ERAGIN convocatoria

ERAGIN deialdia

1. Sarrera

Unibertsitatea aldaketa garrantzitsuak bizi izaten ari da azken urteotan. Aldaketa hauek ekonomia, gizarte eta kultura inguruan errotzen dira eta gizarte industrialetik informazio, ezagutza eta/edo ikaskuntzaren gizarterako trantsizioan kokatzen dira; azken batean, ezagutzeko eta ikasteko gaitasun indibiduala eta kolektiboa funtsezko elementua den gizartean.

Aldaketa sakon hauek, dagoeneko, nabarmenak dira unibertsitateko bizitzan. Hain zuzen ere, ezagutza zientifikoaren ekoizpenaren eta transmisioaren ardura duten erakundeak izanik, Europako unibertsitateak antolaketa-erreformaren eskakizunetara (ECTSetara, gradu eta gradu-ondoko berrien egiturara egokitu, irakaskuntza-eskaintzaren liberalizazioa, kontrol deszentralizatuaren forma berrien agerpena) egokitzen hasi dira. Aldi berean, geletako bizitzari eta irakasleen zereginari erasaten dioten aldaketak ere sumatzen dituzte. Unibertsitateko irakasleak dagoeneko ohituta daude hainbat terminorekin, hala nola, gaitasunak, ebaluazio jarraitua, irakaskuntza-modalitateak, etab. Metodologia aktiboak erabiltzeak, zientziaren munduan oso hedatua den iritzi baten arabera, gaitasunetan trebatzeko erronka honi aurre egiten laguntzen du.

Europako eta nazioarteko unibertsitate ugarik erabili eta garatu dituzte metodologia aktiboak, eta begi bistako emaitzak lortu dituzte irakaskuntza-ikaskuntza prozesuetan. Metodologia hauek erabiltzearen abantailen artean, hezkuntza-ikerketak alderdi hauek aipatzen ditu:

  • Ikaslearen motibazio, interes eta inplikazio handiagoa
  • Ikasketak denbora gutxiagoan bukatzen dituzte eta uzte-tasa baxuagoa da
  • Eskuratutako ezagutzen atxikipen handiagoa
  • Trebetasun eta gaitasun profesionalen garapen handiagoa
  • Lotura handiagoa teoriaren eta aplikazioaren artean, aurretiko ezagutzaren eta ikasten ari denaren artean, eta ezagutzen integrazio handiagoa diziplina desberdinen artean

Oro har, metodologia aktibo desberdinek ezaugarri dituzten zenbait alderdi partekatzen dituzte:

  • Arazo, proiektu edo kasu bat ikaskuntza-prozesuaren abiapuntua da, eta horretan galderen formulazioa azpimarratzen da, erantzunak zuzenean eman beharrean. Ikasleek ondorioztatu behar dituzte ikaskuntzaren helburuak eta inplikatutako edukiak, arazo edo kasu bati erantzuteko edo proiektu bat garatzeko.
  • Testuinguruak du garrantzia, arazoak konpontzeko behar diren edukiak bertan sartzen eta erlazionatzen baitira. Ikasleek informazioaren bilaketan parte hartu behar dute inplikatutako edukiak ikasteko, ikasgelan irakasleak horiei buruzko azalpenik eman gabe. Metodologiak inplikatzen du irakaslearen azalpenak ikasgelan nabarmen murriztea.
  • Praktikaren eta teoriaren arteko erlazioaren bidez, ikasleek esperientzia zehatzaren eta teorikoaren arteko lotura egiten ikasten dute. Kontua ez da lehendabizi teoria ematea eta gero praktikan jartzea, ariketa baten ebazpenean. Alderantziz da: lehendabizi arazoren bat aztertzen da, gero ikaskuntzaren helburuak ondorioztatzeko. Ondoren, ikasleek taldean lantzen dituzte helburu horiek irakaslearen gidaritzapean, ikaskuntza autogidatua bultzatuz.
  • Metodologia hauetan, ikaskuntza-prozesu gehienak ikasle-taldeetan gertatzen dira, elkarlanaren bidez eta irakaslearekiko elkarrekintza etengabearen bidez.
  • Ikaskuntza-prozesuan, ikasleek etengabe eta berehala elikatzen dira, eta horrek ebaluazio-sistema jarraitua erabiltzea ekartzen du. Hala, gaitasunen garapenean lortutako aurrerapena balioesten da, eta irakaskuntza-plangintza bideratzen eta egokitzen joaten da, sor daitezkeen beharren arabera.

