen baliabideen neurrian.

e) Irakasle, tutore eta ikaslearentzako arreta-zerbitzuen aholkularitza eta laguntza jasotzeko eskubidea, estatutu honetan ezarritakoarekin bat etorrita.

f) Bokazio, akademia eta lanbideari buruzko informazio eta orientazioa jasotzeko eskubidea, bai eta unibertsitateek beren jarduerei eta ikasleen esparruan eraginik izango luketen jarduerei buruzko aholkularitza jasotzekoa ere, eta bereziki, unibertsitate-hedakuntzaz, unibertsitate-lojamenduaz kirol eta bizitza osasuntsuaren bestelako alderdiez eta lan-munduratzeari buruzko jarduerak direnean.

g) Unibertsitateak ebaluazio eta kalifikazioak berrikusteko prozeduraren inguruan ezarritako arauei buruzko informazioa jasotzeko eskubidea.

h) Ebaluazio objektiboa eta, ahal delarik, jarraitua jasotzeko eskubidea, irakaskuntza eta ikaskuntzarako metodologia aktiboa oinarri duena.

i) Unibertsitate arloko kultura, kirola, ikasleen ordezkaritza, solidaritate eta lankidetzaren arloko jardueretan izandako parte hartzearengatiko aintzatespen akademikoa lortzeko eskubidea, indarreko legeriak jasotakoaz bat etorrita.

j) Lan-esperientzia eta jardun profesionala akademi ondorioetarako balioztatzeko eskubidea, unibertsitateak, indarreko arautegiaren barruan, xedatutakoarekin bat etorrita.

k) Mugikortasun nazional zein nazioartekorako programetan parte hartzeko eskubidea, indarreko legeriaren barruan.

l) Unibertsitateek eta gainerako erakundeek lan-mundura sartzeko garatuko lituzketen programa eta behatokiak ezagutu eta berauetan parte hartzeko eskubidea.

m) Akademi instalazio egoki eta erabilerrazak baliatzeko eskubidea, zein bere hezkuntzaren arloarekiko.

n) Arriskuen prebentzioari buruzko prestakuntza jaso eta bere osasuna eta segurtasuna bermatzeko bitartekoak izateko eskubidea, ikaskuntza-jarduerak burutzerakoan.

o) Deialdi nazionaletako ikasteko beka eta laguntzen eramangarritasuna izateko eskubidea, beka eta laguntza hauek lurralde nazional osoan gozatu ahal direla ulertuz, bai eta unibertsitateen berezko beken eramangarritasuna ere, kasuan kasuko deialdietan ezarriko liratekeen betekizunekin bat etorrita.

p) Bizitzan zehar unibertsitate-hezkuntza jasotzeko eskubidea eta, honetarako, unibertsitateek onarpen-mekanismo espezifikoak ezarriko dituzte, hauen berri behar bezala emanik.

q) Unibertsitateek boluntariotzaren, gizartearen parte-hartzearen, garapenerako lankidetzaren eta gizarte-erantzukizunaren arloetan antolatuko lituzketen jardueretan parte hartzeko eskubidea.

r) Adierazpen, biltzeko eta elkartzeko askatasunerako eskubidea unibertsitate-arloan, ezelako bereizkeria zuzen eta zeharkakotik at, hezkuntza-gestioaren erantzunkidetasunaren eta pertsonekiko eta unibertsitate-erakundearekiko errespetu proaktiboaren lekuko eta adierazle.

s) Unibertsitateko gobernu eta ordezkaritza-organoetan ordezkaritza eraginkor eta partaidetzazkoa izateko eskubidea, erantzukizun kolektiboaren markoaren barruan, estatutu honetan eta tokian tokiko unibertsitate-antolamendu eta funtzionamendurako estatutu eta arauetan ezarritakoaz bat eginik.

t) Zeinek bere akademi jarduera burutzen duen unibertsitatearen gobernu-organoen hautaketan parte hartzeko eskubidea, tokian tokiko estatutuan aurreikusitakoaren arabera.

u) Unibertsitatean aplikatu eta bertako gizarte-kontseiluak onetsi beharreko iraute-arauei buruzko informazioa jasotzeko eskubidea, bai eta hauen ezarpen eta funtzionamenduan erantzunkidetasunez parte hartzekoa ere.

v) Beren datu pertsonalak Datu pertsonalen babesteko legeak araututako xedeekin eta ez bestela erabiliak izan daitezen.

w) Sexu-bereizkeriarik gabeko tratua jaso eta emakume eta gizonen arteko berdintasun-aukerarako eskubidea, emakume eta gizonen arteko egiazko berdintasunerako martxoaren 22ko 3/2007 lege organikoak ezarritako printzipioak aintzat harturik.

x) Ikasketetan zehar eginiko lanen egiletza aitortu eta hauen jabego intelektualaren babeserako eskubidea.

