UPV/EHUko ikasleen arautegia
I. ERANSKINA
KEXAK IZAPIDETZEKO PROTOKOLOA:
UPV/EHUko Ikuskaritza Zerbitzuaren Arautegiak (EHAA, 2008ko ekainaren 20koa, 117. zk.) jarduera-prozedurari buruzkoak, honela dio 4. artikuluko 2. zenbakian: Ikuskaritza Zerbitzuak Jardute Planari jarraiki jardungo du, edo unibertsitateko kideren batek irakasleen irakats-betebeharren gainean jarritako salaketa edo kexen ondorioz, oinarrituak badira. Salaketa faltsua izan bada, edo asmo txarrez egindakoa, erantzukizuna eskatuko da.
Laugarren artikuluaren azken paragrafoan hau ezartzen da: Arautegi honetan jasota ez dagoenerako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeari jarraituko zaio.
Kexak idatziz egingo dira, kexen protokolo honi erantsitako eredu arautuaren arabera.
Kexak ahal bezain zehatza izan beharko du; gorabeheraren data eta ordua emango ditu, eta adierazpen orokorrak saihestuko ditu, hala nola «ez da joaten», edo «ez du joateko ohiturik», edo «normalean ez da egoten»...
Kexa-prozedurak, dagokion eredu arautua bete ondoren, honako pauso hauek emango ditu:
1.- IKASTEGIARI JAKINARAZTEA:
Ikastegiak kexa nork jarri duen jakin ez dezan, ikasleak Ikastegiko edo Campuseko Ikasleen Kontseiluko buruari edo UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluko buruari bidal diezaieke. Hala, horrek bere egingo du, eta gutun bat bidaliko die, kexaren dokumentuarekin batera, Ikastegiko organoei (Zuzendaritza, Dekanotza), Ikastegiaren eremuan kexak erantzun bat jaso dezan. Ikasleen Kontseiluak Datuak Babesteari Buruzko Legearen arabera erabili beharko ditu ikasleak emandako datuak.
Ikasleen Kontseiluko buruei jasotako informazioa aztertzea gomendatzen zaie; izan ere, kexak bereak egitean eta salatzaile gisa jardutean, erantzuleak izango dira, salaketa iruzurtiak gertatuz gero.
Ikastegiak, bi egun baliodunen epean, erantzun bat eman beharko dio kexak bere egin duen Ikasleen Kontseiluko buruari edo, hala badagokio, kexa zuzenean egin duen ikasleari. Kexa eskoletara edo ebaluazio-proba ofizialetara ez joateagatik jarri bada, Ikastegiak, gehienez, 24 orduko epea izango du kexa egiaztatzeko eta erantzuteko. Horrez gain, beharrezkoak diren neurriak hartu ahal izango dira, irakaskuntza-jarduera ahal bezain laster normalizatzen dela bermatzeko, ikasleen Arautegiaren 77. artikuluan xedatutakoaren arabera.
2.- IRAKASLEEN ERREKTOREORDETZARI JAKINARAZTEA.
Aurreko atalean ezarritako epean Ikastegiak erantzun ezean edo emandako erantzunarekin ados egon ezean, ikasleak edo dagokion Ikasleen Kontseiluko buruak (kexa bere egin badu) kexa, emandako eredu arautuaren arabera, irakasleen gaietarako eskumena duen Errektoreordetzari bidali ahal izango dio, Irakasleen Zuzendaritzapean dagoen Ikuskaritza Zerbitzuak izapidetu dezan.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 5. artikuluak ezarritakoaren arabera, jakinarazten dizugu zure datuak UPV/EHUko Irakasleen Ikuskaritzarako Zerbitzuaren fitxategi ez-automatizatu batean sartuko direla. Jakinarazten dizugu eskubidea duzula zure datuetara sartzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta horien aurka egiteko; horretarako, idatzi bat bidali beharko duzu zure identitatea egiaztatzen duen dokumentu baten kopiarekin batera, helbide honetara: Irakasleen Zuzendaritza, Sarriena auzoa z/g, 48940 Leioa-Bizkaia. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko UPV/EHUren Arautegia kontsulta dezakezu Interneteko www.ehu.eus/babestu.
Edonola ere, Ikuskaritza Zerbitzuari izena eta abizenak eman nahi ez bazaizkio, Ikasleen Kontseiluko buruari emango zaizkio, kexa bere egin dezan, eta horrek Datuak Babesteari buruzko Legearen arabera erabiliko ditu. Ikastegiari jarritako kexa Ikasleen Kontseiluko buruak bere egin, eta aurkeztu badu, berak jasoko du erantzuna eta berak bidaliko beharko dio Irakasleen Errektoreordetzari.
Irakasleen Zuzendaritzak/Ikuskaritza Zerbitzuak salaketa aztertu ondoren, oinarririk baduen egiaztatuko du, eta alegazioak egiteko 10 eguneko epea emango zaio IIko taldeari; betiere, ikasleen anonimatua gordeta.
Gaiari buruzko erabakia hartu ondoren, horren jakinarazpena igorriko da Ikastegira, ikasleak adieraziko helbidera, edo kexa bere egin duen Ikasleen Kontseilura, eta azken horrek, aldi berean, kexa jarri duen ikasleari helaraziko dio.