GIHak ETA IRAUNKORTASUNERAKO HEZKUNTZA UGANDAKO LANDA-ESKOLETAN
Joan den irailaz geroztik, UNESCO Katedrak parte hartzen du SALUGANDA Ugandako Nekazaritza Iraunkorraren Eskolen proiektuan, Ugandako landa-eskoletan Garapen Iraunkorrerako Helburuei (GIH) buruzko saioak emateko. Zehazki, lankidetza hori lagungarria izan da 3., 4. eta 5.GIHetarako, eta bermatu egin da neskak eskolara joatea Buikwe eta Mukono barrutian, honako tailer hauen bidez: GIHak eta iraunkortasuna, higiene-hezkuntza eta hilekoaren osasuna. Emakumeen higieneari buruzko informaziorik eta sarbiderik eza da neskek eskola uzteko arrazoietako bat.
Saio horiek proiektu horretan daude sartuta eta Lehen Hezkuntzako ikasleentzat dira. Proiektuaren xedea nagusia da haurren higiene-baldintzak, elikadura eta hezkuntza hobetzea Ugandako zazpi eskolatan (2986 ikasle guztira). Horretarako, Cape of Good Hope Orphan Care (COGHOC) GKEarekin aritzen gara elkarlanean: Ecosan motako komun lehorrak, euri-ura biltzeko tankeak, txerri-haztegiak, oilategiak eta baratze ekologikoak instalatzen ditugu, eta, halatan, osatu egiten dugu eskola bakoitzaren baliabideetara egokitutako ekoizpen jasangarriaren ziklo bat. Ikasleek zuzenean hartzen dute parte ekintza horietan eta, horrela, nekazaritza- eta abeltzaintza-teknika jasangarriak, konpostajea eta norberaren higienea ikasten dituzte. Horrez gain, eskolan bizi-baldintzak hobetzen dituzte, eta, horrekin batera, eskoletarako asistentzia.
Proiektu hau 2011n hasi zuten Neiker-Tecnaliak eta Ner Groupek, eta gaur egun beste erakunde batzuen laguntza du, hala nola Lancor, Foro Rural Mundial, Eleistasuna edo Histocell erakundeena.