IRARKER ARGAZKIA

iRAKER: UPV/EHUko irakasleen gaitasun akademikoa garatzeko programa

Irudia

 

iRAKER programa berri bat diseinatzen ari gara, hurrengo hilabeteetan jakinaraziko da.

Norentzat:

Prestakuntza hau irakasle atxiki doktoreei dago zuzendua, egonkortze fasean egonik agregatu akreditazioa lortu behar dutenei, hain zuzen ere. 

IRAKER-Programa

iRAKER: UPV/EHUko irakasleen gaitasun akademikoa garatzeko programa (2020-2021)

1. Justifikazioa

UPV/EHUn ikusten da erakundeak premia daukala estrategia sendoak ezartzeko irakasle-ikertzaileen garapen akademikoa bideratu eta errazte aldera, eta, batez ere, oinarriak ezartzeko irakasle berrien belaunaldi berri bat eraginkortasunez sartzeko bizitza akademikoan. Gure unibertsitateak izango duen lehenengo belaunaldi aldaketa bizi dugu egun; titulazioak eta fakultateak jaiotzen ikusi eta beren ahaleginarekin haiek abian jartzen lagundu zutenek agur esango diote beren lan bizitzari. Hortaz, fenomeno berri baten aurrean gaude; izan ere, ehunka irakasle berri hasiko dira lanean denboraldi laburrean, orain arte ezagututakoarekiko erabat desberdina izango den erritmo baten, eta kanpotik ezarritako baldintza gogorretan. Fenomeno horrek unibertsitatean irakasle eta ikertzaile lanetan hasten diren pertsonei eragiteaz gain, ikastegiei eta sailei eurei ere eragiten die, titulazioen eta ikerketen kalitatea bermatuz berritu behar baitute plantilla.

Hala ere, prozesu hau krisi ekonomikoaren garaian eta irakasleak kontratatzeko murrizketa sasoian ari da betetzen. Irakasleen datuak arin batean aztertuta, ikusten da arduraldi osoko irakasleen laurden bat aldi baterakoa dela (horietatik % 70 doktoreak). Badira maila beheragoko lan kontratudun figura batzuk (atxikiak, lankideak, laguntzaileak, lan kontratudun bitartekoak), eta premia iraunkorrei zein unean unekoei egiten diete aurrea; baina, zalantzarik gabe, aldi baterako irakasleak dira irakaskuntzako lanetan jardungo dutenak pixkana pixkanaka unibertsitatea uzten doazen irakasleei erreleboa emateko.

iRAKER programak laugarren deialdia egiten du prozesu honetan plaza hutsak betetzen ari diren irakasleei laguntza ematen jarraitzeko, eta beren karrera akademikoa planifikatzeko eta garatzeko aukera izan dezaten. Programa hau ez da UPV/EHUk irakasle-ikertzaileei eskaintzen dizkien beste prestakuntza programak bezalakoa; izan ere, izaera unibertsala dauka, borondatezkoa eta banakakoa da: irakasle bakoitzak berak aukeratzen du unean-unean egokia iruditzen zaion prestakuntza. iRAKER irakasle berrien garapenerako programa da, irakasle atxikientzat epe ertaineko estrategia zehazten duena planteamendu integratzailea oinarri hartuta, eta abiapuntu dituena bi galdera: zer esanahi dauka UPV/EHUn irakasle izateak? nola eman zentzuzko laguntza irakasleei beren karreran garapen akademikoa izan dezaten?

Unibertsitateko lan kontratudun irakasle iraunkorren irudiek betetzen duten irakaskuntza jarduna hiru arlotan baterabildu daiteke:

  1. Irakaskuntza-ikaskuntza. Ikasle taldeetan ematen diren eskolekin lotutako jarduerak, tutore lana eta ikaskuntzaren jarraipena (praktikak, practicuma, GRAL, MAL, doktorego tesiak zuzentzea); irakasle arloetako lidergoa (irakasgaien, mailaren eta titulazioaren koordinazioa); titulazioaren diseinu curricularra; diziplinako irakaskuntzaren eta ikaskuntzaren ikerketa; hezkuntza berrikuntza.

  2. Ikerketa. Ikerketa jarduera, ikerketa aurreratuan eguneratzea, ikerketako lidergoa, ikerketarako mentoring-a eta prestakuntza, ikerketa proiektuetako lankidetzak, eta zientziaren hedakuntza eta zabalkundea.

