Ikerketaren alderdi orokorrak
Azken urteotan, energia elektrikoaren sistema aldaketa sakonak jasaten ari da. Besteak beste, potentzia elektronikako ekipoetan oinarritutako gailuen agerpena eta haien erabilera masiboa arlo elektriko tradizionaletan (motor elektrikoen gidagailuak eta garraio eta banaketarako sistemak) nabarmendu behar dira. Horrez gain, hornidura liberalizatzeak eta eskaintza-eskari libreko merkatu baten sarrerak negozio elektrikoaren oinarrizko egitura eraldatu dute. Horri gehitu behar zaio elektrizitatea deskarbonizatzeko beharra (karbonoaren gaineko iturriak energia berriztagarrien bidez ordezkatuz), ibilgailu elektrikoaren agerpena eta informazio eta komunikazio teknologia berrien erabilera masiboa sistemaren maila guztietan. Guzti horrek iraultza bat ekarri du sistema elektrikoen plangintza, kudeaketa eta ustiapenari dagokionez.
Aldaketa horiei aurre egiteko, bi irtenbide teknologiko planteatzen ari dira sarearen garapenean oinarrituta. Batetik, super-sarea deritzona proposatzen da: tentsio handiko korronte zuzeneko (HVDC) sare multiterminal bat, dagoen tentsio handiko korronte alternoko (HVAC) sarearen gainean eraikia. Bestetik, smartgrids edo sare adimendunak sustatzen dira: baliabide banatuen integrazioa ahalbidetzen duten sareak, hala nola sorkuntza, kontsumoa eta biltegiratzea (ibilgailu elektrikoa barne), banaketa-sare tradizionalaren gainean komunikazio-geruza bat ezarriz, sareari adimena eta eragiketa malgutasuna emanez.
Horregatik, Ingeniaritza Elektrikoa ez da iraganari loturiko diziplina, etengabeko garapenean dagoena baizik. Horrek, alor horietan ezagutza eguneratua eta sakona izatea eskatzen du.
Energia elektrikoaren sektore estrategiko honetan, GISEL (Energia Elektrikoko Sistemen Ikerketa Taldea) hiru ikerketa-ildo elkarlotutan oinarritzen da:
- 1. Ildoa: Energia Berriztagarrien Integrazioa Sistema Elektrikoan, FACTS eta HVDC.
- 2. Ildoa: Baliabide Banatuen Integrazioa eta Sare Adimendunen Plangintza.
- 3. Ildoa: Sistema Elektrikoen Babesa.
Ikerketa-ildo bakoitzaren helburu tekniko zehatzez gain, taldearen helburu orokorrak hauek dira:
- Energia Elektrikoko Sistemen garapenean joerak identifikatzeko ikuspegi global bat garatzea.
- Beste ikerketa-talde batzuekin lankidetza zabaltzea, ildo osagarrietan lan egiten dutenekin bereziki.
- Ikerketa eta garapenerako egitura berrietan parte hartzea, maila autonomiko, nazional eta nazioartekoan.
- GISEL taldeko hainbat kideren parte-hartzea jarraitzea CIGRÉ eta IEEE bezalako nazioarteko batzordeetan, eta beste kide batzuk ere batzorde horietan parte hartzera bultzatzea.
- Taldean berriki sartutako kideak eta interesatutako beste pertsonak prestatzea, ikerketa-ildoetan doktorego-tesiak garatuz.
- Taldearen eskaintza teknologikoa hobetu eta zabaltzea, garapen eta erakustaldi proiektu berriei heltzeko.
- Ikerketaren emaitzen transferentzia hobetzen jarraitzea, nazioarteko kongresuetan parte hartuz eta aldizkari ospetsuetan argitaratuz.
- Inguruko enpresei teknologia transferitzen jarraitzea eta hobetzea, ikerketa-kontratuen bidez, prestakuntza espezifikoko ikastaroen eta espezializazioko ikastaroen (Masterra eta Doktoregoa) bidez.