Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Ikastegiko ikertalde bat, Genetics aldizkari zientifikoko azalean

Lehenengo argitaratze data: 2015/04/28

Irudia

RNA sekuentziazio masiboa erabilita, proteina espezifikoen gabeziak onddo haritsuen garapenean eragiten dituen ondoreak deskribatu dituzte.

Genetics aldizkariaren apirileko zenbakiak (Genetics Society of Americak -GSA- argitaratzen du) azalean jaso du UPV/EHUko Donostiako Kimika Zientzien Fakultateko ikertzaileek argitaratutako artikulu bat: "Beyond Asexual Development: Modifications in the Gene Expression Profile Caused by the Absence of the Aspergillus nidulans Transcription Factor FlbB". Ikerketa lana Oier Etxebeste eta Unai Ugalde irakasleek zuzendu dute, Eduardo Espesorekin (Centro de Investigaciones Biológicas -CSIC-) eta Ana Gorostidirekin (BioDonostia Institutua) elkarlanean. Lan esperimentala Aitor Garcíak (New Yorkeko Rockefeller Unibertsitateko doktorego osteko ikertzailea) eta Elixabet Oiartzaba-Aranok (UPV/EHUko doktoregaia) egin dute. Azaleko irudia Pablo Hernández diseinatzaile eta tatuatzaileak eta Elixabet Oiartzabal-Aranok egin dute. Hiriko artearen eta zientziaren arteko sinergia horrek islatzen du espora asexual edo konidioak sortzen dituen zelula egitura; zehazki, Aspergillus nidulans onddo ereduarenak. Bestalde, hondoan RNA sekuentziazioan lortutako emaitzak ageri dira.

Onddoek eragin ekonomiko handia dute. Industrian entzima iturri edo antibiotiko gisa erabiltzen dira. Aldi berean, ordea, kalte ekonomikoak eragiten dituzte, landareak (arroza, garia, artoa...), frutak eta gizakiak infektatzen dituztelako. Infektatzeko ahalmena areagotu egiten da, beren konidiak laster hedatzen direlako airean edo beste inguru batzuetan.

Genetics aldizkarian kaleratutako artikuluak lotura du UPV/EHUko Kimika Fakultateko talde horren oinarrizko ikerketa lerroarekin; hain zuzen ere, konidiak sorrarazten dituzten prozesu genetikoak eta molekularrak aztertzen ditu.

"Konidiak sortzeko gai den onddoaren andui bat hautatu dugu –azaldu du Oier Etxebeste irakasleak–, inguru ezberdinetara hedatzeko gaitasuna duena; bestalde, halakoetarako gaitasunik ez duen andui mutante bat hautatu dugu. Ondoren, RNA atera diegu biei: zelulek funtzionatzeko beharrezko informazioa gordetzen duen molekularen, DNAren eta informazio hori exekutatzen duen molekularen (hots, proteinen) arteko bitartekaria da. Bi laginen sekuentziazioak eta konparazioak ahalbidetu egiten du konidiak sortu ezin dituen mutantean ukitutako zelula prozesuen argazki orokor bat lortzea. Hori oinarri hartuta, garapenaren kontrolean esku hartzen duten beste gene batzuk identifikatu ditugu, baita onddoari beste mikroorganismo batzuen aurrean defendatzea ahalbidetzen dioten molekulen sintesian esku hartzen duten geneak ere. Helburua da halako onddoek hedatzeko erabiltzen dituzten mekanismoak ezagutzea, eragiten dituzten infekzioak kontrolatzeko estrategia berriei ateak irekitzeko".

Erreferentzia bibliografikoa:
Elixabet Oiartzabal-Arano, Aitor Garzia, Ana Gorostidi, Unai Ugalde, Eduardo A. Espeso, and Oier Etxebeste. "Beyond Asexual Development: Modifications in the Gene Expression Profile Caused by the Absence of the Aspergillus nidulans Transcription Factor FlbB'. Genetics 199:1127-1142, abril de 2015.