euskaraespañol

Redes sociales campusa

EHUk ikerketan eta transferentzian bere lidergoa sendotu du 2024an, bultzada handia emanez doktorego tesiei eta nazioarteko lankidetzari

Unibertsitatearen ikerketa-jarduerak gora egin zuen kalitateari, nazioartekotzeari eta zientzia-, teknologia- eta enpresa-ingurunearekiko loturari dagokienez

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2025/07/15

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) emaitza oso positiboekin itxi zuen 2024. urtea, ikerketaren eta ezagutzaren transferentziaren arloan. Urtean zehar, guztira 546 doktoretza-tesi defendatu ziren, erakundearen ikerketa-jardueren bolumena islatzen duen kopurua. Bereziki nabarmentzekoak dira nazioartean aipamena zuten 268 tesiak, bai eta enpresekin edo bestelako erakunde ez-enpresarialekin lankidetzan egindako 230 tesiak ere. Bi kasuetan aurreko urtearekin alderatuta igoera nabarmena izan baita.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearekiko (ZTBES) lankidetzari dagokionez, EHUk 326 tesi zituen prestatzen, Bikaintasuneko Euskal Ikerketa Zentroekin (BERC) batera zuzenduta, eta 645 BERC ez den sareko beste eragile batzuekin batera zuzenduta. Datu horiek unibertsitateak bere ingurune zientifiko eta teknologikoarekin lotutako ikerketa kolaboratiboaren aldeko apustua sendotzen dute.

Ekoizpen zientifikoa eta ezagutzaren transferentzia

2024an, EHUk ‘h 336’ indizea lortu zuen, Web of Science (WOS) atarian indexatutako aldizkarietan argitaratutako artikuluen arabera, aurreko urteko zifra gaindituz (308). Datu horrek ikertzaileen ekoizpen zientifikoaren nazioarteko maila eta ikusgarritasuna islatzen ditu, eta bere esparruan lan garrantzitsuak sortzeko gaitasuna erakusten du.

Industria-jabetzaren arloan, EHUk 84 patente edo lizentzia zituen ustiapenean, titulartasun propiokoak edo modu erabakigarrian esku hartu zutenak. Gainera, 2024an 52 patente-eskaera aurkeztu ziren Europan (EPO) eta nazioartean (PCT). Lizentzien eta patenteen ondorioz sortutako diru-sarrerak 255.000 eurokoak izan ziren.

Bestalde, kanpoko eragileekin egindako kontratupeko diru-sarrerak 13,9 milioi eurora iritsi ziren, eta bizialdi osoko prestakuntza-jarduerek 2,68 milioi euroko ekarpena egin zioten  EHUren diru-kutxari, bi kasuetan aurreko ekitaldiarekin alderatuta gehikuntzekin.

Nazioarteko proiekzioa eta ekintzailetza

EHUk 12,55 milioi euroko itzulera lortu zuen nazioarteko ikerketa-deialdietan, hala nola Horizon Europe edo izaera lehiakorreko beste batzuetan. Guztira, unibertsitateak 53,57 milioi euro bildu zituen ikerketari laguntzeko deialdi lehiakorretatik.

Ekintzailetzaren esparruan, EHUk 44 spin-off berri sortzea sustatu zuen urtean zehar, eta horrek  unibertsitatetik bertatik sortutako oinarri zientifiko eta teknologikoko enpresa-ekimenak bultzatzen jarraitzen duela erakusten du.

Datozen urteei begira, EHU ikerketaren arloan erronka berriei egingo die aurre, estrategia argi eta partekatu batekin. III ikerketa eta transferentzia planak 2024-2027 lehentasun hauek ezartzen ditu: nazioarteko proiekzioa indartzea, gizarte- eta zientzia-eragileekin aliantzak sendotzea eta ezagutzaren transferentzia gizarterantz eta ehun produktiborantz bultzatzea. Unibertsitateak bikaintasuneko ikerketaren aldeko apustua egiten jarraituko du, gizartearen erronka handiekin konektatuta, Garapen Jasangarrirako Helburuekin lerrokatuta eta lankidetza irekian, diziplinartekoan eta bere ingurunearekin konprometituta oinarritutako eredu batekin.

Ikerketa-erreferente

ZIentzia eta Teknologia Fakultateak (ZTF-FCT), testuinguru honetan, EHUko ikerketa-jardueraren ardatz nagusietako bat izaten jarraitzen du. 2021 eta 2023 bitartean, 2.437 artikulu zientifiko argitaratu zituen JCR aldizkarietan, horietatik 59k hirurtekoan 50 aipamen baino gehiago jaso zituzten, eta 39 patente sortu ziren. 775 ikertzailek osatutako taldeak 636 proiektu gidatu zituen, 335 kontratu sinatu zituen enpresekin eta 269 doktoretza tesiren defentsarekin ikertzaile berriak trebatu zituen.

Fakultateak, gainera, 6 startup sortzea bultzatu zuen eta European Research Council (ERC) erakundearen 2 laguntza eskuratu zituen. Nabarmentzekoa da Teófilo Rojo katedradunari egindako aitortza: bere lana munduko %1 aipatuenen artean baitago.