Metodologia aktiboetan oinarritutako irakaskuntza garatzeak ezagutza zientifikoaren adar batean aditua izatea baino zerbait gehiago eskatzen du; ikasleak bere ikaskuntzan parte har dezan lortzera bideratutako irakaskuntza-gaitasun bereziak garatzea eskatzen du.

Universidad del Pais Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak hausnarketa egin du nola aurre egin erronka hauei IKD hezkuntza-ereduaren esparruan. IKD ereduak inguruan gertatzen denarekiko kontziente eta sentibera diren pertsonak prestatu nahi ditu, etengabeko aldaketetara egokitzeko gai diren pertsonak eta arazo berriei sormenez eta etikoki erantzun ahal izango dietenak.

Bistan denez, hain erronka garrantzitsua ezin da konformatu unibertsitateko hezkuntza irakasleak ikasleari egiten dion informazio-transmisio soil gisa ikustearekin, baizik eta aukerak eman behar ditu ezagutza berria eraikitzeko balioko duen ikaskuntza adierazgarrirako. Zentzu honetan, EEESetik etorritako legezko zuzentarauak aitzakia dira XXI. menderako identitate unibertsitarioa garatzeko, irakaskuntza-ikaskuntza kooperatibo eta dinamikoko IKD eredua / ikaskuntza kooperatiboa eta dinamikoa, ikaslearengan zentratua, unibertsitate publiko gisa gure ibilbide historikoari zentzua ematera datorrena, eta ikuspegi hurbil, jarraituago batetik, gaur arte irakaskuntza-prestakuntza eta -berrikuntza alorrean egindako ahalegin guztiak birbideratzen dituena.

IKD ereduak erlazioa ezartzen du bera gauzatzeko ardura-kidetza duten maila desberdinen artean: curriculumaren garapena, gizarte eta lurralde garapena, garapen profesionala, garapen instituzionala eta hezkuntza aktiboa. Zentzu honetan, ERAGIN programa zuzenean lotuta aurkezten da irakasleen garapen profesionalaren, curriculumaren garapenaren eta hezkuntza aktiboaren ideiari, eta bitarteko gisa, garapen instituzionalean eta lurralde- eta gizarte-garapenean.

ERAGIN programak aholkua ematen du metodologia aktiboetan oinarritutako irakaskuntzaren diseinu, garapen eta ebaluazioaren inguruan; bereziki, honakoetan oinarritutako estrategietan: Arazoetan Oinarritutako Ikaskuntza (AOI), Kasuaren Metodoa (KM) eta Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza (POI), Ikaskuntza Kooperatiboarekin batera (IK). Badira beste metodologia aktibo batzuk hauek bezain interesgarri izan daitezkeenak, baina, une honetan, aurrez aipatutakoek dute lehentasuna programa honetarako. Zentzu honetan, azpimarratu behar da ERAGIN ez dela irakaskuntza-praktika aktibo jakinak "akreditatzeko" eta bere zigilua emateko programa. Programaren helburua da aipatutako metodologien erabilera sistematiko eta koherentean sakontzea, irakaslearen aurretiko esperientziari irakaskuntza-estrategia eta teknika berriak gehituz, izaera irekiko egoera profesional errealen ebazpenerako ikasketa induktiboagoa eta hurbilagoa erraztuko diotenak. Metodologia aktiboen ezaugarriei buruzko informazio zabalagoa lortzeko, kontsultatu helbide honetan: https://www.ehu.eus/ehusfera/helaz/.