  3. Konpromiso publikoa. Barrura begira, unibertsitateari, sailei edo ikastegiei laguntza ematea (gestio aurreratua eta lidergoa), eta, kanpora begira, erakunde publiko garen heinean, laguntza ematea gizarte zibilari, erakunde publikoei, profesionalen erakundeei, gobernuz kanpoko erakundeei, eztabaida publikoari eta, oro har, gizarteari (zientzia, teknologia, gizarte eta kulturaren arloko transferentzia). Irakasle iraunkorrek hiru arlo horietako gaitasunak garatu beharko dituzte, eta horretarako laguntza emango zaie, horren bidez, era berean, karrera akademikoko promozioa errazteko, arlo profesionalean garatzeko eta unibertsitatearen garapenerako, proiektu orokor legez, laguntza eman dezaten. Hori guztia kontuan hartuta, bada, UPV/EHUko irakasleen gaitasun akademikoa garatzeko iRAKER programa da UPV/EHUk izango duen tresna irakasle doktoreei lehentasunez laguntza emateko, irakasle horiek karrera akademikoan sartu eta finka daitezen; betiere, irakasle doktore horiek kanpoko akreditazioa badute eta belaunaldi aldaketa fasean dagoen arloren batekoak badira. Programa hau alderdiok garatzeaz arduratuko da:

    • Irakaskuntza gaitasuna. ikasleentzako gidak osatzea, metodologia aktiboak, gaitasunen eta ikaskuntza emaitzen ebaluazioa, laguntza eta jarraipena zuzeneko eta on-lineko tutoretza lanaren bidez, hezkuntzaren berrikuntza eta goi mailako hezkuntzako ikasketa diziplinarrari buruzko ikerketan hastea.

    • Ikerketa gaitasuna. Zientziaren arloko eguneratzea, ikerketako kontratuak eta proiektuak prestatzea eta kudeatzea, lan zientifikoan lortutako emaitzak argitaratzea eta zabaltzea, ebaluazio zientifikoa eta adierazle bibliometrikoak, ezagutzaren transferentzia eta spin-off enpresak sortzea.

    • Gaitasun profesionala. Eleaniztasuna, teknologia berriak, gizarte berrikuntza, garapen jasangarriko helburuak, gestio aurreratua, lidergoa eta garapen pertsonala.

2. Helburuak eta izaera

UPV/EHUko irakasleen gaitasun akademikoa garatzeko programa, iRAKER, honako errektoreordetzen arteko lan koordinatuaren fruitu da: Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko Errektoreordetza, Ikerketaren arloko Errektoreordetza eta Irakasleen arloko Errektoreordetza. Programa honek 2018-2021 aldirako UPV/EHUren Plan Estrategikoan jasotako helburuen alde egiten du nabarmen; besteak beste honakoak biltzen ditu: IKD unibertsitatearen beraren irakaskuntza eredua bultzatzea eta sustatzea; UPV/EHUko irakasleen gaitasunen katalogoan oinarrituta, irakasleak prestatzeko programa bat diseinatu eta ezartzea; ikerketan euskararen erabilera sustatzea; ikerketa lana irakasle guztien lanean txertatzea.

iRAKER programaren bidez helburu orokor hauek lortu nahi dira:

  • Laguntza ematea finkatze bidean dauden irakasle doktoreei UPV/EHUko irakasle izateko nortasun profesionala bere osotasunean eraikitzeko eta plantilla egonkorrean finkatzeko.

  • Irakasle doktore akreditatu hasi berrienak unibertsitatearen dinamika konplexuan sartzea (irakaskuntza, ikerketa eta konpromiso publikoa), lan horretan irakasle berriak eta finkatuak tartean sartuz.

  • Erraztasuna ematea talde honek UPV/EHUko Ikaskuntza Profesionaleko Plana diseinatu eta betetzeko behar duen laguntza prozesurako, kontuan izanda abiapuntu izango dutela beren esperientzia, eta helmuga, hurrengo akreditazioak ezartzen dizkien erronkak.

  • UPV/EHUko ikastegiei eta sailei ardurak ematea lan honetan, hasiberriak irakasle taldeen, ikertaldeen eta erakundeari laguntza emateko lanaren dinamikan sar daitezela bultza dezaten.

