FAQ

1.- Araudia eta Prozedurak

1.1.- Nire ikasleei jakinarazi diet nola egingo dugun irakasgaiaren ebaluazioa poste elektroniko bidez. Beste norbaiti jakinarazi behar al diot?

Bai. irakasgaien urruneko irakaskuntzarako egokitzapen guztiak, ebaluazio-metodoak, eta kalifikazioaren haztapenak barne, irakasgaiaren ardura duen departamentuak ezagutu eta onartu behar ditu lehenengo, ikasleei jakinarazi aurretik.

Giden egokitzapen horiek, edo irakaskuntza ez-presentzialeko plana, irakasgaiaz edo gaiaz arduratzen den ikastegiak edo sailak onartu beharko ditu eta, kasu guztietan, ikastegiak finkatutako irizpide komunak bete beharko dira; saileko irakasgaiei dagokienez, egokitzapenak tituluaz arduratzen den ikastegiari komunikatuko zaizkio, oniritzia eman dezan. Ikastegiak, behin Ikasleen Kontseiluari entzunda, egokitzeko beharra baloratuko du.

Onartutako egokitzapen oro ikasleei komunikatuko zaie eGelaren bidez (eta, hala behar bada, ikastegiak dituen beste bitarteko elektroniko batzuen bidez), behar besteko aurrerapenez eta, edonola ere, apirilaren 30a baino lehen.

1.2.- Zein neurritan dago goragoko kurtsoetako ikaslegoa lotuta etika akademikoari buruzko protokoloak dioenarekin?

Ikasle guztiak daude etika akademikoari buruzko protokoloak oinarri duen araudi akademikoari lotuta, beraz, nahiz eta ez izan aldez aurretik sinatua, dauden arauei lotuta: jokabide makur eta iruzurrezkoek “suspentso” kalifikazioa eragingo dute.

 

2.- Frogen egutegiari buruz

2.1.- Nire irakasgaian ebaluazioa azken azterketa baten bidez egiten da. Gainera 100 ikasle ditu matrikulatuta. Nire sailari eskatu ahalko nioke data atzeratzea azterketa ikastegian egin ahal izateko?

Printzipioz, ebaluaziorako frogak aldez aurretik horretarako ezarritako denbora epean burutu behar dira. Egutegi aldaketa soilik aurreikusten da izaera esperimentaleko irakasgaientzat, praktika klinikoentzat eta kasu berezientzat. Horretarako eskaera irakasgaiaren ardura duen sailak (edo ardura berea balitz, ikastegiak) behar bezala argudiatu eta bidali beharko du Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko Errektoreordetzara, dagokion Batzordeak (gradukoak edo graduondokoak) azter eta onar edo bazter dezan. Kasu hauetan ere, eskaera ebaluazioa urrunetik eta online egiteko proposamen batekin bidaliko da, data iritsita, frogak ikastegian egitea ezinezkoa balitz beste aukera bat izateko. 

2.2.- Nire irakasgaiaren azken azterketa egiteko ikastegiak esleitu didan data erabili behar dut derrigorrean urruneko azken azterketa egiteko?

Bai. Ikasleek eGela plataforman aldibereko frogak eginbehar badituzte, froga hauek ezarritako egun eta ordutegian egin behar dira.

2.3.- Frogak kalifikatzeko eta emaitzak argitaratzeko epeak aldatuko dira?

Ez da aldaketarik aurreikusi, beraz, araudiak ezartzen dituen epeak mantentzen dira.

3.- Deialdiei buruz

3.1.- Behartuta nago azterketa online egitera azterketa lehen lauhileko irakasgai baten ezohiko deialdikoa bada?

Onlineko probak egin daitezke irakasgairako ezarri diren ikaskuntza emaitzak ebaluatzeko, kontuan izanda osasun egoeraren ondorioz agian ez dela posible izango proba horiek modu presentzialean egitea. Hala ere, ikusi egin beharko da nola doan aurrez aurreko jarduerara itzultzeko plana, eta probak nola egin erabakitzeko eta antolatzeko.