Garrantzitsua da adieraztea ERAGIN programak irakasle kopuru murritza trebatzen duela, prozesuak irauten duen aldia amaitzean gai izan daitezen metodologia aktibo bat praktikoki garatzeko ez ezik, unibertsitateko beste irakasle batzuekin tutoretza egiteko, aholkuak emateko edota haiek trebatzeko ere bai. Ildo honetatik, helburua da parte hartzen duten irakasleak erreferente izatea metodologia aktiboa bere zentroan edo jakintza-arloan erabiltzen, eta etorkizunean bere erabilera gainerako irakasleen artean hedatzen laguntzea. Programa hauen bidez (ehundu, FOPU, etab.) metodologia aktiboetan hasteko tailerrak egingo dira; tailer hauek ez dute eskatzen ERAGIN programan parte hartzeak adinako konpromisoa eta dedikazioa.

2. ERAGIN programaren helburuak eta emaitzak

Programa hau Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko Errektoreordetzaren ekimenez garatzen da, Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuaren (HELAZ) zuzendaritza eta antolaketaren menpean, eta funtsezko laguntza ematen dio ikaskuntza kooperatibo eta dinamikoaren IKD eredua estimulatzeko eta babesteko lerro estrategikoari, UPV/EHUren barnean.

Irakasle, Zentro, Saila eta Titulazio bakoitzaren egoerak anitzak izanik, ERAGIN deialdi hau era malgu batean planteatzen da, ahal den neurrian, eremu hauen behar desberdinei erantzun ahal izateko. Honela, banakako parte-hartze eskaerez gain, irakasgai bera ematen duten irakasle taldeen eskaerak ere onartuko dira. Talde eskaera irakasle partaideek egin dezakete, edota hobekuntza plan bati erantzuna emateko, Sailak, Zentroak edo titulazio bateko Kalitate batzordeak garatutako trebakuntza proposamen bat izan daiteke.

ERAGIN programaren bitartez, Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko Errektoreordetzak helburu orokor hauek ditu:

  • UPV/EHUko 2012-2017rako plan estrategikoari bermea eman, non unibertsitateko kredituen %10 metodologia aktiboak eta elkarlanekoak erabiliz emateko helburua finkatzen den.
  • UPV/EHUko irakasleak trebatu irakaskuntza-metodologia aktiboetan, etorkizunean erreferente izan daitezen bikaintasuneko praktikan estrategia hauetan.
  • Prestakuntzan zehar, hausnarketa-jarrera sustatu irakasgaiaren irakaskuntzaren eta gaitasunen garapenaren aurrean, ikerketan eta prozesuen eta emaitzen ebaluazioan oinarrituta.
  • Baliabide digitalen zentroa garatzen jarraitu, ikd baliabideak, erreferente bihur dadin aipatutako hiru metodologiekin egindako irakaskuntza arloko esperientzia berrien dokumentazioan eta hedapenean.
  • Eragin zuzena eta adierazgarria izan UPV/EHUko irakasle kopuru garrantzitsuaren esperientzian eta geroz eta ikasle gehiagoren ikaskuntza aktiboan.

Deialdi honetarako aurreikusitako emaitzak hauek dira:

  • UPV/EHUko 75 irakasle trebatu, lurralde aniztasunaren eta jakintza-adarren irizpideei eutsiz.
  • Gelako 50 esperientzia (banakakoak eta taldekoak) gutxienez praktikan jarri metodologia hauekin lan egiteko.
  • Material didaktikoak sortu irakaskuntza-metodologia aktiboaren arloan, kanpoko kalitate- eta balioztatze-irizpideekin; eta ikd baliabideak-en argitaratu, hurrengo urteetan metodologia-berrikuntzetan sartuko diren irakasleek erabiltzeko eta hobetzeko.

3. Parte-hartzaileak eta baliabideak

ERAGIN programa burutu ahal izateko, beharrezkoa da bera gauzatzea bermatuko duten hainbat baliabide material eta gizatiar mobilizatzea. Honako hauek dira:

Profilak Karakterizazioa
Batzorde arduraduna Organo honen ardura da hautagaiak aukeratzea, etengabeko jarraipena, erreklamazioak, ERAGIN programaren kudeaketa eta ebaluazioa. Batzordea hauek osatzen dute: Gradu Ikasketen eta Berrikuntza arloko Errektore-ordea, HELAZeko Zuzendaria eta Metodologia Berrikuntzarako Zuzendaria.
Prestatzaileak eta aholkulariak UPV/EHUko irakasleak dira edota programan parte hartzen duten beste unibertsitate batzuetakoak.
ERAGINen parte hartzen duten irakasleak Onartutako irakasleak dira, programan parte hartzen dutenak, bertan aipatzen diren eskubide eta konpromisoekin.

