OHIKO_GALDERAK_AZP_PRESTAKUNTZA

Ohiko galderak

Zer da ordu-kreditua?

AZPren II. Prestakuntza Plan Nagusian Prestakuntza, Hobekuntza eta Birziklapenerako Batzordeak ordu-kreditua ezarriko zuela aurreikusten zuen. Plana garatzen duen Araudian honakoa ezarri da: "Langile bakoitzak 80 orduko kreditua izango du, administrazio eta zerbitzuetako langileen prestakuntzarako ekintzetan erabiltzeko, lau urteko epean, hau da, II. Plana indarrean den bitartean. Hala ere, ordu kopuru horri prestakuntza-ibilbide bat osatzeko edo lortzeko azken ikastaroa egiteko behar adina ordu gehitu ahal izango zaizkio".

Noiz kontsumitzen da ordu-kreditua?

Borondatezkoak diren ikastaroei dagokienez, "halakoetan parte hartzen dutenei dagozkion ordu-kredituak deskontatuko zaizkie".

Beharrezkoak edo nahitaezkoak diren prestakuntza-ekintzetan, "hauetan ez da prestakuntzarako ordu-krediturik gastatuko".

Zer da borondatezko izaera duen prestakuntza?

Planean jasotzen den moduan, ekintzen izaera borondatezkoa edo derrigorrezkoa/nahitaezkoa izan daiteke. Borondatezko prestakuntza honakoa da: "Lanpostuari dagozkion edo langilearen sustapenera edo administrazio- eta lanbide-karrerara bideratutako ezagutzak eguneratzeko eta hobetzeko gomendagarriak diren ekintzak".

Halakoetan ekintzetan parte hartzen dutenei dagozkion ordu-kreditua kenduko zaie.

Zer da beharrezko/nahitaezko izaera duen prestakuntza?

Planean jasotzen den moduan, ekintzen izaera borondatezkoa edo derrigorrezkoa/nahitaezkoa izan daiteke. Beharrezkoa edo nahitaezko prestakuntza honakoa da: "Lanpostua betetzeko ezinbestekotzat jotzen diren ekintzak. Lan ordutegiaren barruan egingo dira. Zerbitzuetako beharrak eta langile bakoitzaren egoeraren berezitasunak errespetatzeko xedez, hainbat edizio antolatu ahal izango dira. Unibertsitateak nahitaezkotzat jo dezake prestakuntza, unitate jakin bateko langileek lanpostuari dagozkion eskumenei buruzko prestakuntza ekintza bat egitea garrantzitsua iruditzen bazaio, edozein formatu edo modalitate izanda ere, eta batez ere, araudiaren, prozeduren edo berrikuntza teknologikoen aldaketaren ondoriozkoak direnak".

Kasu honetan, parte hartzaileek ez dute prestakuntzarako ordu-krediturik gastatuko.

UPV/EHUko planifikatutako prestakuntza-ekintzen katalogoan egongo ez balitz, eskatzerik al dago prestakuntza-ekintza baten antolaketa edo sarbidea?

Bai horixe. Planak honako bi ekintza-mota aurreikusten ditu: planifikatutakoa eta ez ohikoa. "Ezohiko ekintzak dira administrazio unitate desberdinek nahiz administrazio eta zerbitzuetako langileek eskatuta antolatzen direnak. Behar puntualei erantzuten dieten ekintzak dira. Kasu hauetan, Langileen Ikasketa, Plangintza eta Prestakuntzako Kabineteak unitate eskatzailearen beharretara egokitzen den ikastaroa antolatu ahal izango du, edo kanpoko erakunde bat izan daiteke erakunde antolatzailea".

Nola eskatzen dira ezohiko ekintzak?

Horrelako ekintzak unitate administratiboaren arduradunak eskatu behar ditu azalpen-txostenaren bidez. Txostena egiteko Langileen Ikasketa, Plangintza eta Prestakuntzako Kabineteak ezarritako ereduari jarraitu beharko dio. Behar besteko aurretiaz emango zaio ekintza hauen berri AZPkoen Prestakuntza, Hobekuntza eta Birziklapenerako Batzordeari.

Administrazio eta zerbitzuetako langileek zuzenean eskatu ahal izango diote Langileen Ikasketa, Plangintza eta Prestakuntzako Kabineteari haien lanerako beharrezkoa iruditzen zaien prestakuntza-ekintza, betiere azalpen-txostena aurkeztuz. Honelakoetan, Langileen Ikasketa, Plangintza eta Prestakuntzako Kabineteak baimena eskatuko dio kasuan kasuko unitateari txosten idatziaren bidez.

Eskariak urteko edozein garaitan aurkeztu ahal izango dira, baina behar besteko aurretiaz betiere, hartara Langileen Ikasketa, Plangintza eta Prestakuntzako Kabineteak prestakuntza antolatzeko denbora izan dezan, edo, kanpoan jaso beharrekoa bada, eskaria aztertu eta ebazteko denbora izan dezan.

On-line diren ikastaroen kasuan, nire lanpostuko ordenagailutik baino ezin naiz konektatu?

Bai horixe.

On-line diren ikastaroen kasuan, edozein ordutan konektatu naiteke?

