Irakaslegaien ohartze eta ahalduntze soziolinguistikoaren indar biderkatzailea
Mikel Gartziarena San Policarpo (EHU) eta Rosa Ramos Alfaro (Uharri)
Zergatik Irakaslegaien Ohartze eta Ahalduntze Soziolinguistikoa?
Azken hamarkadetan hezkuntza esparru giltzarria izan da euskararen biziberritze-prozesuan, eta irakaskuntzak lortutakoa ezin da ulertu irakasleen urteetako konpromiso eta ahaleginik gabe. Etorkizunean ere horrela izan dadin, irakaslegaiek askotariko hiztunen ezaugarriak kontuan hartu eta eskola bakoitzaren testuinguru soziolinguistikoa egoki irakurtzeko gaitasuna beharko dute, horiek baitira ikasleen beharrei erantzuteko esku-hartzeak diseinatzeko ezinbesteko baldintzak.
Hezkuntzaren bidez euskaldundutako haur eta gazteek euskal hiztunen komunitatea kuantitatiboki eta kualitatiboki aldatu dute. Belaunaldi gazteenetan pisu handia hartu du gaztelaniaz euskaraz baino hobeki moldatzen diren hiztunen multzoak, baita irakasle izan nahi duten Unibertsitateko ikasleen artean ere.
Desoreka dago, beraz, irakaslegai ez guztien baina bai ugarien profilaren eta irakaskuntzak gero eta gehiago eskatuko dituen gaitasun soziolinguistiko eta komunikatiboen artean. Gure komunitate linguistikoaren hazkundeak ekarritako albo ondorio horrek baldintzatzen du irakaslegaien formazio guneetan egin behar den lana.
Testuinguru horretan Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusiak proposatu zion Mikel Laboa Katedrari EHUko Donostiako Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean bidea egiten hastea eta horrela jarri zen martxan Irakaslegaien Ohartze eta Ahalduntze Soziolinguistikoa proiektua (IGOA), Haur eta Lehen Hezkuntzako Graduetako ikasleen prestakuntzaren muinean eragin nahian.
Nolakoa da Hezkuntza Graduetako gaur egungo ikaslea?
2023ko ekainean abiatutako hausnarketan Donostiako Fakultateko irakasleek hezkuntza graduetako gaur egungo ikasleen argazkia osatu zuten eta, euskal testuinguruak eskatzen duen hezkuntzako profesional mota kontuan hartuta, kezkatzeko eta hobetu beharrekoen artean, honakoak azpimarratu zituzten:
- Kontzientzia soziolinguistikorik ezarengatik, irakaslegaiek ez dituzte ikusten minorizazio prozesuek hizkuntza komunitateetan eta horietako hiztunengan ezartzen dituzten baldintzak eta ez dira ohartzen esparru profesionalean izan beharko duten eragile funtzioaz.
- Orokortzerik ez badago ere, ikasle askok ez daukate lanbideak eskatuko dien hizkuntza gaitasun nahikorik. Hizkuntza gabeziak komunikaziorako trebetasun falta orokorrean kokatu behar dira.
- Erabilera diglosiko naturalizatua: irakasleari galdera euskaraz egin baina segidan taldekideekin gaztelaniaz jarraitu, esaterako. Irakasgaiekin zehazki lotuta ez dauden praktika linguistikoak gaztelaniaz izateak ez die laguntzen, bistan da, hobetu beharko lituzketen euskarazko komunikazio gaitasunetan trebatzen.
- Gaitasunari eta erabilerari dagozkien gabeziei euskarazko kulturaren ezagutza falta gehitu behar zaie: erreferente euskaldun gutxi eta euskarazko adierazpen kulturalekin lotutako bizipen gutxi. Beraz, salbuespenak salbuespen, kulturak eskaintzen dituen motibazioa eta mundu sinbolikoa urrun dauzkate.
Azpimarratu behar da ez dutela euskararen historia ezagutzen, ezta euskarazko hezkuntzaren historia ere, lanbidearekin erabat lotutako jakintzak izan arren.