Eta, hauez gain, legeria orokorrean, autonomi erkidego ezberdinetako arautegietan eta unibertsitateen estatutu eta berezko arauetan aitortuko zaizkien eskubide guztiak.

2. Goi hezkuntzaren gizarte-dimentsioarekiko eta ikaskuntza bizitza osoan zehar mantentzeko konpromezuaren barruan, unibertsitate-arloan eskumenik duten administrazio publikoek eta unibertsitateek, zein bere aurrekontu-baliabideen barruan, hartu beharreko neurriak hartuko dituzte eskubideok denbora partzialeko ikasleek ere balia ditzaten eta, bereziki, kualifikazioak ikaskuntza malguko ibilbideak osatuz eskuratu ahal izatekoa. Xede honetarako, halakorik nahiko luketen ikasleek denbora partzialeko ikasleen aitortza eskatu ahal izango diote bere unibertsitateari, halako izaera identifikatuko duena.

8. artikulua. Graduko ikasleen eskubide espezifikoak.

Graduko ikasleek honako eskubide espezifiko hauek dauzkate:

a) Graduko tituluak egiaztatzeko oroitidazkiei buruzko informazioa jaso eta hauek egiten parte hartzeko eskubidea.

b) Aurretiazko hezkuntza aintzat hartzeko eskubidea edo, hala balegokio eta bidezkoa balitz, aldez aurretik burututako lan edo lanbide-jarduerak aitor dakizkien.

c) Irakaskuntza-taldea aukeratzeko eskubidea, halakorik dagokionean eta unibertsitateak xedaturikoaren arabera, bestelako lanbide-jarduerak, akademiaz kanpokoa eta familiakoarekikoak ikasketekin bateratzeko bidea eskainiz eta, bereziki, genero-indarkeriaren emakume biktimen eskubideak baliatzearren.

d) Kalitatezko hezkuntza teoriko eta praktikoa jasotzeko eskubidea, aurretiko irakaskuntzetan ezarritakoaren arabera jasotako gaitasunekin bat etorri beharko duena.

e) Orientazioa eta tutoretza pertsonalizatua jasotzeko eskubidea, lehenengo ikasturtean eta ikasketetan zehar unibertsitate-ingurura errazago egokitzearren eta akademi etekina hobetzearren, bai eta ikasketen amaieran ere, lan-mundura sartu, lanbide-garapena sakondu eta unibertsitate-hezkuntzan jarraitzearren.

f) Praktikak, curriculum barruko zein kanpokoak, egiteko aukera izateko eskubidea, kanpoko erakundeetan eta unibertsitatearen ikastegi, egitura edo zerbitzuetan burutu ahal izango direnak, kasuan kasu aurreikusitako motaren arabera eta praktiken prestakuntza-zioa beti ere bermatuz.

g) Gradu-amaierako lanean eta, halakorik denean, ikasketa-planetan aurreikusitako kanpoko praktiketan, tutoretza akademiko eta profesional eraginkorra izateko eskubidea.

h) Gradu-amaierako lanaren eta aurretiazko ikerketa-lanen gaineko jabetza intelektuala aintzat hartu eta berau babesteko eskubidea, indarreko legeriak arlo honetan ezarritakoaren arabera.

i) Mugikortasun nazional edo nazioartekorako programa eta laguntza-deialdietan parte hartzeko eskubidea, bereziki ikasketen bigarren erdian zehar.

j) Erakunde-balioespenerako prozesuetan eta unibertsitate-kalitatea ziurtatzeko agentzietan parte hartzeko eskubidea.

9. artikulua. Masterreko ikasleen eskubide espezifikoak.

