Minbiziak gizarte osoari eragiten dio zuzenean edo zeharka eta, horrexegatik, gaixotasun honen inguruko ikerkuntzak ere horren zerbitzura egon behar du. Helburu horrekin, Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkarteari (AECC Bizkaia) lotutako 40 pertsonako talde batek (19 paziente, 17 boluntario eta 4 ordezkari) Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) Bizkaiko Campusa bisitatu zuen joan den ostiralean, urriaren 3an, minbiziaren aurkako borrokan nola lan egiten den gertutik ezagutzeko.
Minbizi pazienteek gaixotasuna ikertzen ari diren laborategiak bisitatu dituzte
Minbiziaren aurkako Elkarteko kide batzuk Bizkaiko Campuseko bederatzi talderekin bildu ziren haien lana gertu-gertutik ezagutzeko
- Erreportajeak
Lehenengo argitaratze data: 2025/10/09
Ikerkuntza Gizartean Zabaltzeko Zuzendaritzak antolatutako topaketan, Zientzia eta Teknologia Fakultateko, Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko eta María Goyri Ikerkuntza Zentroko ikerketa onkologikoko bederatzi taldek beren lan ildoak, metodoak eta aurrerapenak partekatu zituzten, esperientzia pertsonaletik edo profesionaletik, gaixotasun horrekin bizi direnekin. 50 ikerlarik baino gehiagok hartu zuten parte modu aktiboan dibulgazioaz harago joanda, bokazio sozial gisa zientziaren aldeko apustua egiten duen ekimen horretan.
Fernando Plazaola Zientzia eta Teknologia Fakultateko dekanoak bisitaren hasieran azaldu zuenez, “ikerkuntza funtsezkoa da minbiziaren aurkako borrokan aurrera egiten jarraitzeko. Gaur egun diziplina anitzekoa da eta mediku, biologo, biokimikari, fisikari, matematikari edo ingeniarien elkarlana eskatzen du. Gizarte osoa inplikatzea behar dugu”. Horrekin lotuta, Plazaolak gogorarazi zuen gaixotasun horrek Estatu osoko heriotzen % 26,6 eragin zuela 2024an. “Ikerkuntzari esker, kimioterapiaren edo erradioterapiaren moduko tratamendu agresiboak pertsonalizatu egin dira, eraginkorragoak izan daitezen. Hala, ikuspegi berriak sortu dira, hala nola immunoterapia, hormonoterapia edo terapia gidatua”, nabarmendu zuen.
Natalia Burgos Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko dekanordeak ere azpimarratu zuen minbiziaren aurkako borrokan garrantzitsua dela zientzia eta gizartea elkartuta izatea. “Pazienteak bere eguneroko bizitza berreskuratu behar du, eta horretarako ikerkuntza, arreta klinikoa eta laguntza emozionala batu behar ditugu”.
«Garrantzitsua da zientzia gizatiartzea»
Ongietorria eman ostean, taldea banatu egin zen laborategiak bisitatzeko. Inplikatutako bederatzi taldeetako ikertzaileek modu ulergarri eta hurbilean azaldu zituzten garatzen dituzten lan ildoak: diagnostikorako estrategia berriak, terapia pertsonalizatuak eta minbiziaren jatorri molekularrari buruzko azterketak, besteak beste. Bertan erabiltzen diren tresna eta gailuak erakutsi zizkieten, eta higiene eta babes egokiaren garrantzia azpimarratu zuten.
Aztarna uzten duen topaketa
Iaz ere egin zen jarduera hau, eta oso harrera ona izan du, dibulgazio balioa eta gizatiarra bateratzen dituelako, eta minbizia ikertzen dutenen lana bistaratzen duelako. Ikertzaileentzat aurrera jarraitzera bultzatzen dituen motibazio pertsonala dela esan dezakegu eta, aldi berean, egunero minbiziaren aurka borroka egiten duten pertsonek eta senideek aurrera jarraitzeko egiten duten ahalegin zientifikoaren lagin txiki bat bertatik bertara ikusteko aukera dute.