IGOAren helburua, euskarazko hezkuntzak behar dituen irakaslegaiak
Zein da gradu amaieran orokortu beharko litzatekeen irakaslegaien profila? Fakultateko irakasleek honakoa adierazi zuten:
- Irakaslegaiak, lehenik, lantokia izanen duen eskolaren testuinguru soziolinguistikoa ulertu behar du, ulermena oinarrizkoa baita beharrezko esku-hartzeak egoki diseinatzeko; bigarrenik, hezkuntzaren funtzioez jabetuta eta ardura etikoz, hizkuntzei dagokien berdintasuna eta justizia soziala izan behar ditu ipar.
- Ezinbestekoa dauka egoera komunikatibo mota guztietan egoki moldatzeko gaitasuna, ahoz eta idatziz, testuinguru formaletan zein informaletan.
- Euskararekiko atxikimendu sendoa garatu behar du eta erabileran eredu izan: uneoro euskaraz, baita euskaraz zailtasunez egiten dutenei ere; hau da, euskaraz bizitzeko borondatea eta jokabidea izan behar ditu.
- Azkenik, belaunaldi berriko haurrak hiztun aktibo bihurtzeko eta haur eta gazteei hizkuntza eta kultura transmititzeko jarrera proaktiboa eskatu behar zaio; euskararen berreskuratze prozesuaren parte eta eragile sentitzea.
Hori guztia kontuan hartuta, zer baliabide, aukera eta testuinguru eskaini behar zaizkie Haur eta Lehen Hezkuntzako Graduetako ikasleei irudikatutako profesional onak izatera hel daitezen? IGOAk galdera horri begira zehaztu ditu bere helburu zehatzak, lau kategoriatan bilduta:
- Soziolinguistikaren ezagutza. Hizkuntza komunitate minorizatuko kide izateak ezartzen dituen baldintzez jabetu eta hobeki ulertu inguruko hiztunen jokabideak. Bestalde, norberaren hizkuntza jokabideak ezbaian jartzeko eta aldaketa prozesuak abiatzeko motibazioa lortu.
- Komunikazio gaitasuna. Biografia linguistikoaren arabera bakoitzak duen hizkuntza profiletik abiatuta, lanbideak eskatuko dizkien komunikazio gaitasunak eskuratu.
- Gaitasun kulturala. Irakasle direnean euskararekin lotutako kultura transmititu ahal izateko, aurretik euskararen mundu sinbolikoa, kulturala eta kokapen historikoa ezagutu.
- Ardura kolektiboa. Norbanakoaren ikuspuntua gainditu eta ardura kolektiboaz jabetu, ikaskideekin formazio urteetan eta, gero, lantokia izanen duen hezkuntza komunitateari begira.
Helburu zehatzak finkatu eta gero, IGOAk Haur eta Lehen Hezkuntza Graduetarako esku-hartzeak diseinatu zituen. Proposamena 2024-25 ikasturtean testatu da lehen aldiz, IGOA programaren lehen inplementazioan.
Lehen inplementazioa, 2024/2025 ikasturtean
2024-25 ikasturteko lana bi zutabe nagusiren baitan zedarritu da. Batetik, graduetako zenbait irakasgai baliatu dira IGOAren helburu kolektibo eta zabalak ikasgaietan lurreratu eta lan didaktikoan txertaturiko dinamikak eta jarduerak gauzatzeko. Bestetik, IGOAk Murgiltze Astea deritzona sortu eta inplementatu du, urte akademikoaren hasieran, astebetez, iritsi berriak diren gradu ikasleekin ohartze eta ahalduntze linguistikorako lanketa espezifikoa egiteko.
