Gizartea zein neurritan eraldatzen den eta erabakiak hartzeko, hala nola, politika sozialetan zertan laguntzen duen ezagutzeko metrika berriak behar dituen balioa da ikerketaren inpaktu soziala
Europako proiektuek eskatzen dute unibertsitatean egiten den ikerketak esparru akademikoa gainditzea
Unibertsitate ministro ohi Joan Subirats eta ANECAko zuzendaritzako kide Irene Ramos bat etorri ziren ebaluazio zientifikoko sistemak birpentsatu beharraz, eragin soziala benetan txertatzeko
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2025/12/17
"Ikerketa-jardueraren gizarte-onura balio eta aintzatespen handiagoa hartzen ari da", adierazi zuen Irene Ramosek, ANECA Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionaleko zuzendaritzako kideak, joan den astelehenean, Zientzia eta Teknologia Fakultateko Paraninfoan egindako mahai-inguruan. Ugo Mayor EHUko Inpaktu Sozialeko zuzendariak moderatuta, "Eragin soziala: kalitate zientifikoaren adierazlea" gaiari buruzko topaketa batean parte hartu zuen Ramosek, Joan Subirats unibertsitateetako ministro ohiarekin batera. Joxerramon Bengoetxea errektoreak inauguratu zuen saioa, eta hasieratik aipatu zituen gizarte-inpaktua neurtzeko eta protokolarizatzeko erronka handiak dituen arren, "interes handia eragiten digu, ez bakarrik gizartearen bizi-baldintzak hobetzeko dugun bokazioagatik, baita gizartean zer nolako translazioa izango duen ezagutzeagatik ere".
Baina nola neurtzen da onura sozial hori? Zer mekanismo dituzte ebaluazio-agentziek eta politika publikoen arduradunek baloratzeko jarduera zientifiko horrek gizartean duen eragina eta sortzen duena? Horiek izan ziren EHUko Inpaktu Sozialeko zuzendari Ugo Mayorrek mahai-inguruaren hasierako egindako lehenengo galderak.
Neurketa horretan balioko duten parametro egokietan lan egiteko beharraren alde egin zuten Ramosek eta Subiratsek. ANECA jada ari da egiten 2023ko erreformaz geroztik hori eta sei-urtekoen kasuan, esaterako, arlo akademikotik harago, ikerketa horrek dakartzan onurak ere hartzen dira kontuan. Ildo horretan, Subiratsek azpimarratu zuen Europan ere eztabaida bat sortzen ari dela, ezagutzaren transferentzia nola indartu planteatzen duena. "Ikerketaren ebaluazioaren erreformak nazioartean gertatzen ari diren aldaketen isla dira, eta aldaketa horrek profil, testuinguru eta ikerketa-ibilbide gehiago bultzatuko ditu eta ari gara dagoeneko aldaketa horien ondorioak ikusten", adierazi zuen Ramosek. Hala, Subiratsek azpimarratzen zuenez, "argitaletxe gutxi batzuek erabat hartutako eskeman harrapatuta gaude. Funts publikoetatik ordaintzen da ikerketa, emaitzen argitalpena eta emaitzetara sarbidea irekia izateagatik; sistema biziatua dago". Eta datu batzuk ere aipatu zituen; aldizkari zientifikoetan argitaratutako artikuluen kopurua laukoiztu egin da azken hamarkadetan: 2002ko 1,1 milioitik 2024ko 4 milioira igaro gara, "duten eraginaren berririk izan gabe". "Egungo sistemaren hondatze-maila oso handia da, eta azaldu ezin diren egoerak erakusten dizkigu (hala nola, batzuek astean hiru artikulu argitaratzea, eta Emirerrietatik egindako fitxaketak ikustea). Urte asko generamatzan hondatzen prozesuan", laburbildu zuen.
Baina nola iritsi gara honaino?, galdetzen zion bere buruari ministro ohiak. “Neurtzea errazagoa dena neurtzearekin du zerikusia. Kudeaketa publikoaren egitura osoak estatu ebaluatzailearen ideiaren alde lan egin zuen, eta ranking terminoetan pentsatu zen unibertsitateak alderatzeko: erabilgarria da, baina ez da gauza bakarra unibertsitateen, sailen eta abarren arteko konparaziorako. Alderaketa errazak ahalbidetzen dituen sistema horrek guztiak ez du balio publiko guztia barne hartzen. "Neurtzen den hori garrantzitsua den bakarra ote den" galdetzeari utzi dio. Horregatik, "balioaz hitz egiten dugunean metrika klasikoetatik haratago beste dimentsio batzuk txertatzeko gai izan behar dugu", aldarrikatu zuen.
