Eduki publikatzailea

Geoparkeko flyschean aurkitu den aztarna fosil ikusgarri baten erreplika zehatza egin da

Lehenengo argitaratze data: 2018/05/28

Erreplikaren argazkia


Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkeak hamar bat aztarna-fosil edo iknofosil ditu identifikatuta flyscheko labarretan, konkretuki, Deba-Zumaia arteko itsasertzeko Biotopo Babestuan. Balio zientifiko aparta duten aleak dira, eta etengabeko jarraipena egiten zaie higadura naturalaren ondorioz jasan ditzaketen kalteak garaiz detektatu ahal izateko.

Zaintza honi esker, duela hilabete batzuk deskubritu zen ale hauetako bat erortzeko eta galtzeko arriskuan dagoela. Hau ikusirik, Geoparkeko lantalde zientifikoak, Biotopo Babestuko kudeatzaile den Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, Scolicia motako iknofosilaren erreplika zehatza eskuratzeko proiektu berritzailea jarri zuen martxan.

IGMEk, Geologia eta Meatzaritza Institutuak, egin du erreplika, Eleuterio Baeza Museo Geomineroko (IGME) kontserbatzailearen zuzendaritzapean, eta EHUko Arte Ederretako ikasle talde baten laguntzarekin.