Aipatutako lehen zutabeari dagokionez, askotariko esku-hartzeak txertatu dira graduetako ikasgaietan, etorkizunean ibilbide akademiko osoan eragitea duen proposamenaren lehen hurbilketa gisa. Esku-hartzeak lau multzo nagusi hauetan bil daitezke:
- Ikasleen harrera eta sentsibilizazioa (irudiko kolore arrosa)
- Euskararen eta euskarazko hezkuntzaren historiaren ezagutza (kolore berdea)
- Practicuma, egoera soziolinguistikoa irakurtzeko gaitasuna (kolore horia)
- Kulturgintza, euskarazko kulturan aktiboki murgiltzea (kolore laranja)
Testu hau idazten ari garenean (2025eko apirila) IGOAren lehen inplementazioaren ebaluazioa egiten ari gara. Goizegi da, beraz, ondorio nagusiak azaltzeko. Fakultateko irakasle askorengan IGOAren inguruan sortutako elkarlanerako eta koordinaziorako gogoa aurrera begira egin daitekeen lan sendoaren seinalea da, baina orain arteko ibilbidean ikasitakoaz hausnartu behar da oraindik eta hurrengo urratsak adostu.
Goian aipatu dugun bigarren zutabe Murgiltze Astea, ordea, amaitu berritan ebaluatu zuen IGOAk, eta proiektu osoarekiko ikuspegian kokatzea falta bada ere, ikasleek betetako inkesten emaitzak aurkezteko moduan gaude.
Aipatu behar da lehen inplementazio proposamenean dagoeneko zenbait irakasgaitan egiten diren jarduerak jaso direla (Hezkuntza Museoa, Kike Amonarrizen mintzaldia eta Bizkarsoro filmaren eta Elbira dokumentalaren proiekzioak) IGOAren helburuekin bat egiten baitute
2024ko iraileko Murgiltze Astea LHko gradu ikasleekin
2024ko irailaren 9tik 13ra egindako Murgiltze Astean Lehen Hezkuntzako Gradura iritsi berriak ziren 150 ikaslek parte hartu zuten. Haiekin Fakultateko sei irakasle aritu ziren, 25 ikasleko taldeetan, egunean bost orduz, ohartze eta ahalduntze soziolinguistikoa helburu duten ondorengo proposamen didaktikoak aurrera eramaten:
- Lehen eguna: eskanerrak eta biografiak.
- Bigarren eguna: hizkuntza ideologiak.
- Hirugarren eguna: hizkuntza paisaiak.
- Laugarren eguna: euskarazko hezkuntzaren historia eta gaur egungo errealitatea.
- Eguna: hausnarketa sortzailea.
Murgiltze Astean zehar, norbanako lana eta taldekakoa tartekatu ziren. Teoria landu bazen ere, eta berau norberaren esperientziarekin erkatu, oro har, ludikotasuna, mugimendua eta pedagogia aktiboak lehenetsi ziren azken helburua ahalbidetzeko: euskararanzko muda linguistikoak laguntzea.
Murgiltze Astearen aurretik eta ondoren ikasleek betetako inkestek emandako datuak sei aldagairen bidez azalduko ditugu. Lehenengo laurek Murgiltze Astea hasi eta bukatzeko aldiak neurtzen dituzte (PRE eta POST grafikoetan), azken biek irakaslegaien iritziak eta balorazioak.
Lehen aldagaiak irakaslegaiek graduko lagun eta ikaskideekin izan nahiko luketen hizkuntza erabileraren maiztasuna jaso du (1. irudia). Grafikoak erakusten duen gisan, Gipuzkoako Kanpuseko LHko gradura datozen ia guzti-guztiek euskara erabili nahiko lukete maizen. Murgiltze Astearen ondoren, abiapuntu positibo horiek are handiagoak direla erakusten dute emaitzek, eta gaztelaniaz egiteko desira, aldiz, txikiagoa.
Bigarren aldagaiak hizkuntza kurrikularrak ikasteko motibazio maila neurtu du (2. irudia). Aurreko aldagaiarekin gertatu antzera, irakaslegaien abiapuntua oso positiboa da, izan ere, hiru laurdenak baino gehiagok euskara ikasteko motibazio handia erakusten du, ondoren erdiak ingelesa ikasteko motibazioa leukake eta apur bat beheraxeago gaztelania. Murgiltze Astearen ondoren, euskarari dagokion kopurua handitu da eta beste bietan mantendu.
