“Emakume zientzialari bat elkarrizketatu” leihaketan parte hartu duten ikastetxei sariak banatzea
Lehenengo argitaratze data: 2022/02/18
“Emakume zientzialari bat elkarrizketatu” leihaketa lehen aldiz antolatu du Kimika Fakultateak, eta sari-banaketa ospatu da. Leihaketa Lehen Hezkuntzako azken urteko ikasleei zuzenduta dago.
Gaur, ostirala, ilusio berezia egiten digun ekitaldia ospatu dugu, bertan 11-12 urteko ikasleak saritu baititugu. Ikasle hauek emakume zientzialari bat elkarrizketatu dute, eta horrekin bideo-leihaketara aurkeztu dira. Leihaketa Kimika Fakultateak antolatu du, eta Donostiako 4 ikastetxeko 6 taldek hartu dute parte. Guztira 76 gaztetxok parte hartu dute 4 irakasleren gidaritzapean.
Ekitaldia Kimika Fakultateko Berdintasunerako Batzordeak antolatu du, bertan 14 emakume irakasle eta ikertzaile daudelarik. Ekitaldia giro ederrean ospatu da. Dekano andreak, Marian Iriartek, bertaratutakoak agurtu ondoren parte hartu duten bideoekin laburpena osatu eta proiektatu egin da. Ondoren, sariak jaso dituztenen zerrenda aurkeztu da.
BIDEO ONENAri saria MENDIOLA IKASTETXEAk jaso du MIREN AGUIRREri (Polymat) egindako elkarrizketagatik. Ikertzaileak berak iragarri du saria eta bideoa egiten parte hartu duten ikasleak saria jasotzera hurbildu dira ilusio handiz. Elkarrizketa euskaraz egin zuten, eta azpimarratzekoa da ikasle taldeak euskaraz komunikatzeko zailtasunak gainditzeko aurkeztutako esfortzua eta imajinazioa. Bideoak sormen handia dauka eta aipatzekoa da ikastetxeko irakasleak egindako ahalegina elkarrizketatuaren jakintzarloa, polimeroak, gaztetxoei hurbiltzeko. ELKARRIZKETA ONENAri saria English School-eko ikasleek jaso dute SILVIA BONOLI (DIPC) ikertzaileari egindako elkarrizketagatik. English Schoolek lan bikaina egin zuen ingelesez aurkeztutako 3 bideoekin. Hauetan elkarrizketa bikoitza proposatu zuten, antzinako eta gaur egungo ikertzaile biren artean. Saria jaso duen bideoan Cecilia Paynek (1900-1979) Silvia Bonoli astrofisikaria elkarrizketatu du eta alderantziz. Saria bideo-leihaketan parte hartu duten ikasle guztiek eta hauen irakasleak jaso dute. Azkenean, Sylvia ezin izan zen etorri, baina oso bideo maitagarria bidali zuen. EDIZIO ONENAren saria AIETE ikastetxeak jaso du, ITZIAR OTAEGIri (Kimika Fakultatea) egindako elkarrizketagatik. Bideoan aipatzekoak dira nola zaindu diren detaile guztiak, elkarrizketaren kokapena, soinu-kalitatea, egindako galderak eta bukaerako aurkezpena. Saria jasotzera bideoan parte hartu zuten gaztetxo guztiak etorri dira, eta Itziar Otegik berak eman die saria. Azkenik, EPAIMAHAIAREN SARI BEREZIA KATALIN ERAUSO ikastetxearentzat izan da, MAITE MEAURIO geologoari (Kimika Fakultatea) egindako elkarrizketagatik. Epaimahaiak azpimarratu du parte hartzaileek elkarrizketa euskaraz egiteko egindako esfortzua, kontuan izanda, gaztetxo hauetako batzuek denbora gutxi daramatela Euskadin bizitzen, eta horrekin batera aipatu nahi du gaztetxo hauek zientziarenganako aurkeztu duten jakinmina, gure Fakultatea bisitatzera etorri baitziren.
Ekitaldia oso atsegina izan da, eta parte hartzaileek sari garrantzitsua jaso dute, Eureka Museorako sarrera bana hain zuzen ere. Sari hau Emakumeak Zientzian eta Eureka Museoa-ren babesari esker jaso dute. Halaber, guztiek ongi merezitako dominak eta diplomak jaso dituzte eta ekimen honi esker asko ikasi dutela aitortu dute. Azpimarratzekoa da irakasle guztiek egindako lana eta emandako laguntza.