Konpromisoak

Irakasle parte-hartzaileak

  1. Dagokion metodologiako prestakuntza-ikastarora joan eta aktiboki parte hartu.
  2. Metodologia aktiboko proposamena diseinatu 2014/2015 ikasturteko lehen edo bigarren lauhilekoan emango duen irakasgairako, gradu berrien esparruan. Diseinu-proposamenak irakasgaiko kredituen eta bere ebaluazio-sistemaren %25 gutxienez izan behar du. Diseinu-proposamena bi irakaslek eginez gero, irakasgaiko kredituen %40 izan beharko du gutxienez, eta %50 gutxienez hiru irakasle edo gehiago izanez gero. Proposamenak irakaskuntza-modalitate batzuetako kredituak izan behar ditu, eta ez soilik irakaskuntza-modalitate praktikoak. Diseinuaren garapenerako, bere taldeari egokitutako tutorearen laguntza jasoko du.
  3. Aholkulariaren orientabide eta gomendioei jarraitu, proposamenen diseinuan dagozkien aldaketak gehituz.
  4. Bileretara joan eta bertan parte hartu, aholkulariak eta/edo programaren zuzendaritzak beharrezko jotzen dituenean funtzionamendu onerako; halaber, ezarritako lan-egutegia bete behar du. Era berean, inplementazio-aldian gela irekitzeko konpromisoa hartuko du, irakaskuntza-praktika baten behaketa zuzen bat edo bi egin ahal izateko; hauei buruz, berrelikadura eta hobetu daitezkeen alderdiak jasoko ditu.
  5. Bere proposamena inplementatu, ahal izanez gero, 2014/2015 ikasturteko lehen lauhilekoan. Inplementazioan zehar, bere aholkulariaren laguntza jasoko du.
  6. Konpromisoa hartu proposatutako diseinuarekin lortutako irakaskuntzaren eta ikaskuntzaren ebaluazioa egiteko. Prestakuntzako aholkulariaren laguntza jasoko du.
  7. Azken materiala prestatu, aholkulari-taldeak iradokitako orientabide eta aldaketak sartuta. Azken materiala UPV/EHUren ikd baliabideak-eko argitalpen-kontseilura bidali ahal izango da, argitaratzeko egokitasuna baloratzeko.

Behin programa amaituta, ebaluazio positiboa jasotako parte-hartzaileak, beste irakasle batzuk prestatzen laguntzeko hartu ahal izango dira, bai metodologia aktiboetan hasteko etorkizuneko tailerretan parte hartuz, bai berrikuntza-jardunaldietan bere esperientzia hedatuz, edota prestakuntza-programetako beste parte-hartzaile batzuen tutoretzaren bidez.

Inplikatutako irakasleen departamentuak eta zentroak

ERAGINek bere IKD konpromisoa ongi burutzeko, beharrezkoa da dagokion maila instituzionaletik (Departamenduak eta Zentroak) bere funtzionamendu onaren alde egitea programa honek adierazten duen terminoetan, eta beste irakasle batzuei ezartzen eta hedatzen laguntzea. Era berean, desiragarria da ERAGIN bat etortzea zentroak ehundu programaren barnean hartutako konpromisoekin. Ondorioz, ERAGINeko parte-hartzaileei dagozkien Departamendu eta Zentroek konpromisoa hartuko dute parte-hartzaileen prestakuntzan laguntzeko, inplementazioa errazteko eta baliabide hauek gehitzeko zentroak hartutako curriculumaren garapenerako politika eta planei, bereziki, ehundu programaren esparruan.

Bereziki, ebaluaketaren gaian programaren beharrak kontutan hartuz, parte hartuko duten irakasgaien programaren %30 etengabeko ebaluazioaren sistemaren bidez ebaluatuko direla baimendu beharko dute Sailek (ikus Graduko eta Lehenengo eta Bigarren Zikloko Ikasketen Gestiorako 2013-2013 ikasturteko Arautegia, IV. kapitulua, 43.art.).

