euskaraespañol

Bikotekide nerabeen artean ematen den ziber-indarkeriaren aurka borrokan

PSIDES ikerketa taldeak programa pilotu bat aurkeztu du EAEko Bigarren Hezkuntzako hiru ikastetxetan, bikotekideen arteko online jazarpena prebenitzeko

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2022/06/16

Irudia
PSIDES taldeko kideak: Marina Quintans (Ikasiker bekaduna), Verónica de los Reyes (doktoregaia) eta Joana Jaureguizar (ikertzaile nagusia), Iratxe redondo, Priscila Comino, Nuria Galende eta Maria Dosil irakasleak. | Argazkia: Nuria Dehesa. UPV/EHU

Ziber-indarkeria gero eta ohikoagoa da nerabeen kolektiboan, eta ez da bikotea kontrolatzera mugatzen; aitzitik, beste pertsonari min egitera bideratutako ekintza errepikatuen multzoak osatzen du. Hala, nerabeen artean %60k sufritu du online jazarpena. Jokabide horien artean sartzen dira sare sozialetan bikotekidearen profila maiz bisitatzea, mezu iraingarriak edo mehatxagarriak bidaltzea, hari buruzko informazio negatiboa zabaltzea, edo pasahitzak lapurtzea eta bidegabeki erabiltzea... Gainera, ekintza horiek ez dute muga zehatzik denboran, harremana amaitu ostean ere jarraitzen baitute.  

PSIDES ikertaldeak, UPV/EHUko 6 psikologok eta 2 hezitzaile sozialek osatutakoak, programa pilotu bat jarri du abian azken hilabeteetan bikotekideen artean ematen den ziber-indarkeriari aurre egiteko. Programa pilotu hori (Cyber Dating Abuse-Stop (CDA-Stop) EAEko hiru ikastetxetako ikasleei zuzenduta dago, zehazki DBHko 2 eta 3 mailetako ikasleei, eta nerabeak bikote harremanetan ematen den ziber-indarkeriaren inguruan heztea eta kontzientziatzea du helburu. 

Programa pilotua jadanik aplikatu da urtarrila eta maiatza artean, institutu publiko batean eta ikastola batean. Irailari begira, itunpeko beste ikastetxe batean eramango da aurrera. 

Ikerketa oso interesgarria iruditu zaie ikastegietako irakasleei. “Ikasturte honetan somatu dugulako gure ikasle batzuen bikote harremana ez zela guztiz osasuntsua. Eta konturatu gara benetan badela landu beharreko gaia", azaldu dute institutu publikoko zuzendariak eta orientatzaileak.  

“Aurretik egindako bikote harremanetako indarkeriaren inguruko ikerketen ondorioz ikusi genuen hutsune bat zegoela ziber-indarkeriaren esparruan, bikotekideen arteko indarkeria ez baita soilik offline ematen, sare-sozialak eta Internet erabiltzen dituzte gazteenek komunikatzeko, eta hor ikusi genuen espazio bat zegoela behatzeko”, adierazi du María Dosilek, UPV/EHUko PSIDES ikerketa taldeko eta Bilboko Hezkuntza Fakultateko irakasleak.  

Gazteen osasun mentalean duen eragina 

Indarkeria-mota berri hori oso azkar eta erraz hedatzen da, teknologiek eta sare sozialek eskaintzen dituzten aukeren ondorioz, eta eragindako gazteei autoestimurik eza, arazo psikologikoak, antsietatea eta depresioa sortzen dizkie. “Nerabeek sexistak eta maitasun erromantikoaren mitoak diren jarrerak identifikatzen badakite ere, online mundu horretan ez dute hausnarketa hori egiten, ez dute pentsatzen. Horren adibide argia da, adibidez, harreman esteriotipatu eta idealizatuak erakusten dituzten publikazioei like ematen diotenean, edota hauek Instagram Story-etara igotzen dituztenean”, ziurtatu du Dosilek. Adibidez, beheko eredu hau: 

“Ziber-indarkeriak ondorio larriak eragiten ditu gazteetan. Lehenik eta behin, erlazio toxikoetan murgiltzea eragiten du, eta kostatzen zaie identifikatzea indarkeriaren parte diren portaera eta jarrerak. Bigarrenik, ideia sexista oso sakonak barneratzen dituzte, eta ostean oso zailak dira aldatzeko. Hirugarrenik, eta gazte hauen etorkizunari begira, arrisku pertsonalak sortzen ditu, adibidez, haien umeak hezteko moduan eta beren bizitza profesionalean hartuko dituzten erabakietan”, argitu du irakasleak.  

Programa pilotua 13-15 urte bitarteko ikasleei bideratuta dago, eta 12 saiotan gauzatzen da, bakoitza ordubetekoa eta 3 modulutan banatuta. Lehengo moduluan, emozioak eta haien ezagutza eta kontrola lantzen dira. Bigarrenean, Interneteko arriskuak. Hirugarrenean, indarkeria bera lantzen da  zehazki, eta behin hori amaituta, ziber-indarkeriaren esparruan murgiltzen da.  

“Programa pilotu honetan, eta beti bezala bikotean edozein motatako indarkeria landu aurretik, beste trebetasun batzuk landu behar dira, hala nola adimen emozionala, sexismoa, genero-rolak, enpatia, Interneten arriskuak oro har, segurtasuna sare sozialetan eta, ondoren, bikotearen indarkeria, Internetetik kanpo gertatzen dena”,  azaldu du ikerlariak. “Ez gara soilik sexualitatean zentratzen, atzean, askoz gehiago dago”, zehazten du.  

Metodologia dinamiko baten bidez planteatuta eta parte hartzera bideratuta, ikerketa-taldeak sortutako hainbat material erabili dira programa pilotu horretan, hala nola komikiak eta bideoak. Programa parte-hartzaileen interesa pizteaz gain, pertsonaia protagonistekin identifika daitezen saiatzen da. Horretarako, materialekin batera, ikasleek parte hartzeko beste estrategia batzuk erabiltzen dira, hala nola rol jokoak, eztabaida-talde txikiak eta ziber-indarkeria egoera errealen analisia. 

Ikertzailearentzat CDA-Stop bezalako programak beharrezkoak dira, bere ustez ziber-indarkeriaren arazoarekin amaitzeko  hasiera puntu aproposak baitira, “baina oraindik ez dira nahikoa fenomeno hau geldiarazteko”. María Dosilen hitzetan, “Lengoaia boterea da, gazteen arazoak ulertzeko haien hizkuntza ulertu eta erabili behar dugu. Programa pilotuak bidea zabaltzen du haiekin hitz egiten hasteko”.  

“Nire ustez indarkeriaren prebentziorako formazioa kurrikulum formalaren barnean derrigorrezko ezagutza izan beharko zen. Sareetan eta Interneten etengabe ateratzen da indarkeriari erreferentzia egiten dioten irudiak eta edukiak, umeek eta nerabeek bilatzen ez badute ere. Horregatik, oso garrantzitsua da prebentzioa txikitatik egitea, 8 urte edo aurretik” azaltzen du Dosilek.