Joxe Azurmendi Otaegi

Joxe Azurmendi Otaegi

Pentsamendu Garaikiderako JOXE AZURMENDI KATEDRA

Pentsamendu Garaikiderako JOXE AZURMENDI KATEDRA
Pertsona

Joxe Azurmendi Otaegi (Zegama, 1941) Euskal Herri garaikideko pentsalari oparoenetakoa da. Gaztetan frantziskotarrekin ikasi ondoren (Zarautz, Erriberri eta Arantzazun) atzerrira joan zen bere ikasketekin jarraitzeko: teologia Erroman, eta filosofia Münsterren. Etxera itzuli eta gero unibertsitateko irakasle gisa jardun du gehienbat: EUTG-Deustun lehenengo (1978-1981), eta UPV/EHUn ondoren (1981-2014). Azken horretan, Filosofia Modernoko katedraduna izan zen 1993tik aurrera. Erretiroa hartu zuenean, 2011n, Katedradun Emeritu izendatu zuen UPV/EHUk.

Azurmendiren lana, bestalde, ez da unibertsitate-irakaskuntzara mugatu, eta azpimarratzekoa da 1960tik  Jakin Taldeko kide izan dela, non, besteak beste, Jakin Irakurgaiak liburu-sailaren arduraduna izan den. Pentsamenduaren Klasikoak, RIEV edo UPV/EHUko argitalpen edo erredakzio kontseiluko kide ere izan da. Era berean, 1973az geroztik UEUren ekitaldietan parte hartzen du, eta baita bestelako ikerketa proiektuetan ere, adibidez, Arrasateko Kooperatiba Esperientziaren inguruan. Euskaltzaindiak 2010ean Ohorezko Euskaltzain izendatu zuen.

 
Obra eta ekarpena

Joxe Azurmendiren obra idatzia izugarria da. Orain arte digitalizatutakoari erreparatuz bakarrik, 41 liburu, 118 liburu-zati, 523 artikulu eta 3 itzulpen aurkitzen ditugu (https://www.jakin.eus/digitalizazioa/azurmendi). Horietan guztietan, modu batean edo bestean, euskal kultura historikoki eta konparatiboki aztertzen du –beti ere pentsamendu filosofikoaren ikuspuntutik–,  kontuan hartzen dituelarik beste lekuetako eta garaietako kulturak. Horrela, bere ondarean mota guztietako gaiak eta azpigaiak sakon landuta aurkitzen ditugu: politika, etika, historia, gizartea, hizkuntza, literatura, komunikazioa, artea, zientzia, teknologia, e.a.

Joxe Azurmendik garbi du, gainera, euskal kulturari heltzeko –ulertzeko eta garatzeko– Europako pentsamenduari erreparatu behar zaiola ezinbestean –gurea irla isolatua ez delako–, eta baita atzoko eta gaurko euskal egileei ere –euskal pentsamendu bat badagoelako –. Horren haritik, eta ekinaren ekinez, haren idazlanek sona handia lortu dute gure herrian. Horren erakusgarri dira jaso dituen sari guztiak, hala nola: Andima Ibiñagabeitia (1976), Irun Hiria (1978 eta 1998), Juan San Martin (2005), Euskadi Literatura (2010 eta 2015), Dabilen Elea (2012) eta Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa (2012).

Euskal intelektual bat

Joxe Azurmendi Euskal Herriarekin konprometitutako pentsalaria da eta, zentzu horretan, zalantza handirik gabe esan dezakegu bere obra guztia horren emaitza dela. Baina bere konpromisoa, berriz ere esan dezagun, ez da esparru akademikoan geratzen, eta horren lekuko da hainbat erakunderekin lankidetzan jardun izana, zehazki, euskararen normalizazioan, kulturgintzan eta bakegintzan. Gai politikoetan ere busti da, baina alderdikerietan jausi gabe. Beraz, benetako intelektual baten aurrean gaude, gure herriak behar duen horietako baten aurrean.

Azurmendik bere lan gehienak euskaraz argitaratu izana ere Euskal Herriarekin intelektual gisa duen konpromisoaren ondorio eta isla da. Berak badaki euskal kultura sustatzea euskarazko kulturari ekitea dela, eta, bere CV propioari hainbeste erreparatu gabe, euskal pentsamendua euskaraz lantzeari ekin dio. Horrela, eta praktikan ere, epe luzera begiratzen irakasten digu, besteek egindakoa kopiatze edo itzultze hutsak bide motza duelako. Beraz, Joxe Azurmendi “euskal intelektuala” dela esan dezakegu, bai, baina ez soilik “izenekoa”, baita “izatekoa” ere.

Irudia