Historia

Año 1905. Mapa Geológico del País Vascongado
Euscalerrico Agerkai Lurkindarra
Carte Géologique du Pais Basque

Euskal Herriaren muga geografikoak lau puntu kardinalek gainditzen dituzte, lurraldea eratzen duten elementu geologikoak direla eta. Horregatik, geologikoki, "Eusko-Kantauriar Arroa" deitzen zaio Euskal Herria barne hartzen duen eremu geologikoari. Eusko-Kantauriar Arroa, berez, gune geologiko handiago baten parte da, Pirinioetako katearena hain zuzen. Kate hori Espainiaren eta Frantziaren arteko Mediterraneoko mugatik (ekialdeko 3. meridianoa) ipar-iberiar ertz kontinentaleko mendebaldeko muturreraino (mendebaldeko 11. meridianoa) hedatzen da. Zehatz esanda, Pirinioak Kantabriako mendiekin lotzen dituen segmentua da. Eusko-Kantauriar Arroaren zati bat lehorrean azaleratzen da, eta beste zatia, gaur egun, Kantauri itsasoaren urpean dago, Bizkaiko golkoaren barnealde sakonenean.

Aurrekari bakanak alde batera utzita, Eusko-Kantauriar Arroaz gaur egun dugun ezagutza geologikoaren historia 1848an hasi zen. Orduantxe argitaratu zen, hain justu, arroaren zati baten aurreneko mapa geologikoa, Bizkaiko jaurerriari zegokiona. Soilik hiru hamarkada lehenago William Smithen mapa argitaratu zen, eta soilik 14 urte lehenago, Espainiako eskualde guztien lehenengo mapa geologiko ezaguna.

1848tik gaur arte, hainbat mapa geologiko osatu dira geologiaren ezagutzan aurrera egin ahala. Mapa horiek, ikuspuntu deskriptiboari helduta, bi talde handitan sailka daitezke: administrazioaren lurren mapak (oro har probintzietakoak) eta entitate geologiko jakin bat duten Eusko-Kantauriar Arroko zati edo eremuen mapak. Historia hori zehatzago aztertu nahi dutenek Ábalosen lana (2016) kontsulta dezakete, UPV/EHUko, Espainiako beste unibertsitate batzuetako eta batik bat Frantziako eta Alemaniako unibertsitateetako geologoek XIX. mendearen bukaeratik Eusko-Kantauriar Arroari buruz egindako 400 mapa eta tesitik gora biltzen baititu gainera.

Arroa laburbiltzen duen azken mapa geologikoa 2016an kaleratu zen (1:200.000 eskalan). Aurretik, 1993an, 1:300.000 eskalako mapa bat argitaratu zen, Euskal Herriko 1985eko beste bat osatzen zuena. Mapa horien aurrekoak ere, 1958 eta 1959koak, antzekoak dira, baina ez dute arro osoa hartzen. 1959ko mapa Pierre Rat geologo frantziarrak kaleratu zuen, 1949tik aurrera egin zituen ikerketen sintesi gisa. 1958ko mapa, bestalde, Frantz Lotze alemaniar geologo ospetsuak plazaratu zuen; maparako oinarri hartu zituen landa lanak, ordea, askoz lehenagokoak dira, 1930 eta 1934 artekoak.

Mapa txikiagoak ere badaude (1/500.000 eskalakoak), arro osoa hartzen duten aurreko beste mapa batzuetan oinarrituta egindakoak; esaterako, Asturiasko mugetatik Pirinioetarainoko tartea jasotzen dutenak, Rat and Manginena (1962) eta Rat eta beste batzuena (1967) adibidez. Ramírez del Pozok ere beste mapa bat egin zuen (1973), zertxobait modernoagoa. Del Pozoren mapak Donostiako (ca. 2. 00' mendebaldea) eta Unquerako (4. 30' mendebaldea) meridianoen arteko eremua hartzen du, eta hidrokarburoak esploratzeko zenbait enpresak eta Espainiako Geologia eta Meatzaritza Institutuak 1930az geroztik egindako kartografia geologikoko kanpainen emaitzak laburbiltzen ditu.

Martínez-Torresek, bestalde, mapa geologikoen katalogo bat argitaratu zuen (1998), ordura arte ezagun ziren Euskal Herriko eta Eusko-Kantauriar Arroko mapen kopia fotografikoak deskribatzen eta aurkezten dituena. Katalogo horretan, dokumentu horien erakusketa bati buruzko azalpenak ematen ziren (dokumentu gehienak originalak ziren, eta kopia gutxi batzuk ere bazeuden); erakusketa Gasteizen jarri zen lehenik, eta Bilbon ondoren, 1997ko irailaren 15aren eta 1998ko otsailaren 7aren artean. Mapa haietako gehienak, markoetan behar bezala jarrita eta babestuta, UPV/EHUren Bizkaiko Campuseko Zientzia eta Teknologia Fakultateko F3 eraikineko Geodinamika Sailaren aldeko hormetan daude eskegita 2003. urteaz geroztik.