Masterreko ikasleek honako eskubide espezifiko hauek dauzkate:

a) Masterreko tituluak egiaztatzeko oroitidazkiei buruzko informazioa jaso eta hauek egiten parte hartzeko eskubidea.

b) Aurretiazko hezkuntza aintzat hartzeko eskubidea edo, hala balegokio eta aintzat hartzea bidezkoa balitz, masterreko ikasketak baino lehenagoko lan edo lanbide-jarduerak aitor dakizkien.

c) Irakaskuntza-taldea aukeratzeko eskubidea, halakorik dagokionean eta unibertsitateak xedaturikoaren arabera, bestelako lanbide-jarduerak, akademiaz kanpokoa eta familiakoarekikoak ikasketekin bateratzeko bidea eskainiz.

d) Kalitatezko hezkuntza teoriko eta praktikoa jasotzeko eskubidea, tituluan aurreikusitako lanbide-helburuekin edo ikerkuntzari ekiteko zioarekin bat etorri beharko duena.

e) Orientazioa eta tutoretza pertsonalizatua jasotzeko eskubidea, akademi errendimendua, jarduera profesionalerako prestakuntza edo ikerkuntzan hasteko lehenengo urratsak erraztearren.

f) Praktikak, curriculum barruko zein kanpokoak, egiteko aukera izateko eskubidea, kanpoko erakundeetan eta unibertsitatearen ikastegi, egitura edo zerbitzuetan burutu ahal izango direnak, kasuan kasu aurreikusitako motaren arabera eta praktiken prestakuntza-zioa beti ere bermatuz.

g) Master-amaierako lanean eta, halakorik izatekotan, ikasketa-planetan aurreikusitako kanpoko akademi praktiketan, tutoretza akademiko eta profesional eraginkorra izateko eskubidea.

h) Master-amaierako lanaren eta aurretiazko ikerketa-lanen gaineko jabetza intelektuala aintzat hartu eta berau babesteko eskubidea, indarreko legeriak arlo honetan ezarritakoaren arabera.

i) Mugikortasun nazional edo nazioartekorako programa eta laguntza-deialdietan parte hartzeko eskubidea.

j) Erakunde-balioespenetarako prozesuetan eta unibertsitate-kalitatea ziurtatzeko agentzietan parte hartzeko eskubidea.

10. artikulua. Doktoregoko ikasleen eskubide espezifikoak.

Doktoregoko ikasleek honako eskubide espezifiko hauek dauzkate:

a) Ikerkuntzarako kalitatezko prestakuntza jasotzeko eskubidea, zientzi bikaintasuna sustatu eta gizarte-erantzukizuna eta zuzentasuna aintzat hartuko dituena.

b) Prestakuntza-prozesua orientatuko duen tutorea izateko eskubidea, bai eta, doktorego-tesia egin bitartean, gainbegiraketa-lana egingo dion zuzendariak eta, dagokionean, zuzendarikideak, ikerkuntz gaitasun egiaztatua izan dezaten ere.

c) Unibertsitateek eta doktorego-eskolek zeinek bere hirugarren zikloko programetan doktoregaiak ikerketa-talde eta sareetan integratzea susta dezaten.

d) Ikerkuntzaren karrera profesionala ezagutzeko eskubidea, bai eta unibertsitateek beren programetan ikerkuntzaren karrera garatzeko aukerak susta ditzaten ere.

e) Ikerkuntz prestakuntzarako eta mugikortasun nazional edo nazioartekorako programa eta laguntza-deialdietan parte hartzeko eskubidea.

f) Doktorego-tesiaren eta aurretiazko ikerketa-lanen gaineko jabetza intelektuala aintzat hartu eta berau babesteko eskubidea, indarreko legeriak arlo honetan ezarritakoaren arabera.

g) Unibertsitateen gobernu-organoetarako ordezkaritza-eskubideei dagokienean, prestakuntzan ari den pertsonal ikertzaile gisako izaera jasotzeko eskubidea, legeriak zientzia eta ikerkuntzaren arloan ezar lezakeenaren arabera.

h) Doktorego-programen jarraipenean eta erakunde-balioespenerako prozesuetan parte hartzeko eskubidea, indarreko legeriak aurreikusita legez.

11. artikulua. Unibertsitateek eskainitako hezkuntza etengabeko eta bestelako ikasketetako ikasleen eskubide espezifikoak.

Ikasle hauek honako eskubide espezifiko hauek dituzte:

a) Unibertsitateek beren hezkuntza etengaberako programak kalitatezko irizpideez gara ditzaten eta bertaratzeko onarpen-sistema malguekin, aurretiazko prestakuntza, lan eta lanbide-jarduera aintzakotzat edukita.

b) Prestakuntza, ahal den heinean, famili eta lan-bizitzarekin bateragarri egiteko eskubidea eta, halakoetan, genero-indarkeriaren emakume biktimen eskubideak balia daitezen bermatzekoa; eta, hauen lortzeko, unibertsitateek, beren bitartekoen barruan, ordutegiak malgutasunez antolatuko dituzte.

c) Zerbitzuen karta eskuratzeko eskubidea, unibertsitateek osatu eta ikasturtero zabalduko dutena, arlo honetarako bere eskaintza zehaztasunez azalduta. Delako zerbitzuen karta honek, gutxien dela, eskaintzen diren jardueren mota eta iraupena, balio akademikoaren mugak, halakorik dagokienean, eta, jarduerok burutzeko balia daitezkeen bitartekoak jasoko ditu.