Hizkuntza erabiltzeko motibazio mailaren aldagaian antzeko joera hauteman liteke euskararekin: abiapuntua oso ona izanik ere, hazkuntza jaso baita (3. irudia).
Mudantzarako aukerengatik galdetuta, Murgiltze Asteak %10eko hazkundea ekarri du hizkuntzak taldeak osatzerakoan duen zeresanaren ohartzean (4. irudia).
Hein berean, 5. irudian ikus daitekeen moduan, beste hainbeste jaso du “Unibertsitatea garai ona da neure burua aktibatu eta euskara gehiago erabili ahal izateko” bosgarren aldagaiak.
Astebete iraun duen esku-hartzeari begira, 10etik 9k baino gehiagok adierazi du euskara erabili duela maizen dinamiketan zehar (6. irudia).
Amaitzeko, gogobetetasuna eta balorazioa jaso zituzten erantzunek (1. taula) argiro adierazten dute Murgiltze Asteak harrera eta eragin bikaina izan duela ikasleen artean. Hiru dira bereziki azpimarratzekoak: bat, kideen artean elkar ezagutzeko baliagarri izan dela; bi, Unibertsitatean sarrera goxo bat suertatu izana; eta hiru, izandako hizkuntza-ibilbideari buruz hausnartzeko oso baliagarri izan zaiela.
Proiektua sendotzeko urratsak
Lehen inplementazioaren ebaluazioak etorkizuneko norabidea markatuko du. Goiz da, beraz, ezer finkorik esateko. Hemen, behin-behinean eta labur, IGOAren hasierako urratsak sendotzeko dagoeneko argi gelditu diren bi behar azalduko ditugu: proiektua egituratu eta zabaldu behar da, batetik, eta, bestetik, irakaslegaien gaitasun linguistikoa hobetzeko baliabideak lortu behar dira.
Lehenengoari dagokionez, IGOA instituzionalki finkatu eta Unibertsitatearen egituran errotu behar da, horrek bakarrik ekar baitezake Fakultateko irakasleen unean uneko borondatetik haragoko sendotasuna. Hori lortuta bilduko da nahiko indarra Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasle guztiengana heltzeko (Murgiltze Astea Haur Hezkuntzako Graduan ere eskaintzeko, adibidez) edo Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Masterrean ere lan egiten hasteko.
Irakaslegaien gaitasun linguistiko eta komunikatiboei dagokienez, berriz, esan behar da lehen inplementazioan IGOAk ez diela ikasleei gaitasun linguistiko eta komunikatiboetan trebatzeko baliabiderik eskaini. Gaia garrantzitsua da, kontuan hartu behar baita ikasleen frustrazioa ager daitekeela IGOAk proposatutako esku-hartzeen bidez motibazio eta atxikimendu linguistikoak areagotzen badira, aldi berean gaitasun komunikatiboak indartu gabe: 'nahi eta ezin' moduko bat. Ikasleek beren kabuz hobetu dezakete egun duten euskara maila, baina IGOAren helburua lortzeko askoz interesgarriagoa da ikasleen profilerako pentsatutako metodologian eta didaktikan oinarritutako euskara-eskolak eskaintzea. Berariaz diseinatutako saioek aukera hobea eskainiko lukete, batetik, hiztun gazteen profilean ohikoak diren akatsak eta gabeziak zuzentzeko eta, bestetik, irakasle gisa izan beharko dituzten gaitasun komunikatiboak lantzeko. Hortaz, irakasleak izango diren ikasleen profilari egokitutako programazioa eskaintzea lortzen bada, emaitza hobea izango da, eta handiagoa ikasleen asebetetzea.
Esan bezala, behar horiek eta ebaluazio sakonak erakutsiko dituen beste batzuk asetzearen baitan egonen dira proiektuaren jarraipena eta arrakasta. Merezi du, Irakaslegaien Ohartze eta Ahalduntze Soziolinguistikoak indar biderkatzailea izan baitezake; izan ere, etorkizuneko irakasleen esku egon daiteke azken hamarkadetan hizkuntza komunitatea ahultzen ari diren joerak norabidez aldatzeko giltzetako bat.