3.2.- 5. eta 6. deialdian dauden ikasleak. Nola egokitu behar da ebaluazioa? Egoera berezi hau aintzat hartu behar da?

Beste ikasleentzat ezarriko diren baldintza beretan egin behar da. Baina kasu honetan, saileko hiru irakaslek osatzen duten epaimahai batek ebaluatuko du froga, eta froga horrez gain, kontuan izango ditu ikaslearen ibilbide akademikoa eta ikasleak izan ditzakeen bestelako baldintzak. 

4.- Urruneko ebaluazio metodologiak

4.1.- Egokitzapenean posible izango litzateke aurretik ebaluatu diren zeregin batzuei hasiera batean zegokiena baino puntuazio altuagoa ematea? Eta ez zutenei ematea?

Egokitzapenak beti ere ikasleentzat kaltegarriak izango ez diren moduan egin behar dira. Adibidez, froga baten haztapena aldatuko bada, froga hori egin ez edo nahikoa ongi egin ez duten ikasleen aurka joko ez duen moduan egin beharko da. 

4.2.- Zein da galdera laburrak, testak, kasu klinikoak edo problemak nahastuta dituen froga bat egiteko tresnarik egokiena?

Galdera-zeregin mota bakoitzarentzat tresnarik egokiena erabiltzea litzateke hoberena. eGelan dauden tresnen artean daude: Galdetegia, galdera mota askorekin, irekiak direnak ere tarteko (entsegua motakoak). Bideo hau ikustea gomendatzen dugu: https://youtu.be/9SbD022642M

4.3.- Azterketak apunte edo liburuekin egin daitezke?

Bai. Horrelako frogak prestatzeko aholkuak aurkituko dituzu hemen: .“Open book exams:  Prepared by Michelle Schwartz, Educational Developer, for the Centre for Excellence in Learning & Teaching, Ryerson University”, https://www.ryerson.ca/learning-teaching/

4.4.- Zer aukera dago arkatzarekin paperean egiten diren moduko ariketak (matematika, fisika, kimika,…) dituzten azterketak urrunetik egiteko?

Ikasleak ez badauzka honelako dokumentuak editatzeko baliabide propioak, paperean egin beharko ditu eta eskaneatu edo argazki bat atera eta eGelara igo. Ariketa multzo bat erabiltzea gomendatzen da, ikasleei ausaz egokitu, eta audio edo bideo bat ere igo dezaten eskatzea ariketa nola egin duten azalduaz.

4.5.- Laborategiko-ordenagailuko-landako praktikak edo tailerrak, nola ebalua daitezke?

Ikasleek zeregin horiek burutu ahal izan badituzte, nahikoa izan daitekeen neurri batean behintzat eta egindakoaz txosten bat eman badezakete, beste zeregin batzuekin osatu ahalko litzateke (simulazioak, bideoak ikustea, datuen analisia ondorioak ateratzeko,…), eta hauek ere ebaluatu. Era berean, urruneko azterketa batekin osatu ahalko lirateke, oinarrizko ikaskuntza emaitzak lortu direla bermatzeko.

Zeregin horien gutxienakoa egitea ezinezkoa izan bada, eta ez badago ikasleek urrunetik egin ahalko luketen beste jarduera batzuekin ordezteko modurik, hurrengo ikasturtearen hasieran beste erlazionatutako irakasgai batean burutu ahalko liratekeen jarduerekin osatzea baloratzea gomendatzen da, horietan programatzerik balego (koordinazio bertikala)

4.6.- Unibertsitateak plagioa detektatzeko programa bat duela entzun dut. Zer egin behar dut erabili ahal izateko?

Bai. TURNITIN plagioaren aurkako sistema erabili nahi baduzu, 'antiplagio.bib-uni@ehu.eus' helbidera posta elektroniko bat bidali behar duzu erabili ahal izateko baimena lortzeko. Posta horretan zure izen osoa, zure Unibertsitateko posta elektronikoa eta irakaskuntza ematen duzun ikastegia adierazi behar dituzu.

