Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Ur lehorra fabrikatu dute modu errazean

Lehenengo argitaratze data: 2015/01/22

UPV/EHUko ikertzaile Ana Margarida Fernandes lanean ari da "puxtarri likido" hauek, edo beste izen batez, ur lehor gisa ezagutzen dena garatzeko. Ikerketaren helburua da hobeto ulertzea nola jokatzen duen konposatu honek, material merkeagoen erabileran aurrera egiteko, besteak beste poliestirenoa; orain arte ohikoena silize nanopartikulak erabiltzea izan da, askoz ere garestiagoak. Polymer aldizkari zientifiko garrantzitsuak berriki argitaratu du Fernandesen ikerketa: Simple route to prepare stable liquid marbles using poly(ionic liquid)s [Puxtarri likidoak prestatzeko metodo bakuna likido ioniko polimerikoak erabiliz].

Puxtarri likidoak polimeroek osatutako estalki batean bildutako ur tanta mikroskopiko bat duten zatikiek eratzen dituzte. Eta ur horretan hainbat elementu kimiko disolba daitezke haien propietateekin batera. Puxika likidoek etorkizun hurbilean erabilgarritasun handiak izan litzakete kosmetika, nekazaritza edo gastronomia produktu berrien fabrikazioa merkatu eta hobetzeko duten gaitasunei esker.

"Puxika likidoei esker ura manipula daiteke solido bat balitz bezala, eta, horrela, adibidez, ureztatze sistemak sor litezke ura apurka-apurka askatu ahal izateko; halaber, karbono dioxidoa hiru aldiz gehiago xurgatu eta atxikitzeko propietatea dute (atmosferan berotegi efektua eragiten duena); eta, gainera, kosmetikan hainbat aplikazio garatu daitezke azaleko tratamenduetarako, besteak beste, hezegailuak. Izan ere, gorputza zaintzeko produktuen arloan badira zenbait multinazional jadanik konposatu honetan oinarritu diren produktuak merkaturatu dituztenak", adierazi du Ana Margarida Fernandesek.

Ana Margarida Conde Fernandes (Vila Real, Portugal. 1988) ikerketa lan hau egiten ari da "Ur teknologia iraunkorretan polielektrolitoak aplikatzea" izeneko bere doktorego tesiaren barruan; POLYMATen ari da lanean, UPV/EHUko Material polimeroetarako institutua, María Paulis irakaslearen eta David Mecerreyes Ikerbasqueko ikertzaileen zuzendaritzapean.

Fernandes bere ikerketa egiten ari da UPV/EHUko POLYMAT-BERC institutuan Europar Batasuneko Marie Curie kontratu bati esker, zientzialarien prestakuntzarako egitasmo garrantzitsuenetako bat. Nazioarteko I+G finantzaketa programa honi esker, zientzialariek eskarmentua lor dezakete atzerrian, eta, horrela, jadanik duten prestakuntza osatu.