Zentzu honetan, programan onartua izateko, eskatzailearen Departamentuaren eta kide den Zentroaren onarpena beharko da (Ikusi I eta II eranskinak).

Aholkulariak

Metodologia aktibo bakoitzerako taldeak sortuko dira, eta taldeentzat tutoreak izendatuko dira. Hauek metodologia aktiboko proposamen bakoitza dinamizatzeaz eta parte-hartzaileei laguntzeaz arduratuko dira prozesu honetan zehar.

Aholkulariek funtzio hauek dituzte:

  1. Taldeei beharrezko tresnak eman metodologia aktiboko proposamenaren eztabaida eta diseinurako.
  2. Taldeek planteatutako zalantzak eta zailtasunak konpondu.
  3. Programaren zuzendaritzari jakinarazi sor daitezkeen funtzionamendu-arazoak.
  4. Behar diren bilerak egin eta dinamizatu taldearekin.
  5. Programarekin kolaboratu, irakasle-taldeen prestakuntza-prozesurako ideiak eta materialak emanez.

ERAGINeko batzorde arduraduna

Prozesuaren azken arduradunak izango dira eta zeregin nagusitzat ERAGIN programaren inplementazio integrala izango dute, prestatzaileei, tutoreei, irakasle parte-hartzaileei eman beharreko laguntza eta, azken batean, programako jardueren egunez eguneko garapena eta kudeaketa barne. Halaber, hauen ardura da parte-hartzaileen ebaluazioa egitea prozesuan zehar eta balizko erreklamazioen kudeaketaren ebaluazioa.

4. Fitxa teknikoa

Iraupena

2014ko urtarriletik 2015ko urtarrila/ekainera (inplementazioa 2014-2015 ikasturteko lehen edo bigarren lauhilekoan egitearen, edota ikasturte osoan zehar egitearen arabera)

Prestakuntza-denbora

12 ECTS. Konpromisoak betetzen dituzten eta aldeko ebaluazioa jasotzen duten pertsona guztiak egiaztatuko dira.

Eskainitako plaza kopurua

75

Presentziazko jarduerak emateko tokia

Izen-ematearen eta azpiegitura-aukeren arabera, hiru Campusetako edozeinetan egingo da.

Izaera

Borondatezkoa..

Sarbidea

Unibertsala, baldin eta eskaera gehiegi izaten ez bada; kasu horretan, 6. atalean aipatutako irizpideak aplikatuko dira.

Betebeharrak

  • Departamentuaren eta Zentroko zuzendaritzaren oniritzia.
  • Metodologia aktiboko proposamena garatu graduko irakasgai baterako.

Konpromisoa

Prestakuntza honen ezaugarriak aintzat hartuta, onartutako pertsonek programan zehaztutako baldintzekin arduratsu izateko konpromisoa hartuko dute.

5. Programaren faseak

ERAGIN programa bost faseko prozesutzat ulertzen da. Oro har, jarraian zehaztutako ezaugarriak dituzte, baina metodologia bakoitzari egokituta.

1. Fasea: Hastapeneko tailerrak irakaskuntza-metodologia aktiboetan.

Programan onartutako parte-hartzaileek irakaskuntza-metodologia aktiboetan hasteko hiru tailerretako bat egingo dute:

  • a) Kasuaren Metodoa;
  • b) Arazoetan Oinarritutako Ikaskuntza;
  • c) Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza.

Gainera, hiru metodologietan Ikaskuntza Kooperatiboko jardunaldi bat emango da. Tailer hauek lehen lauhilekoko azterketa garaian egingo dira, egun jarraituetan, 9:30etatik 17:00etara.

Iraupena

2014ko urtarrileko azterketa-garaia

Prestakuntza-denbora

  • Ikaskuntza Kooperatiboa (IK) eta Kasuaren Metodoa: 16 ordu, 3 egun jarraituetan.
  • IK eta Arazoetan Oinarritutako Ikaskuntza: 16 ordu, 3 egun jarraituetan.
  • IK eta Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza: 16 ordu, 3 egun jarraituetan.

Ikasturte bakoitzeko azken saioan aholkularien izendapena egingo da eta lauhileko lan-plana komentatuko da.