5.- Urruneko frogak egiteko eremu eta baliabideak

5.1.- Zein nolako baliabide telematikoak erabili ahal ditut urruneko probetan? 

eCampusek, nagusiki eGelaren bidez, unibertsitate komunitatearen eskura jartzen dituen baliabide telematikoak erabili behar dira. Baldin eta, salbuespenez, beste baliabide osagarriaren bat erabili beharko balitz, ikasleekin aldez aurretik adostuta egon behar du. 

5.2.- Komenigarria al da ikasleekin tresna hauek frogatzea azterketak baino lehenago treba daitezen? Edo gauzak gehiegi erraztea litzateke?

Bai, batez ere ikasle guztiek froga sinkronoak urrunetik eta online egiteko baldintza egokiak dituztela egiaztatzeko. Honela, euskarri teknologikoan egon litezkeen arazoak hautemateko aukera izango dugu eta gainera ikasleei laguntzen die proba mota jakin batekin ohitura hartzen.

5.3.- Ahozko probak edo lanen aurkezpenak grabatu ahal dira?

Frogak graba daitezen eskatzea ikasleen eskubidea da. Hori dela eta, ikasleei eskaini beharko zaie aukera hori froga hasi baino lehen. Ahotsa grabatuko da eta ez irudia, nahi ez badute.

Honelako ahozko frogetan audioa grabatzea gomendatzen da, eta audio horiek gutxienez aktak itxi arte gordetzea, erabilgarriak izan baitaitezke ikasleei feedbacka emateko eta baita kalifikazioen errebisioa egiteko ere. 

5.4.- Ikasleei eskatu ahal zaie froga bat egiten ari diren bitartean, kamera eta mikroa aktibatuta izan ditzaten? 

Kamera eta mikroa konektatzeko eskatu ahal zaie pertsonaren identifikazioa burutzeko edota probaren beraren jarraipena egiteko. Halere, ahozko proben kasuan izan ezik, ezin izango da grabaketarik egin.

5.5.- Nola argitu ahal zaizkie beren zalantzak ikasleei froga bat egiten ari diren bitartean?

Gomendagarria da ikasleekin komunikazio bideak ezartzea frogak egiten ari diren bitartean zalantzak argitzeko, adibidez: eGelan eskuragarri daudenak, poste elektronikoa, BBC, telefonoa,…

5.6.- Zer egin behar du ikasle batek froga burutzen ari den bitartean lotuneak huts egiten badio?

Internetera konektatzeko beste tresna edo moduren bat baduzu, sakeleko telefonoa, adibidez, irakasleekin harremanetan jar zaitez ahalik eta lasterren: Blackboard Collaborate bidez, aktibo badago, posta elektronikoz, ….

Ez badaukazu internetera konektatzeko modurik, dei egizu telefonoz Erabiltzailearentzako Arreta Zentrura (EAZ-CAU) 945014400 telefonora dei eginez eta intzidentzia bat jar ezazu zure datuak eta irakasgaiarenak adieraziz. Irakasleek jazo den arazoaren berri eduki bezain pronto, zurekin harremanetan jarri eta nola bideratu esango dizute.

Une horretan bertan arazoa konpontzerik ez balego, honek eragin lezake ikasleen ebaluaziorako arautegiak 25. art, d) atalean doienaren arabera, salbu eta ustekabeko arrazoiengatik, probak egiteko beste egun bat izendatzea.

5.7.- Zer gertatzen da irakasle batek web kamera edo mikrofono batekin zure burua identifikatzea eskatzen badizu eta ez badaukazu horrelako gailurik?

Akademia araudiaren arabera, ebaluazio proba egiten ari den bitartean irakasleek ikasleei beren burua identifika dezaten eskatu ahal diete.

