Ikerketa-jarduerak

Komunikazioa eta Hezkuntza Balioak UNESCO Katedrak nazioko eta nazioarteko programen esparruan gizarte-zientzietako politikak egitea helburu duen ikerketa sustatuko du, gizarte-arazoen eremuko gaitasunak nahiz gazteentzako politikak indartzeko; ikerketen emaitzak hedatuz eta argitaratuz egingo du hori.

UNESCO Katedrak bereziki landuko ditu hezkuntza-balioak eta gazteen nahiz nerabeen nortasunaren eraikuntza, eta erantzuna emango die talde ahul horien beharrei. Horretarako, herritartasunaren, bake-hezkuntzaren, demokrazia-balioen eta giza eskubideen kontzeptuekin bat datozen ikerketa eta analisiak egingo ditu, hezkuntza-sistemak, ikasketa-planak eta ikasmaterialak hobetzeko asmoz.

Telebistarekin lotutako edukiak curriculumean esplizituki agertzea ere lortu nahi du UNESCO Katedrak, izan zeharka edo diziplina zehatzetan. Epe ertainera eta luzera emaitza horiek ezagutzera emateak ahalbidetu egingo du telebistaren gaineko egungo manikeismoa alde batera uztea, eta aurrerantzean hezkuntzarako eta ikaskuntzarako laguntza iturri garrantzitsu gisa erabiltzea.

Egitasmoaren ekarpenak komunikabideak hezkuntzan nola erabili azalduko duten gidak egiteko oinarri bilakatu nahi ditugu; gida horiek inguruko nahiz beste herrialde batzuetako guraso, irakasle eta hezkuntza-erabakiak hartzen dituztenen pertsonentzako sortuko dira.

Laburbilduz, hauek izango dira UNESCO Katedraren jarduera-lerroak ikerketaren arloan:

  • Ikerketa-proiektu teknikoak nahiz aplikatuak egitea. Ikerketa horiek UNESCO Katedraren koordinaziorako organoak ezarritako lehentasun eta lerroekin bat etorriko dira, eta iturri publiko nahiz pribatuetatik etorritako laguntzen bidez finantzatuko dira.
  • Nazioko eta nazioarteko zentroekin harreman egonkorra ezartzea, ikerketa-taldeak eta trukerako nahiz lankidetzarako sareak sustatzeko asmoz.
  • UNESCO Katedraren edukiak lantzen dituzten nazioko nahiz nazioarteko unibertsitateekin eta ikerketa-zentroekin ezagutzak eta ikertzaileak trukatzea.