euskaraespañol

11.200 pertsona izan dira Unibertsitate Orientaziorako Azoka arrakastatsuan

Ikasleentzako Argibide Zerbitzua martxoaren 15tik 23era arte ospatuko diren Jardunaldi Irekiak prestatzen hasi da jada

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2024/02/13

Irudia
Unibertsitate Orientaziorako Azoka Donostian | Argazkia: Nagore Iraola

EHUazoka, Euskal Herriko Unibertsitatearen Unibertsitate Orientazioko Azoka, 11.200 bisitari hartu zituen guztira. Azoka Bizkaiko Campusean amaitu zen, Gipuzkoako eta Arabako Campusetatik igaro ondoren. Informazio-saioetan ere parte-hartzaile ugari izan zen. 14.100 plaza bete ziren, pertsona batzuk saio bat baino gehiagotara joan baitziren. EHUazoka Euskal Herriko Unibertsitateak antolatzen dituen orientazio-jardueren barruan kokatzen da, eta orientazio-aktibitate nagusia da. Horren bidez, unibertsitate publikoak orientazioarekin duen konpromisoa agerian jartzen da, unibertsitate aurreko ikasleek egingo dituzten titulazioak aukeratzerakoan erabakiak behar bezala hartzeko funtsezko tresna den aldetik.

UPV/EHUko errektore Eva Ferreirak zorionak eman ditu edizio honen garapenagatik: “Unibertsitateko ikasketak aukeratzea erabaki garrantzitsua da, eta ez da beti erraza izaten. Horregatik, unibertsitate ikasketak hobeto aukeratzen lagundu nahi die EHUazokak ikasleei eta aurtengo edizioak arrakasta handia izan du. Hemen gure gradu-eskaintzari, sartzeko prozedurari, tasei eta eska daitezkeen bekei buruzko informazioa eskaini da. Baina garrantzitsuena da fakultate eta eskoletako irakasleen eta etorkizuneko ikasleen artean harreman pertsonala eta hurbila dagoela, haien laguntzarekin zalantza guztiak argitzeko”. 

Euskal Herriko Unibertsitateko Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreorde Fernando Tapiak orientazio-jardunaldi horien garrantzia azpimarratu du. “EHUazoka funtsezko orientazio-jarduera da etorkizuneko ikasleentzat eta haien familientzat, aukera ematen baitie gure eskaintza akademiko zabalaren eta unibertsitateak eskaintzen dituen zerbitzuen ideia argia izateko, fakultate eta eskoletako arduradunen eskutik. Standetako arreta pertsonalizatuaren eta informazio-saioen bidez, ikasle izango denak orientaziorik onena jasotzeko aukera du, unibertsitate-ikasketak hautatzeko prozesuan funtsezko elementua baita. Horren erakusgarri da urtero jasotzen dugun bisitari kopurua handitzea".

EHUazoka Euskal Herriko Unibertsitateak urtero Sarbide Programaren barruan egiten dituen jardueren barruan kokatzen da, unibertsitate aurreko ikasleek beren ikasketak aukeratu aurretik ahalik eta informazio gehien izan dezaten. Programa horren barruan sartzen dira, halaber, unibertsitate aurreko ikasleek martxoaren 15tik 23era bitartean egingo diren Ate Irekien Jardunaldietan parte hartzea, eta unibertsitate aurreko ikasleek beren intereseko graduekin lotutako Jarduera Praktikoak egitea (ikasleek aktiboki parte hartzen duten eta titulazioei buruzko ezagutzak hobetzen dituzten unibertsitate-ikastetxeetan egiten diren jarduerak dira). Jarduera horiek maiatzaren 27tik ekainaren 21ra bitartean egingo dira.