IPUIN LABURREN XXVIII UNIBERTSITATE-LEHIAKETA (2020)

2020ko OINARRIAK

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen Arabako Campuseko Errektoreordetzak eta El Correok egin dute Ipuin Laburren XXVIII. Unibertsitate Lehiaketaren deialdia.

1.- Deialdiaren helburua

Ipuin Laburren Unibertsitate Lehiaketaren helburua da lehiaketara aurkeztutako literatura lan onenak saritzea, beren kalitateagatik. Hala, Campuseko kultur jarduera garatu nahi da eta bertako akademiaz kanpoko jarduera aberasten lagundu ere bai.

2.- Parte hartzaileak

Lehiaketa honetan parte hartu ahal izango dute nahi duten pertsona guztiek, salbuespen bakarrarekin: ezin izango dute parte hartu aurreko hiru edizioetako lehiaketetan saritutako lanen egileek.

Lehiaketa amaitutakoan, ez da lehiakideekin inolako posta harremanik izango, eta ez dira itzuliko lan originalak.

Lehiaketan parte hartzeak oinarri hauek onartzea dakar.

3.- Lanen betebeharrak

Ipuinek originalak eta argitaratu gabeak behar dute izan, eta beste lehiaketa edo txapelketa batzuetan saritu gabeak. Ipuinen gaiak zerikusia izango du “berrogeialdiarekin”.

Bi modalitate egongo dira: euskarazko ipuinak eta gaztelaniazko ipuinak.

Gaiak lotura izango du ideia honekin: “berrogeialdian”.

Lan guztiek gutxienez 300 hitzeko eta gehienez 500 hitzeko luzera izango dute.

4.- Lanen aurkezpena

Lehiaketara aurkeztutako lanak posta elektronikoko eranskin gisa bidali behar dira, aparteko dokumentu batean eta egilearen ezizena jarrita. Hau adierazi behar da mezu elektronikoaren gaian: “Ipuin Laburren XXVIII. Unibertsitate Lehiaketa (2020)”. Horrekin batera, beste dokumentu bat bidali behar da, ezizen berarekin, eta hor datu hauek zehaztuko dira: egilearen izen-abizenak, NANaren zenbakia, helbidea, telefono-zenbakia eta jakinarazpenetarako helbide elektronikoa.

Horiez gain, hirugarren oinarrian ezarritakoa (lana originala, argitaratu gabea eta beste lehiaketa eta txapelketa batzuetan saritu gabea izatea) betetzen delako zinpeko adierazpena ere aurkeztu behar da. Adierazpen hori ere mezu elektroniko berean erantsiko da.

5.- Eskariak aurkezteko epea eta tokia

Lanak aurkezteko epea oinarri hauek aurkezten direnean hasi eta 2020ko maiatzaren 18an amaituko da, etenik gabe.

Ipuinak posta elektronikoz bidali behar dira, helbide honetara: relatobreve@elcorreo.com.

Jasotako ipuin guztien artetik gaztelaniazko bat, euskarazko bat edo bakoitzetik bat aukeratuko dira astero, eta elcorreo.com webgunean argitaratuko dira.

6.- Saria

Lehiaketak bi sari izango ditu, eta oinarri hauek argitaratu eta hurrengo astetik aurrera astero argitaratuko diren ipuinetatik abiatuta emango dira, edo, halakorik ezean, epaimahaiak argitaratzeko adinako kalitatea duten lanak daudela adierazten duenetik. Sari bat gaztelaniazko ipuin onenarentzat izango da, eta beste bat euskarazko ipuin onenarentzat. Sari bakoitza 800 eurokoa izango da.

Zenbateko horri indarreko legeriak ezarritako atxikipen fiskalak aplikatuko zaizkio.

Saria UPV/EHUren Arabako Campuseko Errektoreordetzak, EL CORREOren laguntzarekin, horretarako antolatutako ekitaldi batean emango da.

7.- Epaimahaia

Modalitate bakoitzak bere epaimahaia izango du.Epaimahai horiek UPV/EHUko irakasleek, EL CORREOko kazetariek eta literaturaren munduan ospetsuak diren beste pertsona batzuek osatuko dituzte, eta aurkeztutako lanen literatura kalitatea baloratu eta, nork bere jakintza eta leialtasunari men eginik, ebazpena emango dute.

Lehiaketako epaimahaiak osatzean errespetatu egin beharko da generoaren egungo ikuspegiak eskatzen duen parekotasuna.

8.- Balioespena eta sariaren ebazpena

Lanak baloratzeko, epaimahaiak gutxienez honako irizpide hauek hartuko ditu aintzat:

  • Gaiaren edo edukiaren originaltasuna.
  • Testuaren literatura kalitatea.

Epaimahaiaren erabakia apelaezina izango da, eta kideen gehiengo soilaz hartuko da. Epaimahai bakoitzak ebatziko ditu deliberazioak egitean sor daitezkeen gorabehera guztiak.

Epaimahaiek hala erabakiz gero, sariak eman gabe utz daitezke.

