Ohizko galderak

1 Zenbat irauten du eskola urteak?

Gobernu Kontseiluak Graduko eta Lehenengo eta Bigarren Zikloko Ikasketen Gestiorako Arautegian zehazten duena. Arautegi horretan dago egutegi akademiko orokorra, eta horren arabera egin behar dituzte ikastegiek beren egutegiak.

2 Zenbat irauten du ikasturteak?

Ikasturte bat hasten denean aurrekoa amaitzen da.

3 Zenbat ordu egin behar ditu astean eta urtean irakasle-ikertzaile batek?

Zein motatako irakaslea den:

- Arduraldi osoko irakasle-ikertzaileek: astean 37,5 ordu.

-Arduraldi partzialeko irakasle-ikertzaileek: gutxienez hiru eta gehienez sei eskola ordu astean, eta beste horrenbeste tutoretza ordu astean.

4 Nola banatzen da nire eguneko lanaldia?

Arduraldi osoko irakasle-ikertzaileen lanaldiak irakaslana nahiz ikerlana bilduko ditu, bai eta sail, ikastegi edo unibertsitatearen gestio eta antolaketarako egin beharrekoak ere.

Gutxieneko irakaskuntza eta ikasleei tutoretza edo laguntza emateko betebeharrez gain, beste zeregin batzuk esleitu ahal izango zaizkie irakasleei, baina betiere lanaldiaren heren bat gutxienez ikerketarako utzi beharko da.

Arduraldi partzialeko irakasleen lanaldia, berriz, eskolak eman, tutoretzak bete eta ikasleei laguntza emateko daukaten betebeharretik eratorritakoa izango da.

5 Zein da nire lanlekua eta non bete behar dut benetan nire lanaldia?

Printzipioz zure lanpostua dago zu atxikita zauden ikastegian. Hala ere, gerta daiteke unibertsitateko beste ikastegi batzuetan ere eskola eman behar izatea, zure jakintza arloko gaietan (898/1985 Errege Dekretua).

6 Arduraldi osoko kontratua badaukat, egunero joan behar naiz ikastegira, ala eskola (teoriko edo praktikoa) edo tutoretza daukadanean bakarrik?

Bai, egunero joan behar zara ikastegira.

7 Noiz dira nire oporrak?

Udako oporraldia egutegi akademikoan egongo da jasota: hilabetekoa izango da eta, betiere eskolalditik kanpokoa (Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Langileen Lan Baldintzak Arautzeko Hitzarmenaren 73. art. eta UPV/EHUko Lan Kontratudun Irakasle eta Ikertzaileen II. Hitzarmen Kolektiboaren 31. art.).

8 Aste Santuko eta Gabonetako oporraldiak eskola egunak dira?

Urtero onartzen den Graduko eta Lehenengo eta Bigarren Zikloko Ikasketen Gestiorako Arautegiak ikasleen udaberriko eta neguko oporraldiak zehazten ditu, eta ulertzen da horiek eskolarik gabeko aldiak direla. Edonola ere, horrek ez du esan nahi oporraldiak direnik irakasle-ikertzaileentzat.

9 Non argitaratu behar ditut nire tutoretza orduak?

Irakasleek nahitaez grabatu behar dituzte tutoretzak GAURen. Horrez gain, beste leku batzuetan ere argitaratu ditzakete.

10 Noiz grabatu behar ditut nire tutoretza orduak?

Lauhileko bakoitzeko tutoretza orduak lauhilekoa hasi orduko grabatu behar dira. Hala ere, ikastegiko zuzendaritzak edo dekanotzak baimena emanez gero, ordu horiek aldatu egin ahal izango dira eta aldaketaren bat eginez gero, irakasleak GAURen grabatu beharko du, hura indarrean jarri baino hiru eskola egun lehenago, gutxienez.

11 Noiz arte grabatu behar ditut tutoretzak?

Graduko eta Lehenengo eta Bigarren Zikloko Ikasketen Gestiorako Arautegiaren arabera, ezarritako tutoretza orduak ikasturte osoan mantendu behar dira, azken deialdia egin eta burutu arte. Hau da, irakasleen lehenengo lauhilekoko tutoretza orduak bigarren lauhilekoa hasi arte mantendu behar dira, eta bigarren lauhilekoko tutoretza orduak ematen diren irakasgai guztien ebaluazioa amaitu arte mantendu behar dira, GRALaren ebaluazioa ere, egin behar izanez gero, horien artean dagoela ulertuta.

12 Zein motatako baimenak eska ditzaket eta nola?

Onena da unibertsitateko webgunean dagoen Egoitza Elektronikora jotzea (https://egoitza.ehu.eus/egoitza/katalogoa?langId=eu) eta lizentzia eta baimenen goitibeherako menuan dauden aukerak begiratzea. Bertan agertzen dira UPV/EHUko Lan Kontratudun Irakasle eta Ikertzaileen II. Hitzarmen Kolektiboan jasota dauden egoera guztiak, baita UPV/EHUko Langileen Lan Baldintzak Arautzeko Hitzarmenean eta hura hobetzeko 2002-11-27ko eta 2005-11-18ko akordioetan jasota daudenak ere.

13 Zer egin behar dut gaixorik banago eta ikastegira joan ezin badut? Gaixorik banago eta eskolarik eman beharrik ez badaukat, etxean gera naiteke bajarik eskatu gabe?

Zure lana egitera ikastegira etortzea eragozten dizun egoeraren batean bazaude, egin behar duzun lehenengo gauza zure ikastegiari eta sailari horren berri ematea da. Arrazoi medikoengatik etorri ezin baduzu eta egoerak bi egunetik gora iraungo duela jakin badakizu edo uste baduzu, zure medikuari baja eskatu behar diozu eta baja agiria ahalik eta arinen entregatu behar duzu zure ikastegian (betiere, baja agiria eskuratu eta hiru eguneko gehienezko epean).

Arduraldi osoko irakasleen kasuan, eskola ordurik ez izateak ez du esan nahi lanlekura joan behar ez denik egin beharreko gainerako jarduerak egitera. Horregatik, lanera ez joatea justifikatu egin behar da beti.

**GARRANTZITSUA. Bi lekutan lan egiten baduzu (unibertsitatean eta enpresa batean, adibidez), bi baja agiri entregatu beharko dituzu, bat enpresa bakoitzean.

Alta agiria entregatzeko epea 24 ordukoa da, agiria egiten denetik kontatzen hasita.

14 Zenbat egun ditut aktak sinatzeko?

Kontuan izanda irakasleek azken proben behin-behineko kalifikazioak ariketa egin eta 12 egun naturaleko epean argitaratuko dituztela, berrikuspenerako epea gutxienez hiru egun naturalekoa eta gehienez seikoa izango dela, eta epe hori amaituta, irakasleak akta ofizialak sinatuko dituela hiru egun naturaleko epean, 21 egun daude aktak sinatzeko: 12+6+3=21.

Epe horiek ez betetzeak arazo larriak sor diezazkieke ikasleei.