Lan-karga

1 ECTS

Modalitatea

Presentziazko mintegia eta lan pertsonala irakasle adituekin.

2. Fasea: Irakasgaiaren diseinua, metodologia aktiboa eta kasuaren ikerketa, arazoa eta proiektua integratuta.

Bigarren fasean, parte-hartzaileek material didaktikoa egingo dute gutxienez irakasgaiaren %25erako, bertan integratuz aukeratutako metodologia aktiboa (%40 bi irakasle izanez gero irakasgai berbera ematen dutenak, eta %50 hiru irakasle edo gehiago badira).

Zenbaitetan, "arazoa", hiru metodologietako abiapuntu gisa ulertua, bizitza profesional errealeko egoera bat da, eta aukera bat baino gehiago aurkezten du ebazteko. Pentsa dezagun osasun arloan, zuzenbide arloan, enpresetan, eskoletan, diseinu teknologikoan… aurkitzen ditugun egoeretan. Kasu horietan, irakasleak benetako testuinguruan ikertu eta dokumentatu beharko du ikasleei aurkeztuko dien arazoa, bertan parte hartu dutenak elkarrizketatuz eta egiazko datuak emanez, beti ere, egite deontologiko baten mugen barnean. Arazoaren ikerketaz ari garen zentzu honetan, interes bereziko fasea da; izan ere, ikaskuntza inguratzen duen errealitate sozial eta profesionalarekin konektatzeko aukera ematen baitu.

Arazoaren "in situ"ko ikerketa honekin batera, irakasgaiaren diseinuak metodologia aktiboa integratuz, berekin du bilaketa bibliografikoa, materialen elaborazioa, ikaskuntza-jardueren plangintza, eta tresnen eta ebaluazio-irizpideen definizioa.

Iraupena

2014 otsaila-ekaina

Lan-karga

4 ECTS

Modalitatea (otsaila-maiatza)

  • Lan pertsonala eta/edo talde txikian, Eragineko tutoreak gainbegiratuta.
  • Foro birtual kolaboratzaileak.
  • Presentziazko tutoretzak, beharrezkoa ikusten denean.

Modalitatea (ekaina)

Egindako diseinuak aurkezteko eta hobekuntzak proposatzeko jardunaldia, edo bilera tutorearekin.

Diseinua entregatu

2014ko ekainak 15. Tutoreak, hilabeteko epean, txosten bat egin beharko du egindako lana ebaluatuz, eta irakasleari eta programaren zuzendaritzari bidaliko zaie.

3. Fasea. Proposamenaren inplementazioa gelan eta metodologia-proposamenaren kanpoko balioztatzea.

Fase honetan, parte-hartzaile bakoitzak bere diseinua inplementatuko du bere irakasgaiaren irakaskuntzan eta lortutako ikaskuntza-emaitzak ebaluatuko ditu. Fase hau modu kolaboratzailean ere garatuko da, inplementazioko esperientziak partekatuz tutore baten aholkularitzapean.

Iraupena

2014 Iraila – 2015 Urtarrila/Ekaina (egutegiaren eta inplementazioaren iraupenaren arabera)

Lan-karga

5 ECTS

Modalitatea (2014 iraila-2015 urtarrila/ekaina)

  • Lan pertsonala eta/edo talde txikian, ERAGINeko aholkulariaren laguntzaz.
  • Foro birtual kolaboratzaileak.
  • Presentziazko tutoretzak, beharrezkoa ikusten denean.

Modalitatea (2014 iraila-2015 urtarrila/ekaina)

Irakaskuntza praktika bat edo bi behatu eta ondoren kontrastatu. Behaketa honen txostena egingo da.

Ikaskuntza-materiala entregatu, behin esperimentatuta eta berrikusita

2015ko Martxoa/Ekaina.

Hilabeteko epean, aholkulariak eta beste ebaluatzaile batek txosten bat egingo dute egindako lana ebaluatuz, eta irakasleari eta programaren zuzendaritzari bidaliko zaie.

4. Fasea. Behin betiko proposamenaren prestaketa eta argitalpena UPV/EHUko baliabideen zentroan hedatzeko.

Behin materiala balioztatuta, ondoen baloratutakoak ikdbaliabideak Baliabideen Zentroan argitaratzeko hautatuko dira.

