MASTERRAK

Arestian adierazi dugunez, ikerketa-lanaz gain, Parte Hartuz erakundeak bi master ofizialen inguruko prestakuntza-dimentsioa du, eta master horiei, talde gisa dugun ikerketa-paradigmatik abiatuta, beste prestakuntza-espazio batzuk gehitzen zaizkie, hala nola mintegiak eta tailerrak, herritarrei gure ikerketen emaitzak eta ondorioak itzultzeko helburuarekin.

Partaidetza eta Komunitate-Garapen unibertsitate masterra

Partaidetza eta Komunitate-garapena Masterraren xedea da politika publikoen definizio demokratikoan herritarren eragina sustatzeko gai izango diren profesionalak prestatzea.

Ondoko profesionalak prestatu nahi ditu programak: partaidetza prozesu osoak dinamizatzeko gai diren profesionalak, aipatuak ezarri, garatu eta ebaluatzeko gaitasunarekin, erakunde publikoen funtzionamendua demokratizatzeko eta, honela, beren eraginkortasuna eta errendimendua hobetzeko gai izango direnak, ehun soziala eta asoziatiboa bultzatuz eta, orokorrean, pertsonek beren existentzian eta beren komunitatearen etorkizunean duten protagonismoa bultzatuz aldi berean.

Gizarte ikerketa aplikatu bat planteatu eta garatzeko beharrezkoa den ikerketa metodologia irakasten du masterrak. Gizarte ikerketa hori partaidetza prozesuen bitartez egingo litzateke, partaidetza teknikak txertatuz aniztasun sozial eta kulturaleko ikuspegi batetik.

Masterrak ikerketarako joera garbia dauka eta sarbide zuzena eskaintzen du UPV/EHUren Gizartea, Politika eta Kultura Doktorego Programara.

Subiranotasuna Europako Herrietan Masterra

  

Oraingo globalizazio prozesuek ekarri dizkiguten ondorioen artean lurraldea eta subiranotasuna ulertzeko moduaren aldaketa aipatu behar da. Globalizazioaren aurreko erresistentziak edota egitasmo alternatiboak lurraldean errotzen ari dira, eta ez goitik behera, herritarren borondate demokratikoaren adierazpenen bitartez baizik, bereziki Europan.

Gai orokor horri helduta, eta Euskal Herriko errealitatera ekarrita, masterrean proposatzen diren irakasgaiek eztabaidagai horiek jaso nahi dituzte: herrigintzaren dinamika berriak, erantzun intersekzionalak, egitura politikoen krisia, hezkuntza-hizkuntza, kulturaren garapena eta komunikazioa herri txikietan, eredu kooperatiboak eta industrialak eraberrituak, burujabetza ekonomikoa eta lurralde eskalak...

Masterrak gai horien inguruko lanketa multidiziplinarra egin nahi du, eta horretarako Soziologia, Zientzia Politikoa, Komunikazioa, Ekonomia, Zuzenbidea, Nazioarteko Harremanak, Linguistika, edo Artearen esparrutik datozen irakasleak hautatu ditu ikasleekin batera ariketa hori egiteko.

Akademikoki, masterrak aukera irekitzen du doktorego tesia bideratzeko, eta harreman estua du Gizartea, Politika eta Kultura Doktorego Programarekin.

Beste master batzuk

Gobernantza eta Politika ikasketak unibertsitate masterra

Gobernantza eta Politika Ikasketak Masterra EAEn eskaintzen den era honetako graduondoko programa bakarra da. Programa honen bidez, sakondu eta ikertu egin daiteke Politika eta Administrazio Zientziaren arloan, askotariko interesak barne hartzen dituen ikerketa lerroen aukera zabal eta eguneratu baten bitartez: prozesu demokratikoak eta globalizazioa, analisi politikoa, administrazioa eta politika publikoak, XXI. mendeko teoria politikoa eta ideologiak, parte hartze politikoa eta gobernantza, gobernu elektronikoa, erakunde publikoak eta gizarte mugimenduak, ingurumen politikak, desazkundea eta feminismoa, administrazioaren modernizazioa, ekintza kolektiboa eta gatazka politikoa eskualdetze eta pribatizazio prozesuetan.

Ikasketa feministak eta generokoak unibertsitate masterra

 

Gaur egun, guztiz saihestezina da teoria eta kritika feministatik eginiko ekarpen zientifikoa. Maila teoriko-metodologikotik nahiz maila enpirikotik eginiko ekarpenek eragin zuzena dute diskriminazio eta desberdintasunei lotutako gizarte arazoen gaineko ezagutza areagotzean eta haren kalitatea handitzean, eta arazo horiek konpontzen laguntzen dute.

Master hau ikerketara bideratuta dago, eta diziplinarteko prestakuntza eskaintzen du, espezializatua ikasketa feministetan eta generokoetan. UPV/EHUk alor honetan duen esperientziaz eta kapitalaz baliatzen da.

Alde horretatik, master honetako ikasleek aukera dute antropologia feministaren alorrean ikerketa bat burutzeko behar diren ekarpen teoriko eta tresna metodologiko nagusiak ezagutzeko, eta ikasketa feministen eta generokoen teoria eta ekarpen nagusiak lantzen dira horretarako, baita haien inguruko berrikuspen eta eztabaidak ere, gizarte eta lege zientzien barnean.

Nazioarteko ikasketak unibertsitate masterra

​​​​​​Etengabe aldatzen dagoen mundu honetan, beharrezkoa da etorkizunari buruzko analisia egitea eta gogoeta kontuan izanda era askotako eszenatokiak. Globalizazioaren fenomenoak eragina izan du ekonomian, gizartean eta nazioarteko politikan, baina horrez gain, loturak sortu ditu gatazka, segurtasuna eta garapen kontzeptuen artean, eta horrek, era berean, erronka berriak ekarri dizkio gobernantza globalari.

Egoera hori izanik, Nazioarteko Ikasketen masterrak prestakuntza aurreratua eta diziplina zabalekoa eskaintzen du nazioarteko ikasketen arloan, eta ikerketarako ere prestatzen ditu ikasleak.

Globalizazioa eta Garapena unibertsitate masterra

​​​​​​Egungo harreman ekonomiko, politiko eta sozialek –baita giza harremanen multzoak ere–herrialdeen mugak gainditu eta nazioz gaindiko dimentsio gero eta handiagoa dute.

Alde horretatik, garapen prozesuak eta giza ongizatean eragina duten prozesu gehienak baldintzatuta daude, herrialdeen egitura ekonomiko, politiko eta sozialen gainean gero eta eragin handiagoa duen globalizazioaren mende.

Globalizazioa eta Garapena Masterraren helburua da globalizazioa hainbat ikuspegitatik aztertuko duten ikertzaileak trebatzea.