“Laborategiko lana zenbaitetan hotza izan daiteke, baina era honetako topaketek gogorarazten digute zergatik ari garen egiten ari garena egiten”. Halaxe azaldu zuen Kendal Alfaro Jiménezek, Patricia Aspichuetak zuzentzen duen taldeko ikertzaileak, eta bigarren aldiz ekintza honetan parte hartu duenetako batek.
“Haien ideiak hobeto azaltzeko eta gure ideiak birpentsatzeko lagungarriak dira. Ikuspegi gizatiarragoa izateko erabilgarriak dira”, aipatu du Verónica Torranoren taldeko María Sydorenkok. Hain zuzen ere, prostatako minbiziari buruzko ikerkuntza garatzeko 2024an AECC Bizkaiak emandako doktorego aurreko bi laguntzetako batekin saritu zuten.
«Etorkizuneko medikuntza gaur egungo ikerkuntza da»
Gainera, bertaratutakoen talde txiki batek esperientzia oso aberasgarritzat jo zuen; izan ere, haien hitzetan, “gure alde nola lan egiten duten ikusteak, haien proiektuak ezagutzeak eta ikertzaileekin zuzenean hitz egiteko aukera izateak gure iritzia aintzat hartzen dutela eta laguntza ematen digutela sentiarazten digu”.
Itxaropena eraikitzen duten iritziak
Jardunaldian zehar jasotako adierazpenek agerian uzten dute ikerlarien eta gaixotasuna bizi dutenen arteko hartu-emanaren balioa. Ikertzaile gazteak, hainbat azterketa ildo eta ikuspegi desberdinetakoak, bat etorri ziren helburu honekin: garrantzitsua da zientzia gizatiartzea.
“Pazienteak, senideak eta ikertzaileak bateratzeak ikuspegi ezberdinak eta guztion artean komunikatzeko aukera eskaintzen digu”, azaldu zuen Torranoren taldeko ikerlariak, Paula Alonsok.
Bestalde, Aspichuetaren taldeko Estibaliz Castillerok hau nabarmendu nahi izan zuen: “Kolesterola bezalako lipidoak gibeleko minbiziaren aurkako terapiak garatzeko nola aprobetxa ditzakegun aztertzen dugu. Gaurkoa bezalako jarduera batek batzuetan laborategian galtzen den ikuspegia itzultzen digu”. Kendal Alfaro bat dator Estibaliz Castillerorekin: “Pazienteekin zuzeneko harremana izateak laborategia, bere horretan, ez dela helburua gogorarazten digu. Topaketa hauek gure ikerketa lanak egiterakoan kontuan izan behar dugun gizatasuna oparitzen digute. Ez dugu ahaztu behar pertsonei mesede egitea dela gure lanaren helburua”.
Iaz bakarrik, Euskadiren kasuan, eragindakoen indizea % 0,7 ingurukoa zen eta guztira 14.758 kasu berri zenbatu ziren. Egoera horrek bere horretan jarraitzen du bost urteko tartean % 2,05entzat; hau da, 45.570 lagunentzat. Gaixotasun izugarri horren hilkortasun indizea 0,3 ingurukoa izan zen gure autonomia erkidegoan; beste nolabait esanda, beraz, 6.156 pertsona hil ziren kausa hori dela eta.
Lipids & Liver taldeko Natalia Sainzek finantzaketaren garrantzia nabarmendu zuen. “Bazkideen eta boluntarioen ekarpenek eragina dute aurrerapen zientifikoetan, eta beti ez gara horretaz jabetzen”. Horrekin lotuta, Idoia Martínen taldeko Elizabeth Lópezek honako hau gehitu zuen: “oso baliagarria da haiekin tratua izateko aukera izatea. Alde batetik, emandako dirua zertan erabiltzen den erakusteko, eta bestetik, guri ikuspuntu desberdin bat ematen digu, gizatiarragoa, hurbilagoa”. Lópezek María Goyri Zentroan egiten du lan minbizi pediatrikoen aurkako tratamendu pertsonalizatuetan.
