Breadcrumb

Eduki publikatzailea

UPV/EHUk material berrien simulazioan adituak diren mundu osoko 1.200 lagun bilduko ditu

Lehenengo argitaratze data: 2015/09/09

Materialen, nanoegituren eta biomolekulen simulazioan lan egiten duten ikertzaileen mundu osoko sarearen bosgarren edizioari ekin diote Kursaaleko Biltzar Jauregiaren auditoriumean, Donostian (Congreso Internacional Psi-k). Honako hauek izan dira inaugurazio ekitaldian: Fernando Plazaola, UPV/EHUko Ikerkuntzako errektoreordea; Adolfo Morais, Eusko Jaurlaritzako Unibertsitateen eta Ikerkuntzaren sailburuordea; Risto Nieminen, Biltzarreko presidenteordea; eta Angel Rubio, Biltzarreko presidenteordea eta UPV/EHUko Materialen Fisika arloko katedraduna.

Irailaren 7tik 10era, Donostia munduko hiriburua izango da zientziaren hainbat esparrutan (fisikan, kimikan, biologian, materialen zientzian eta ingeniaritzan, adibidez) erabilera teknologikoak dituzten material berrien simulazioaren arloan. Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Kimika Fakultateko Materialen Fisika Sailak antolatu du ekitaldia, eta 1.200 pertsona inguruk parte hartuko dute.

Biltzarra bost urtean behin antolatzen da. Bada, lehen aldiz, Alemaniatik kanpo egingo da. "Ekitaldi hau paregabea da erakusteko ordenagailuen bidezko simulazioaren esparrua zer-nolako indarra eta garrantzia izaten ari den hainbat arlotan: besteak beste, nano elektronikan, aplikazio energetikoetarako materialetan (fotovoltaikoak eta termoelektrikoak, adibidez), katalisian eta proteinen eta sendagaien diseinuan. Simulazioa, bere merezimenduagatik, ezinbesteko tresna bihurtu da zientziaren garapenerako, hala oinarrizko mailan nola gure gizartean berehalako eragina duten prozesuetan. Garatutako teknikak zabal erabiltzen dira inoiz ez bezalako material berriak azaltzeko, iragartzeko eta diseinatzeko orduan" azaldu du Ángel Rubio irakasleak.

Sciencie of Cooking
Biltzarraren lau egunetan, osoko bilkura batzuk, 150 bat hitzaldi eta ahozko 160 adierazpen inguru egingo dira, 30 bat sinposiotan banatuta. Halaber, Dani Lasa eta Ramon Perisé Mugaritz jatetxeko I+G taldeko kideek parte hartuko dute; Rubio irakaslearekin batera, "The sciencie of cooking: a craftsman approach" hitzaldia emango dute. "Zientziari esker, sukaldariek ulertu eta hobetu egin ahal izan dituzte kuzinatzen ari direnean gertatzen diren prozesuak; horrela, aurretik inoiz imajinatu gabeko bikaintasun maila lortu dute. Alabaina, gastronomiaren esperientzia subjektiboa denez, beti egongo da aldatuko den zer edo zer". Irailaren 9an emango dute hitzaldia, 18:00etan, Kursaaleko Biltzar Jauregiaren auditoriumean, eta edonor bertaratu ahal izango da.

Kongresuari buruzko informazioa hemen