ANECAko zuzendaritzako aholkulariak azaldu zuenez, "hainbat adostasun ezarri dira inpaktua atzemateko dauden zailtasunen inguruan: sortzen duzun zer horren translazioa; emaitza emateko beharrezko denbora-tarteak eta testuinguruaren garrantzia". Eta zailtasun horien aurrean hainbat erreforma egin direla azaldu zuen. Izan ere, "Europan nabarmendu da emaitza zientifikoek ez dutela berezko baliorik per se; akademiatik kanpoko eragileek ezagutza hori nola erabiltzen duten baizik. Aktorearen arabera, unea edo testuingurua aldatu egiten da ", zehaztu zuen. Horregatik, balio horretara nola iritsi den azaltzen duten beste joera batzuk erabiltzen ari direla esan zuen, hala nola "justifikazio-narrazioaren berezitasuna" zeinak ikerketaren arduradunari aukera ematen dion, metrikaz harago, ikerketa-lanean nola eragin duen edo gizartean nola eragin nahi duen azaltzeko.
Nolabait, inpaktu sozialaren neurketak Subiratsek "tunel efektua" deitu zuen horretatik ateratzea ahalbidetuko luke. "Prozesuan deformazioa dago, ikertzaileak ez direlako dagokien ikerketa-eremuan aritzen; aitzitik, aldizkarietan ‘egoteko’ errazagoa den horretan lan egiten saiatzen dira; eta nolabaiteko kontraesana dago interesaren eta jakin-min zientifikoaren eta emaitzak lortzeko beharraren artean", zioen.
Arlo zientifiko eta politikoa
Ez da eztabaida berria inpaktu sozialaren ingurukoa. Europan lanean ari dira gizarte-politiketan ikerketek duten eragina zein den jakiteko. Beharrezkoa da paradigma-aldaketa hori, zioen Subiratsek, "erabaki publikoen eremuak ebidentziekin, argudioekin eta konbentzitzeko gaitasunarekin lan egiten duelako". Arlo zientifikoaren eta politikoaren arteko lankidetza beharrezkoa dela adierazi zuen. Esparru zientifikoak erabaki politikoak hartzeak dakarren konplexutasuna jaso behar du, eta esparru politikoak, berriz, ebidentzia zientifikoa erabakiak hartzerakoan, "ze egia zientifikoa egia demokratikoa dela bezain erraza balitz erabakiak zientzialariek hartuko lituzketela". Subiratsek aitortu zuen erabaki politikoak konplexuak direla, eta "ebidentzia zientifikoen parte-hartzea" behar dutela, "bi aldeetako eragileak inplikatzen dituen dinamikarekin". "Europako proiektuek eskatzen dute gure ikerketak esparru akademikoa zeharkatzea, baina gero ez du islarik irakasleentzako ebaluazio-prozesuetan; zer geratzen zaigu egiteko unibertsitatetik eskatzen denaren eta baloratzen denaren arteko disoziazio hori zuzentzeko?", galdetu zuen Mayorrek. Ramosek gogorarazi zuen ANECAren azken erreformetan prozedura-aldaketak eta irakasle-kidegoetako akreditazioak sartu dira. Hala, sei-urtekoen balorazioan eragin zientifikoaren zatiak % 60 zenbatzen duela azaldu zuen, eta ekarpenen kalitateari eman zaiola garrantzia. "Horrek, eta narrazio eta zantzu zabalagoak aurkezteak, eragin soziala baloratzeko erabil daitezkeen metrikak adosteko balioko lukete", laburbildu zuen ANECAko ordezkariak.
Bi txostengileek interes-taldeak ikerketa-prozesuetan inplikatzeko beharra defendatu zuten, "aliatu bihurtu, unibertsitatetik sortzen diren ebidentzien hartzaile izan daitezen ", adierazi zuen Subiratsek eta zehaztu, "politika publikoak eraginkorragoak ez badira, defizit demokratikoak behera egiten du; izan ere, demokrazia ez da soilik 4 urtean behin bozkatzea; defizit demokratikoak politiken eraginarekin du zerikusia. Ez da unibertsitateen berariazko arazoa, esparru zabalago batetik ulertu behar dugu ". Ramosen iritziz, orain arteko "rol hartzaile" huts izateari utzi eta ikerketa arazoen prozesu eta definizioen parte izatera pasa beharra dago, “ko-sortzaile” izateko. Esparru publikoetatik jarduteko tartea dago parte-hartze hori sustatzen jarraitzeko: “pizgarriak, ikerketa parte-hartzailea bilatzen duten finantzaketa-programak eta ikerketarako espazioak sortzen dituztenak, horietan hainbat eragile konektatu ahal izateko, arlo publikotik arlo zientifikoa erabil dadin ". Izan ere, ondorioztatzen zuenez, "konplexua izango litzatekeen arren, onuradunak identifikatzea izan liteke modu bat esku har daitekeen osagaiak aitortzeko”.
InpAkta
Mahai-ingurua amaituta, EHUko Inpaktu Sozialeko zuzendariak iragarri zuen urtarrilean argitaratuko dela InpAkta aldizkariaren lehen zenbakia. Iaz aurkeztu zen haren zero zenbakia. Jakintza-arlo guztiak barne biltzen eta sarbide irekia duen diziplina anitzeko aldizkaria da; eta EHUk babestuta Akitania, Euskadi eta Nafarroako Euro-eskualdeko erakunde akademiko eta zientifiko nagusiekin lankidetzan egiten da. Ikerketa originalak eta gizartean eragina duten lanak argitaratzen dira InpAktan.
