Menua Webgunearen menua ireki/itxi

Eduki publikatzailea

III. Kapitulua. Irakaskuntza eta kalifikazioak

Unibertsitateko masterren gestiorako arautegia

19. artikulua.- Ebaluazioa eta kalifikazio sistema.

1.- Ikasketa planeko gaietan ikasleak bereganatutako ikasketa maila kalifikatzeko, zenbakiak erabiliko dira (0tik eta 10era artekoak), hamartar bakarrarekin. Zenbakiez gain, letraz ere adierazi ahal izango dira kalifikazioak, modu honetara:

  • a) 0,0 eta 4,9 artean: suspentso (S)
  • b) 5,0 eta 6,9 artean: nahikoa (N)
  • c) 7,0 eta 8,9 artean: oso ongi (O)
  • d) 9,0 eta 10 artean: bikain (B)

Irakasgaietan ohorezko matrikulak eman ahal izango dira: ohorezko matrikula bat hogei ikasleko multzo bakoitzeko edo hogeitik beherako ikasle multzo bakoitzeko. Horretarako, irakasgai bateko ikasle guztiak akta bakarrean daudela ulertuko da, kontuan hartu gabe zenbat talde dauden.

Irakasgaiak ebaluatzeko irizpideak masterren justifikazio memorian azaltzen direnak izango dira, hau da, masterra egiaztatzeko onartu zirenak.

2.- Irakasgaien aktetan adieraziko diren kalifikazioak sinatu egin beharko dituzte, nahitaez, irakasle arduradunak eta masterraren zuzendaritza akademikoa izan duen arduradunak. Aktek ezin izango dute ez zirriborrorik ez zuzenketarik izan. Halakorik izanez gero, diligentziak egin beharko dira, lehen aipaturiko pertsonek beren-beregi sinatuak.

3.- Kalifikazioak argitaratuko dira unibertsitateak horretarako hautatzen duen aplikazioaren bidez eta unibertsitateko master bakoitzak adierazitako tokian, eta agerian izan beharko dute zein egunetan argitaratu diren, arautegi honetako 19. artikuluan aipatutako epeak zenbatzeari begira.

4.– Lanbide arautuetan jarduteko bidea ematen duten masterretan baldintza hauek aplikatuko dira:

  • Ikasleak sei ebaluazio deialdi izango ditu irakasgai bakoitzerako.
  • Ikasleak uko egin ahal izango dio ebaluazio deialdiari, eta deialdi hori ez zaio kontuan hartuko.
  • Masterreko batzorde akademikoak zehaztu beharko du nola egin behar zaien uko ebaluazio deialdiei.
  • Bosgarren, seigarren eta salbuespenezko deialdiak epaimahai batek ebaluatuko ditu, Gobernu Kontseiluak ezartzen dituen arauei jarraituz.
  • Ikastegi guztietan ikasleren bat bosgarren, seigarren edo salbuespenezko deialdian dagoen irakasgai bakoitzerako, aurreko paragrafoan adierazitako epaimahaia osatuko da, eta ikasturtearen lehenengo hiruhilekoan argitaratuko da epaimahaiaren osaera, kideen izen eta guzti. Epaimahaia osatzean, ahalegina egingo da epaimahaikideak ez daitezen izan aurreko deialdietan zuzentzaile ibilitakoak.
  • Edozein irakasgairen sei deialdiak agortuta, ikasleak salbuespenezko deialdia eska dezake, UPV/EHUko errektoreari zuzendutako idatziaren bidez. Salbuespenezko deialdia emateari buruzko erabakia errektoreak hartuko du, kontuan hartuta ikaslearen espedientea eta beste gorabehera batzuk.
  • Irakasgai baterako deialdiak agortuz gero, ikasleak ezingo du unibertsitatean ordura arte egiten ari zen ikasketekin jarraitu.

Gainerako masterretako gaiak gainditzeko, lau deialdi egongo dira irakasgai bakoitzean (bi ikasturte bakoitzean). «Aurkezteke» kalifikazioak deialdia galtzea ekarriko du.

Hala ere, ikasleei ez zaie arau hori aplikatuko egoera hauetako bat gertatzen denean:

  • Ikaslea gaixorik egotea eskolaldiko hiruhileko batean baino luzaroago. Egoera hori behar bezala egiaztatu beharko da.
  • Beste egoera larri batzuk.

5.- Aktak bete eta gero, masterraren ardura daukan ikastegiko idazkaritzara bidaliko dira hilabeteko epearen barruan.

20. artikulua.- Kalifikazioen berrikuspena.

Kalifikazioen berrikuspena eskatzeko, erreklamazioa aurkeztuko zaio irakasgaia edo jarduera akademikoa eman duen irakasleari. Ondoren, beharrezkoa bada, masterreko batzorde akademikoak jardungo du.

Erreklamazioa ebatzi eta ikasleari horren berri emango zaio gehienez ere hilabeteko epean, erreklamazioa aurkeztutako egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Masterreko batzorde akademikoaren erabakiaren aurka ikasleak erreklamazioa aurkeztu ahal izango dio masterra atxikita dagoen ikastegiko dekano edo zuzendariari. Ikastegiaren erabakiaren kontra ikasleak gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio UPV/EHUko errektoreari, jakinarazpena jaso eta hilabeteko epearen barruan.

Azken erabakia behin betikoa izango da eta administrazio bidea agortuko du.