«Laborategiko lana hotza izan daiteke»
Hain zuzen ere, bisitarietako batek minbizi mota horren eragin lazgarriak bizi izan zituen, aita gisa. “Bizitza osoa eman dut AECCrentzat garraiolari gisa lanean. Erretiroa hartu nuenetik, berriz, boluntarioa naiz. Ewingen sarkomaren eraginez seme bat galdu genuen, eta iloba batek ere bularreko minbizia du. Ezagutzaren dibulgazioak itxaropena ematen duelako hartzen dugu parte jardunaldi hauetan”, azaldu zuen.
Senideen inplikazio aktiboa nabarmendu zuen Natalia Burgos dekanordeak, eta, gainera, saiakuntza klinikoetan parte hartzera animatzen direnek ikertzaile gisa ematen dioten laguntza aipatu nahi izan zuen.
“Beharrezkoa da jardunaldi horiek sustatzea, funtsezkoak baitira pazientearen arazoetatik isolatuta ez egoteko eta, aldi berean, haiek ere lehen lerroan sortzen diren arazoen berri izateko”, adierazi zuen Ana Zubiagaren taldeko Genetikako irakasle titular batek.
“Argi dago zein den gizartera iritsi beharreko mezua: ikerkuntza ezinbestekoa da. Etorkizuneko medikuntza gaur egungo ikerkuntza da”, esan zuen prostatako minbiziak ardatz dituen taldea zuzentzen duen Veronica Torrano ikertzaileak. “Topaketa hau bi alderdientzat da onuragarria. Alde batetik, pazienteek eta senideek laborategi bat zer den ezagut dezakete, eta guk egiten duguna hizkuntza hurbilagoarekin kontatzen ikasten dugu”.
Benetako inpaktua duen ikerkuntza
Ostiraleko jardunaldia UPV/EHUren eta AECCren lankidetza sendoan oinarrituta dago. Hain zuzen ere, 2025eko apirilean, bi erakundeek etorkizunean elkarrekin egingo dituzten jarduerak arautu eta babestuko dituen lankidetzarako esparru hitzarmena sinatu zuten. Hitzarmen horrek ikerkuntza bultzatzeaz gain (proiektuen, gradu amaierako lanen, masterren edo doktorego tesien bidez), prestakuntzako, prebentzioko eta ezagutza dibulgatzeko ekintzak ere sustatzen ditu. Horietako bat izan da, hain zuzen ere, emaitzak pazientearengana gerturatzea helburu izan duen ikerkuntzako laborategietan egindako topaketa hau.
«Topaketa hauek perspektiba ematen digute»
Urtero, AECCk minbiziaren ikerkuntza finantzaketa handiarekin babesten du, batez ere arreta biziraupen txikiko minbizietan jarriz, ikerkuntzara talentua erakarriz eta ikertzaile gazteen egonkortasuna bultzatuz. Gaur egun, funts horien bidez finantzatutako proiektuak 3 dira, eta haien guztizko zenbatekoa 696.000 €-koa. Verónica Torranok, Maria Larrínaga Ruizek eta Patricia Aspichuetak zuzendutako ikerkuntzak dira horiek. Gainera, UPV/EHUko hiru ikertzaile gazte babesten dituzten doktorego aurreko laguntzak 284.750 €-koak (Natalia Sainz, Maria Sydorenko eta Helena García) dira. Gainera, Hazi laguntza izenekoa ere eman zaio Edurne Rujasi19.900 €-ko zenbatekoarekin.
Aipatutakoez gain, ikertzaile hauen taldeek ere parte hartu zuten topaketan: Amaia Arruabarrena-Aristorena, mekanismo molekularretan zentratua; Maria Dolores Boyano, biomarkatzaile tumoraletan esperientzia duena; Iker Badiola, translazio ikerkuntzako ildoekin; Xabier Marichalar, minbiziaren biologia molekularrean zentratua; eta Susana Bulnes, biomedikuntzaren arlokoa.
“Topaketa oso interesgarria da. Argi geratzen da egiten dugun horren zentzua, baina ikerkuntzaren operatibara gerturatzea prozesua hobeto ulertzeko eta haren zati garela sentitzeko lagungarria da”, adierazi du AECC Bizkaiko Garapen Ekonomiko arduradunak, Carlos Garciak.
Minbiziaren aurkako borrokan, pauso bakoitza da garrantzitsua, eta topaketa bakoitza osagarria da.