12. artikulua. Eskubideen eraginkortasuna.

Unibertsitateek, 7.etik 11. artikulu bitartean jasotako eskubideek erabateko eraginkortasuna izan dezaten:

a) Eskubideon berri emango die ikasleei eta hauek baliatzea erraztuko.

b) Ezarri beharreko baliabideak eta egokitzapenak ezarriko dituzte, ikasle minusbaliatuek eskubide hauek gainerako ikasleen berdintasunean baliatuko badituzte, eskaturiko akademi maila ezelan ere ukitu eta murriztu barik.

c) Eskubideon baliatzeko aukera bermatuko dute prozedura egokiak ezarriz eta, behar izanez gero, unibertsitarioen defendatzailearen jardunaren bidez.

13. artikulua. Ikasle unibertsitarioen betebehar komunak.

1. Unibertsitateko ikasleek gain hartu behar dute unibertsitatean presentzia eraginkor eta erantzunkidetasunezkoa izateko konpromezua, bere unibertsitatea ezagutu behar dute eta bere estatutuak eta arauzko prozeduren bidez onetsitako funtzionamenduzko arauak errespetatu.

2. Konpromezu honen adierazle eta lekuko, unibertsitateko ikasleen betebeharrak honako hauek izango dira:

a) Ikastea eta bere hezkuntza osatuko duten akademi jardueretan aktiboki parte hartzea.

b) Unibertsitate-komunitateko kideak, erakunde lankideetako pertsonala edo unibertsitatearen zerbitzuan ari den pertsonala errespetatzea.

c) Unibertsitatearen edo beronen erakunde laguntzaileen ondasun, ekipo, instalazio zein eremuak behar bezala erabili eta zaintzea.

d) Balioespen-probetan, egin beharreko lanetan edo unibertsitatearen dokumentu ofizialetan iruzurrezko prozedurarik ez erabiltzea eta horietarako laguntzarik ez ematea.

e) Unibertsitate-jardueretan erantzukizunez parte hartzea eta hauek behar bezala gara daitezen laguntzea.

f) Unibertsitatearen estatutuak eta gainontzeko erregelamenduetako arauak ezagutu eta betetzea.

g) Segurtasun eta osasunari buruzko barne arauak ezagutu eta betetzea, bereziki praktiketarako laboratorioen eta ikerkuntza-eremuaren erabilerari dagozkionak.

h) Unibertsitatearen edo bertako organoen izena, sinboloak eta ikurrak errespetatzea, bai eta behar bezala erabiltzea ere.

i) Unibertsitateko akademi ekitaldiak errespetatzea, bai eta berorietan parte hartzea ere, norberaren adierazpen eta adierazteko eskubidea ezertan ere ukitu gabe.

j) Unibertsitate-komunitateko kideen, erakunde lankideetako pertsonalaren edo unibertsitatearen zerbitzuan ari den pertsonalaren kontrako bereizkeriaren aurka eraginkortasunez aritu eta sustatzea, arrazoia jaiotzea, arraza edo etnia-jatorria, sexua, erlijioa, sinesmen edo iritziak, adina, minusbaliotasuna, nazionalitatea, gaixotasuna, sexu-orientazioa edo genero-identitatea, ekonomi eta gizarte-egoera, hizkuntza edo mintzaira, edo kidetasun politiko eta sindikala edo itxura, gain-pisua edo obesitatea edo beste edozein ezaugarri edo baldintza pertsonal edo soziala delarik ere.

k) Ordezkaritza-karguren baterako hautatuz gero, ordezkaritza-karguaren berezko eginbeharrak egitea.

l) Ordezkatzen dituztenei parte hartzen duteneko organo bilduen jardueren eta erabakien berri eta beraiek egindakoen berri ematea, beti ere organo horietan ezarritako zuhurtasuna eta diskrezioa gorderik.

m) Hautatu duteneko organo bilduen bileretan eraginkortasunez eta erantzukizunez parte hartzea.

n) Unibertsitatearen helburuen eta funtzionamenduaren hobekuntzan laguntzea.

o) Matrikulaturik dagoeneko unibertsitatearen estatutuetan ezarriko litzaiokeen beste edozein betebehar.