Iraupena

2015 Martxoa/Iraila (inplementazioa 2015ko lehen edo bigarren hiruhilekoan amaitzearen arabera)

Lan-karga

2 ECTS

Modalitatea (2015 Martxoa/Iraila)

Behin betiko materiala prestatzeko lan pertsonala.

6. Eskaerak eta onarpena

Programan parte hartzeko eskaera, dokumentu honen bukaeran agertzen diren eskaera orria (taldekoa edo banakakoa) eta I eta II eraskinak bidaliz egin behar da. Eskaera eskaneatuta e-mailez bidaliko da maite.neira@ehu.es helbidera. Gainera, UPV/EHUren edozein erregistro ofizialen bidez tramitatuko da Gipuzkoako SAE_HELAZera: SAE-HELAZ, Carlos Santamaria Eraikina, Elhuyar 2 Plaza, 20018, Donostia-San Sebastian.

Eskaerak aurkezteko epea 2013ko azaroaren 22an amaituko da.

Programan onartua izateko, parte-hartzaileak bere departamentuaren eta zentroko zuzendaritzaren oniritzia izan behar du. Parte-hartzaileak bere proposamena inplementatu beharko du graduko irakasgai baterako.

Departamentuaren eta Zentroaren oniritzia jasotzen duten orriak eskaerarekin batera aurkeztuko dira (Ikusi I eta II eranskinak).

Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta 3 aste igarota, Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko Errektoreordetzak, SAE/HELAZen bidez, e-mailez jakinaraziko die eskatzaileei onartuak izan diren edo ez.

Deialdi honen helburuetako bat irakaskuntza-metodologia aktiboen erabilera zabaltzea izanik eta plaza kopurua 75 dela jakinda, hautaketa-prozesu bat egingo da UPV/EHUko gradu eta zentro multzo osoari erantzuteko. Horretarako, eskaera-kopurua orekatzen ahaleginduko da, batetik, aniztasuna bermatzeko eta, bestetik, erantzuna eman ahal izateko zentroetako prestakuntza beharrei, graduko kudeaketa-planen garapenari, eta ehundu programan hartutako konpromisoak betetzen laguntzeko.

Testuinguru instituzionalaz gain, eskatzailearen gaitasun linguistikoak eta profila izango dira kontuan. Programan lehen aldiz parte hartuko duten irakasleen eskaerek lehentasuna izango dute.

Eskaerak baremo honekin baloratuko dira:

  • Testuinguru instituzionala: 60 puntu
    • Lurralde eta titulazio aniztasuna bermatuko dituen eskaera-kopuruaren arteko oreka
    • Zentroaren eta/edo Sailaren prestakuntza beharrak
    • Metodologia aktiboen integraziorako Zentroek aurkeztutako proposamenen koherentzia
    • Metodologia aktiboen banaketa graduala graduko ikastaroetan zehar
  • Talde eskaerak: 20 puntu
  • Euskara jakitea: 10 puntu.
  • Ingelesa jakitea: 10 puntu.

Behar izanez gero, eskaerak partikularki aztertuko dira eskatzaileekin.

Hautaketa ERAGIN programako batzorde arduradunak egingo du.

7. Ebaluazioa eta akreditazioa

Programaren fase bakoitzean, aholkulariek txosten bat egingo dute burututako lanari buruz, balorazio positiboa edo negatiboa adieraziz eta justifikatuz.

Prestakuntza-prozesu osoa erregulartasunez jarraitu duten parte-hartzaileei eta fase bakoitzean balorazio positiboa lortu dutenei, 12 ECTS kredituko (300 ordu) ziurtagiri bat jaulkiko zaie. Era berean, ebaluazio positiboa jaso dutenen artean, egindako material didaktikoa ebaluatuko da, beharbada, ikd baliabideak Baliabide Zentroan argitaratzeko.

8. Azken xedapena

Interesatuek deialdiaren, deialdiko oinarrien eta deialditik eratorritako administrazio egintzen aurka egin dezakete, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen legean ezarritako epean eta moduan.

Leioan, 2013ko urriaren 29an.

Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko errektoreordea, Amaya Zárraga Castro