Cabecera

Menu Toggle site navigation

Asset Publisher

2020 03 04 - BILBOKO INGENIARITZA ESKOLAK BERE MASTER ETA GRADU GUZTIEN PRESTAKUNTZA ETA ENPLEGAGARRITASUN AUKERAK ERAKUTSIKO DIZKIE 600 GAZTERI

First publication date: 04/03/2020

- Gaur asteazkenean, eta bihar ostegunean, ikastetxeak Bilbon eta Portugaleten dituen instalazioek unibertsitate aurreko 600 ikasle hartuko dituzte, eta ikerketa zentroak eta laborategiak erakutsiko dizkiete, ingeniaritzak dituen aplikazio praktikoetako batzuez gain

- Eskolako irakasleek eta ikasleek emango diete arreta gazteei mini-azoka zientifikoko ‘standetan’. Hori izango da jardunaldiaren erdigunea, eta bertan hainbat sektoretarako, industriarako, komunikaziorako, energiarako, garraiorako, medikuntzarako, eta baita aisiarako ere, gauzatzen diren lanetako batzuen erakustaldiak ikusi ahal izango dira

EGITARAUA

  • Bertaratutakoei harrera.
  • Eskolaren aurkezpena ikasleentzat, Zuzendaritza Taldeko kideen eskutik
  • Bisita standetara, laborategietara eta ikerketa zentroetara

- Asteazkena, 4: 16:00etatik 18:30era I. eta II. eraikinak (Bilbo)
- Osteguna, 5: 10:30etik 13:00etara eta 16:00etatik 18:30era I. eta II. eraikinak (Bilbo)
Portugalete (16:00etatik 18:30era)

Bilbon, 2020ko martxoaren 4an. Bilboko Ingeniaritza Eskolak ateak irekiko dizkie beste urte batez unibertsitate aurreko ikasleei, bere prestakuntza eta ikerketa eskaintza guztia eta titulazioek enplegagarritasunerako dituzten aukerak erakusteko, enplegagarritasuna kasu batzuetan ehuneko ehunera iristen baita. Guztira, Bilbon eta Portugaleten (Itsasketa eta Nautika eta Itsas Garraioko graduak eta masterrak ematen dira bertan) dituen instalazioen artean, 600 neska-mutil hartuko ditu eskolak. Euren bokazio zientifiko-teknologikoa indartu ahal izango dute, ikastetxeko irakasleen eta ikasleen eskutik. Ikasgeletatik eta laborategietatik gidatuko dituzte, eta eskolan egiten duten eguneroko lanaren aplikazio praktiko berritzaileenetako batzuk erakutsiko dizkiete. Jardunaldiek ordutegi hau izango dute: gaur arratsaldean 16:00etatik 18:30era, eta bihar osteguna 5, 10:30etik 13:00etara goizez eta 16:00etatik 18:30era arratsaldez.

Unibertsitate aurreko ikasleek Eskolako sail guztien lana ezagutzeko aukera izan dezaten, ikastetxea mini-azoka zientifiko eta teknologiko bihurtuko da ate irekiko bi egunetan. Horrela, ikasle eta irakasle taldeek euren 'standetan' erakutsiko dute euren ikerketek zelan balio dezaketen, adibidez, futbol zelai bateko hornidura elektriko guztia app batetik kontrolatzeko edo, behin hezurra soldatuta, gorputzak xurgatzen dituen torlojuak egiteko.

Erronka zoragarriak eta zuzeneko erakustaldiak

Ikastetxearen asmoa, bisita horrek gazteei titulazio batzuk lanerako dituzten aukerak aurkezteko balio izatea da. Titulazio horiek, enplegagarritasun handikoak izateaz gain, lehen lerroan lan egiteko aukera ematen diete, funtsezko erronkei aurre egiteko soluzioak bilatzeko, klimaren aldaketak planteatzen dituen erronkei eta edozein jardueratan alternatiba iraunkorragoak izateko beharrari, besteak beste.

Eskolan sortutako garapenen eta aplikazioen artean ikusi ahal izango dituzten batzuk oso ezagunak dira dagoeneko, Eskolak urtero Silverstone eta Montmeloko zirkuituetan parte hartzeko ikasleek diseinatutako eta fabrikatutako plaza bakarreko ibilgailua, edo Alcañizen (Teruel) lehiatzen den eta MotoStudent taldeko ikaskideek sortu duten motorra, adibidez. Horiei BiSKY Team taldeko kideak gehitu zitzaizkien joan den ikasturtean. Espaziora espaziontzi bat jaurtitzen duen unibertsitate bateko lehen taldea izateko lehian ari baitira, eta, momentuz, motor hibridoa duten espazioko jaurtigailuak sortzeko lanean ari den Estatuko bakarra da.

Beste batzuk, aldiz, ez dira hain ezagunak, baina harrigarriak eta garrantzitsuak dira hainbat jarduera-sektoretan, komunikazioetan, automobilgintzan, hegazkingintzan, industrian, eraikuntzan edo aisialdian, besteak beste. Horrela, fabrikazio automatizatuko planta pilotuen prototipoak, robot mugikorrak, helikopteroetarako kontrol-simulagailuak, hegazkin komertzialetarako aire-sorgailuak, haize-tunelak edo tanke batean olatuak sortzeko sistemak zelan diseinatzen eta eraikitzen diren ikusiko dute.
Bestalde, Portugaleten hainbat instalazio bisitatu ahal izango dira: itsasoko biziraupenarekin erlazionatutako jarduera praktikoak ematen diren segurtasuneko tailerra; ontzi baten energia sortzeko instalazio guztiak eraginkortasunez zelan kudeatu ikasten den makinen tailerraren funtzionamendua; edo aldi berean 5 itsasontzi gobernatzeko aukera ematen duen azken belaunaldiko nabigazio-simulagailua.

Enplegagarritasun handia

Bisitaldiak, titulazioen alderdi akademikoak ezagutzeko aukera emateaz gain, enplegagarritasun maila altua eta bakoitzarekin erlazionatutako lan-irteerak egiaztatzeko aukera emango die unibertsitate aurreko ikasleei. Gaur egun, industriako enpresa handien eskaera nagusietako bat espezializazio-maila handiko ingeniariak dira, eta ez dute eskolara joateko zalantzarik izaten, badakitelako bertan talentua eurenganatu dezaketela. Ikastetxearen ospea oso handia da, eta Everis fundazioak bere prestakuntza-eskaintza enpresen beharretara ondoen egokitu dutenetako bat dela aitortzen duen bere Unibertsitatea-Enpresa Rankig-eko lehenengo lekuetan jarri du. Horrek eragin handia du graduatuen artean enplegu-tasa handiak egotean.

Informazio gehiago: VILLAMANDOS COMUNICACIÓN – Itziar Villamandos
KOMUNIKAZIO AHOLKULARITZA ETA BILBOKO INGENIERITZA ESKOLAKO PRENTSA BULEGOA
Tel.: 657 796 583 villamandos@lvcomunicacion.com