Joxe Azurmendi Katedraren Aurkezpena

Katedra honen Beharra

Altxor bat aztertzeke

Joxe Azurmendiren obra altxor ezkutu bat da, oraindik merezi bezala aprobetxatu ez dena eta behar adina ustiatu ez dena. Bere pentsamenduan Euskal Herriak azken 50 urteetan ezagutu dituen eraldaketa sakonen aztarnak aurkitzen dira. Era askotakoak dira aztertzen dituen gaiak, besteak beste: euskal idazle eta pentsalarien tradizioak, euskal hizkuntzaren eta kulturaren modernizazioa, estatuari eta nazioari buruzko gogoeta, marxismoaren eta abertzaletasunaren arteko eztabaida, pentsamendu soziala eta kooperatibismoa, gizakiaren izaera ebolutiboa eta gizaberea, tradizioaren edo modernitatearen arteko lotura, natura, ingurumena eta artea.

Hiru dira Joxe Azurmendiren ekarpen eskerga ikus daitekeen eremu nagusiak: 1. Izan diren euskal idazle eta pentsalarien ikerketa: berak hemen, zehazki, gure tradizioa erakusten du, ondorengoei transmitituz. 2. Pentsamendu filosofiko europarraren azterketa: hemen garaiko eztabaidetan murgiltzen da, bere ekarpen propioak eginez. 3. Unean uneko gai etiko-politikoei buruzko gogoeta: hauetan errealitateari aurrez aurre begiratzen dio, beti euskal erronkei erantzuten saiatuz. Hiru eremu horietan eskaintzen zaizkigun material guztiak, egia esan, aztertzeke daude oraindik; zalantzarik gabe, abiapuntu paregabea eskaintzen dute Katedra honekin bultzatu nahi dugun pentsamendu garaikidea dinamizatzeko proiektu baterako.

Iragana eta etorkizuna

Joxe Azurmendi 1956ko Belaunaldia izenez ezagutzen den taldearen oinordekoa da eta, zentzu horretan, bere pentsamendua une jakin batean eta beste batzuenarekin batera abiatzen da. Kontua da, hain zuzen ere, haiek orduan jabetu zirela “euskal munduaren” hil edo biziko egoeraz, gogora dezagun Txillardegi haien artean, hainbat kezka eta arazo ezberdinei aurre egiten saiatu zirelarik. Premiak eraginda, mundu osoko hainbat filosofia-korronte landu dituzte, eta baita hainbat proposamen politiko, kultural eta sozial ere. Belaunaldi horren inguruan, dudarik gabe, asko dago oraindik ikertzeko.

Hala ere, Joxe Azurmendiren obra aztertzerakoan, iragana ez ezik, etorkizunari ere erreparatzen diogu. Kontua da, beraz, nora goazen irudikatzeko nondik gatozen ere jakin behar dugula. Euskal gizarteak, bestela esanda, ezin du bere etorkizuna eraiki bere iragana ezagutu gabe. Bere obra, era berean, gure ulermenaren eta gure egitasmoen iparrorratz eta oinarria dira. Hau, bestela esanda, giza eta gizarte zientzia ezberdinetan egin daitezkeen, eta egin behar diren, inspirazio-iturri garrantzitsua da.

Erreferentzia intelektualen beharra

Euskal Herriak, bestelako edozein herrik bezala, bere erreferentzia intelektual propioak behar ditu. Mundua eta bizitza ulertzeko modua ez da bakarra, askotarikoa baizik, eta, zentzu horretan, guk ere gure ikuspuntutik behatzen dugu errealitatea. Halere, aipatutako erreferentzia intelektual horiek ez dira berez sortzen eta ez dira betirako; alderantziz, etengabe landu eta aberastu behar dira, hain zuzen, gure berezitasunak eta interesak bilatuz eta zainduz. Hori izanik euskal gizartearen zeregin kultural garrantzitsuenetako bat, Joxe Azurmendi izena hartzen duen Katedra honen proposamenak funtsezko sostengu instituzionala eskain diezaioke zeregin horri.

Azpimarratzekoa da, azkenik, euskal pentsamenduaren garapenak ezinbestekoa duela ere euskaraz landutako ikerketak eta euskaraz argitaratutako saiakerak sustatu eta babestuko dituen marko instituzional egoki bat. Horren haritik, eta esplizituki, gogora ekarri nahi dugu UPV/EHUren Euskararen III Plan Gidaria 2018/2022. Bertan honako helburuak zehazten dira: “euskaraz eginiko doktorego-tesi kopuru orokorra handitu” eta “euskaraz plazaratutako ikerketen balioa eta oihartzuna handitu”. Horixe da, hain zuzen ere, Joxe Azurmendik bere bizitzan zehar egin duena eta, horri dagokionez, gure Katedraren proposamenak bultzatu eta sustatu nahi duena.

Irudia