Nola egin daiteke:

  • Une batez ordenagailuaren kamera konpartituz
  • Webkamerarik ez duten ikasleek bere sakeleko telefonoaren edo tabletaren kamera eta mikroak erabil ditzakete. Horretarako aldez aurretik, bai gailu horretan, bai ordenagailuan, honako gune honetan adierazten diren aplikazioetako bat instalatu beharko duzu: https://www.ehu.eus/ecampus/aplikazio-gomendatuak#HerramientasparalaDo1

6.- Kanpoko Praktikak, GRAL eta MAL

6.1.- Kanpoko praktikak egiten jarrai daiteke?

Bertaratzea behar duten kanpoko praktika kurrikularrak bertan behera gelditzen dira. Bertaratzerik behar ez duten kanpoko praktikak mantentzen dira (praktika batzuek bere formakuntza proiektua egokitu dute bertaratzerik behar ez duten jarduerak programatuz) Formakuntza dualari dagokionez, kontratua duten kasuetan, enpresarekiko harremana beste langileena bezalakoa da.

6.2.- Zer egin dezakegu gradu amaierako edo master amaierako lana esperimentala bada?

Gradu amaierako edo master amaierako lanak izaera esperimentala badu, eta bere garapena laborategietara beste tokietara fisikoki bertaratzeko ezintasunak oztopatzen badu, gomendatzen da, ahal den neurrian, gaia bertaratzeko beharrik ez eta izaera teorikoago bat duten lanetara egokitzea. Hau posible ez balitz, defentsa atzeratzeko aukera baloratu beharko da, egoerak lan horiek baldintza normaletan burutzea baimendu arte. Kasu hauetan ikastegiek defentsarako epeak malgutu beharko dituzte, ikasleei deialdien edo kurtsoaren galerak eragindako kalterik ez egiteko.

6.3.- Gradu amaierako lanen, master amaierako lanen eta doktoretza tesien defentsak egin daitezke bertaratzeko irakaskuntzaren etenaldia indarrean dagoen bitartean?

GRALen kasuan, Graduko Batzordeak ahalbidetu du, martxoaren 13az geroztik, aurkezpena eta defentsa bideokonferentzia bidez edo beste on-line izaerako baliabideen bitartez egitea, ikastegiak ezartzen dituen baldintzetan.

Master ofizialetan, MALen defentsarako araudiak, aurkezpena eta defentsa bideokonferentzia bidez edo beste on-line izaerako baliabideen bitartez egitea ahalbidetzen du. Epaimahaiak antolatuko, ezarriko eta jakinaraziko dizkie ikasleei eta titulazioaren ardura duen ikastegiari frogaren nondik norakoak. Berezko masterren kasuan, MALak borondatezkoak dira. Bere Batzorde Akademikoen arduradunek egoki deritzen aurkezpen moduak hautatu ahal izango dituzte, ikasleei eta ardura duen ikastegiari jakinaraziz.

Doktoretza tesiei dagokienean, ezarri beharko da 2020ko martxoaren 10eko erabakia, UPV/EHUko Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordearena, COVID-19 birusaren epidemiari eusteko errefortzu neurrien eragina jasan duten doktorego tesien defentsaren ingurukoa.

Edozelan ere, defentsa bertan egitea ez da posible etenaldiak dirauen bitartean.

6.4.- Zer epe dago GrALen eta MALen aktak ixteko? 

Lanen defentsa 2019/20 ikasturtearen barruan ezartze aldera, kontuan hartu beharko da materia hauetan matrikulatuta dagoen ikaslegoak bere espedientean izan beharko duela kalifikazioa 2020ko urriaren 31 baino lehen, Gradu Amaierako Lana egin eta defendatzeari buruzko arautegiak Master Amaierako Lana egin eta defendatzeari buruzko arautegiak diotenaren arabera.

7.- Doktoretza Tesiak

7.1.- Amaituta dagoen Doktoretza tesi bat depositatu daiteke?

Bai. Izapide hau modu telematikoan UPV/EHUren egoitza elektronikoko erregistroaren bidez egin ahal izango dela aurreikusten da.