Presentación de GISEL

Energia Elektrikoko Sistemen Ikerketa Taldea (GISEL) duela hamarkada bat baino gehiago ari da lanean sistema elektriko eraginkorrago, garbiago eta adimentsuago baterako teknologiak garatzen. Bere jarduera hiru arlo nagusitan oinarritzen da: energia berriztagarrien integrazioa, mikrosareak eta sistema elektrikoen babesa. GISELek lankidetza estua du tokiko energia-industriako enpresekin, eta ikerketa-proiektu ugaritan parte hartzen du, maila autonomikoan, estatuan eta europarrean. Era berean, belaunaldi berrietako ikertzaileak prestatzen laguntzen du aktiboki. Gure webguneko atal ezberdinak bisitatzera gonbidatzen zaitugu, nortzuk garen, gure ikerketa-jarduera eta lantzen ari garen proiektuak gertutik ezagutzeko.

Berriak

JRL ePLAN ekimenaren aurkezpena: GISEL taldearen parte-hartzea duen energia-plangintzako laborategi aitzindaria

Lehenengo argitaratze data: 2025/05/28

Ekainaren 2an aurkeztuko da Bizkaia Aretoan JRL ePLAN, TECNALIAk, UPV/EHUk eta BC3k sustatutako ekimen bateratua, energia-plangintzan ikerketa aplikatua bultzatzeko helburuarekin. UPV/EHUko hiru ikerketa taldek hartuko dute parte, tartean GISEL, eta taldeko Francisco Javier Asensio irakasleak aurkezpen bat egingo du ekitaldian

Joint Research Laboratory on Energy Planning (JRL ePLAN) laborategia TECNALIA, Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) eta Basque Center for Climate Change (BC3) erakundeen arteko lankidetza-hitzarmen baten emaitza da. Laborategi birtual honek metodologia eta tresna berriak garatzea du helburu, Euskadin trantsizio energetikoa bultzatuko duten gaitasun zientifikoak eta lankidetza estrategikoak uztartuz.

UPV/EHUk ordezkatuta, Enedi, BiRTE eta GISEL ikerketa taldeek parte hartuko dute. Espainiako Energia Ekonomiaren Elkartearen (AEEE) XX. Kongresuaren baitan egingo da aurkezpena, ekainaren 2tik 4ra Bilbon. GISEL taldeko Francisco Javier Asensio irakasleak taldea eta JRL ePLANekin bat datorren proiektu bat aurkeztuko ditu.

Ekitaldian parte hartzeko izena eman behar da aldez aurretik, izen-emate orriaren bidez.