Erabakia 2020ko ekainaren 17an (asteazkena) jakinaraziko da, Arabako Campuseko unibertsitate pabiloian (Apraiztarren kalea) egingo den ekitaldi batean, eta UPV/EHUren eta El Correoren webguneetan argitaratuko da.

9.- Jabetza intelektuala

Lanak Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen Arabako Campuseko Errektoreordetzaren jabetzakoak izango dira, beraz, argitara eta erreproduzi ditzake, alde batera utzi gabe apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuak 14. artikuluan egileei aitortzen dizkien eskubide besterenezinak.

 

EPAIMAHAIAREN EBAZPENA (2020)

'Quinientas noches' eta 'Hormako paper arrea' ipuinak izan dira irabazle, 1.400 obra artetik, EL CORREOk eta UPV/EHUk antolatutako lehiaketan

Fernando Ortega eta Itziar Otegi dira 'Berrogeialdian' lehiaketan saritutako lanen egileak. Sari bakoitza 800 eurokoa izan da

Koronabirusak sortu duen egoera ezohikoa izan da EL CORREOren webguneak eta UPV/EHUk (ehukultura Araba) antolatutako Ipuin Laburren XXVIII. Lehiaketan parte hartu duten 1.400 ipuin labur inguruk izandako inspirazio iturria. Edizio honetan, 'Berrogeialdian' izena izan du lehiaketak. Horien guztien artetik, lan hauek jo ditu irabazletzat epaimahaiak: 'Quinientas noches' (gaztelaniaz) eta 'Hormako paper arrea' (euskaraz). 

Gaztelaniazko atalaren irabazlea Fernando Ortega Andrés izan da, Magtal izengoitiaz sinatu duena. Euskarazko lanaren egilea, aldiz, Itziar Otegi Aranburu izan da, Amute ezizena erabili duena. Saria, bi kasuetan, 800 eurokoa izan da.

Aurtengo edizioko parte hartzeak aurreikuspen baikorrenak gainditu ditu, gaztelaniazko 1.330 eta euskarazko 66 lan jaso baitira. 10 herrialdetik gorako idazleek –Argentina, Kolonbia eta Kuba buru izanik–, estatuko ia autonomia erkidego guztietako ordezkariekin batera, aurtengo edizioa mugarri bihurtzea lortu dute, bai nazioarteko izaeragatik, bai kalitatezko ipuin ugari aurkezteagatik. 

Aurkeztutako lanetatik, 47 guztira, hainbat hautatu eta elcorreo.com –en argitaratu dira martxoaren 27tik atzora arte. Kategoria bakoitzak –gaztelania eta euskara– epaimahai bat izan du, lan irabazleak zein izan diren kostata erabaki dutenak.

Hauek dira gaztelaniazko ipuin laburreko epaimahaia osatu dutenak: Jesús Camarero Arribas, frantses filologiako katedraduna; Mª José García Soler, greziar filologiako irakasle titularra –biak UPV/EHUko Letren Fakultateko irakasleak–; eta César Coca, EL CORREOren zuzendariaren albokoa. 'Quinientas noches' lana irabazletzat jotzeaz gain, bi aipamen berezi eman dizkiete Jose Manuel Llopix Ortizen 'Lácteos' eta Alfonso Pardo Juezen 'Renta antigua' lanei. Epaimahaikideek nabarmendu dutenez, "Quinientas noches" «gaiaren tratamenduan duen originaltasunagatik eta estiloagatik aukeratu dute. Bi ezaugarri horiek gainerako lanen gainetik egon dadin ahalbidetu dute, lan horietako batzuek kalitate literarioa izan badute ere, eta, jakina, horrek asko zaildu du irabazlea hautatzeko lana. Nolanahi ere, egileak bere kontakizunean indar narratiboa eta eraikitzailea erakutsi ditu, eta, aldi berean, hizkuntza nabarmen menderatzen duela, hau da, testu batean behar bezala konbinatuta doazenean literatura gisa definitu nahi duen obra ororen funtsezko bi baldintza».

Bestalde, hauek dira euskarazko kategoriako epaimahaia osatu dutenak: José Manuel López Gaseni eta Karla Fernández de Gamboa, biak UPV/EHUren Hezkuntza eta Kirol Fakultateko Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Saileko irakasleak, eta Inazio Mujika EL CORREOko editorea eta kolaboratzailea. Kasu honetan, 'Hormako paper arrea' jo dute irabazletzat «hainbat arrazoirengatik, besteak beste, kontatzeko izandako modu bereziagatik, narrazioagatik beragatik, kontzientzia korrontearen teknika emulatzen duelako, edo amaiera irekiagatik eta, aldi berean, behin betiko amaiera itxiagatik". Bestalde, aipamen berezia ematea proposatu dute Miren Perez Eguireun andrearen 'Zirrikitua' obrarentzat, planteamendu originalagatik, bi belaunaldiren arteko harremanari buruzko narrazioagatik eta konfinamendua ustekabeko aitorpenen katalizatzaile gisa erabiltzeagatik.