IVAPek beste administrazio publikoekin adostuta duen moduan, on-line ikastaroetara sarbide izateko ordutegia mugatua dago. Goizetan, 8:00etatik 10:00ak arte baino ezingo da sarbiderik izan (ordu eta erdiko tartearekin, gehienez). Arratsaldetan, sarbidea libre izango da 15:00etatik aurrera, asteburuetan barne.

Diru-laguntzak eska ditzaket lan orduz kanpo nire burua prestatzeko?

Bai horixe. Horretarako daude banakako laguntzak.

Bitarteko funtzionario batek edo finkoa ez den lan-kontratudun langile batek AZPri eskainitako prestakuntza egin dezake?

Bai horixe, beti ere bere lanpostuarekin zerikusia badu. Prestakuntzarako diru-laguntzak ere eska ditzakete, UPV/EHUn urte batez lan egin badute.

Bitarteko funtzionario batek edo finkoa ez den lan-kontratudun langile batek lan orduz kanpoko prestakuntzarako diru-laguntzak eska ditzake?

Bai horixe. Banakako diru-laguntzen kasuan, baldin eta UPV/EHUn urte batez lan egin badute.

Ziurtagiririk luzatuko al da AZPren Prestakuntza Plan Nagusiaren barruan eskainitako ikastaro baten ondoren?

Bai horixe. Ziurtagiriak bi motatakoak izan daitezke: parte hartzekoak edo aprobetxamenduzkoak.

Bertaratze-ziurtagiriak emango dira prestakuntza-ekintzan gainditu beharreko probarik ez dagoenean. Ziurtagiria emango zaie gutxienez orduen %80ra joan diren ikasleei.

Ikasgelako ikastaroetan probaren bat gainditu beharra dagoenean baldintza bi bete behar dira aprobetxamenduzko ziurtagiria eskuratzeko:

  • Gutxienez ikastaroko orduen %80ra joan izana
  • Ikastaroaren ebaluazioa gainditzea

On-line prestakuntzan aprobetxamenduzko ziurtagiria baino ez da emango. Horretarako hiru baldintza bete beharko dituzte ikasleek:

  • On line dauden edukien %50 gutxienez kontsultatzea Gainera, ikastaro mistoetan, ikasgelako saioen orduen %80ra behintzat joatea
  • Ikastaroan eskatutako lanak egitea
  • Agindutako lanak eta ikastaroko proba gainditzea

Zeintzuk dira eskaerak onartzeko irizpideak?

Araudiaren 2.7. atalean jaso bezala, Prestakuntza, Hobekuntza eta Birziklapenerako Batzordeak onartua, parte hartzaileak aukeratzean kontuan hartuko da eskatzaileen profilaren egokitasuna ikastaroaren helburu eta edukietarako.

Parte hartzeko eskariak plazak baino gehiago izanez gero, honako irizpide orokor hauek ezarriko dira parte-hartzaileak hautatzeko:

  1. Urte horretan aurrez beste ikastarorik egin ez izana
  2. Ikastaroaren edukiak zuzeneko zerikusia izatea lanpostuarekin.
  3. Azken lau urteetan ikastaro bera egin ez izana.
  4. UPV/EHUko karrerako funtzionarioek eta lan-kontratudun langile finkoek lehentasuna izango dute behin-behineko funtzionarioei eta behin-behinekoen lan-kontratudunei dagokienez.
  5. UPV/EHUn lanean emandako denbora
  6. Eskariaren eguna eta ordua

Edozelan ere, ikastaro jakin bati buruz interes berezia badago, behin baino gehiagotan eskainiko da ikastaro bera, ahalik eta pertsona gehienek egin ahal izan dezaten.

Zer gertatzen da ikastarora ez banoa edo bertan behera uzten badut ikastaroa hasita dagoela?

Ikastarora ez bertaratzeak edo baja izateak behar bezala justifikatuta egon beharko dute. Ez bertaratze edo baja justifikatutzat joko dira Lan Baldintzen Hitzarmenean eta Hitzarmen Kolektiboan halakotzat jotzen direnak, eta lanpostu-aldaketek eta behar bezala justifikatutako zerbitzuaren premiek eragindakoak.  Zerbitzuaren premiek eragindakoa bada, arduradunak (balidazioaren arduradunak) Langileen Ikasketa, Plangintza eta Prestakuntza Kabinetera (prestakuntza-azp@ehu.eus) helbidera txosten bat bidali beharko du; txostenean zerbitzuaren premiak zeintzuk diren zehaztu beharko ditu, eta eskaera egin zeneko garaian premia horiek aurreikusi ez izanaren arrazoiak ere azaldu beharko ditu.

Zelan argitu ahal ditugu beste zalantza batzuk?

Planari, araudiari  edo prestakuntza-eskaintzari buruzko galderarik edo zalantzarik izanez gero, honako helbidera bidal ditzakezu: formacion-pas@ehu.eus edo prestakuntza-azp@ehu.eus.

Galdera horiekin galdera-erantzunen zerrenda egingo dugu eta webgunean jarriko dugu, zuen parte hartzea ezinbestekoa delako, plana egin bitartean izan den bezalaxe.
Zuen galderak ezinbestekoak dira gu hobetzen laguntzeko.