  • Baldintza egokiak sortzea talde hau Unibasq agentziaren bidez kanpoko akreditazioa lortzera bideratzeko.

iRAKER programaren laugarren edizio (2020/21) honen bidez emaitza hauek lortu nahi dira:

  • Laguntza ematea finkatze bidean eta akreditatuta dauden 25 irakasle doktoreri, aipatutako baldintzetan.

  • Mentore sarea osatzea hiru campusetan, irakasle horien eta finkatuta eta esperientzia daukaten irakasleen arteko harremana indartzeko.

  • UPV/EHUko ikastegi eta sailen parte hartze aktiboa artikulatzea esperientzia gutxiago daukaten irakasleen garapen profesionalean lagun dezaten.

  • Prozesua osatu eta ikertuko duen lan talde bat osatzea, goi mailako kalitatezko eskaintza bermatzeko.

3. Datu teknikoak

Datu teknikoak
LAN ZAMA 8 ECTS
HIZKUNTZAK Euskara, gaztelania eta ingelesa

Ikastaroak eta tailerrak hiru hizkuntzetako edozeinetan emango dira; beraz, partaideek hiru hizkuntzetan izan beharko dituzte komunikaziorako oinarrizko gaitasunak.

IZAERA Borondatezkoa, irakasle atxikientzat

Irakasle atxiki plaza 2014ko irailetik 2019ko abendura bitartean hartuta izatea.

IRAUPENA 15 hilabete

Lanerako gida Ikaskuntza Profesionaleko Plana izango denez, partaideek ibilbidea malgutasunez zehaztu ahal izango dute eta bakoitzak bere egoerara egokituta.

LAN PLANA

Modalitate erdipresentziala

Nahitaezkoa izango da parte hartzea aurrez aurre eta bideokonferentziaz online egingo diren saioetan.

Lan pertsonala
(ikasgelatik kanpo)

Ikasgelako saioen ondoren egin beharrekoa; normalean, zeregin edo produktu jakin baten inguruan egin beharrekoa. Lan hori egiteko denbora muga ezarriko da.

On-lineko lana

Lan pertsonala batez ere euskarri elektronikoetan egingo da.

Lan praktikoa

Jarduera batzuk praktikoak izango dira, ikasgelan bertan edo bakoitzak bere lan inguruan egin beharrekoak (adb.: ikasleekin, ikasgelan, metodologia aktiboa ezartzea, ebaluazioko eta feed-backeko estrategiak ezartzea edo komunikazio bat egitea…)

Portafolio akademikoa

Partaideek, prestakuntza aldian, portafolio akademikoa osatuko dute, gogoetan oinarritua. Bertan jasoko dituzte beren lanik aipagarrienak, beren lanek izandako balorazioak (ikasleenak, mentoreenak…). Ibilbide profesionalari buruzko gogoeta ere bildu beharko dute.

 

4. Partaideak eta baliabideak

Prestakuntza hau irakasle atxiki doktoreei dago zuzendua, egonkortze fasean egonik agregatu akreditazioa lortu behar dutenei, hain zuzen ere. Hautagaiek baldintza hauek bete behar dituzte:

  • Unibertsitatean irakasle lanean urtebete baino gehiago eramatea eta 5 urte baino gutxiago (lehentasuna izango dute).
  • Arduraldi osoko kontratua izatea irakasle atxiki legez (irakasle iraunkor doktorea).
  • Irakaskuntza esleituta izatea 2020/2021 ikasturtean, graduetan.

Ez da onartuko deialdia argitaratzen denean irakasle agregatu edo titular moduan akreditatuta dagoen irakaslerik.

Rolak eta erantzukizunak
KOORDINAZIO TALDEA

Talde honen ardura izango da: iRAKER programa diseinatzea eta gestionatzea, programaren ebaluazioa egitea, programa birbideratzea eta programaren etengabeko jarraipena egitea.

Prozesuaren ikerketarako eta prestakuntzarako talde iraunkorra izango da, eta prestakuntza prozesuaren erantzukizun zuzena izango du.

SAE-HELAZ izango da programaren gestio zuzenaren arduraduna.

MENTORE SAREA

UPV/EHUko irakasleak dira, partaide bakoitzari bere irakaskuntza eta ikerketa egoeran laguntza emango diotenak. Ikaskuntza Profesionaleko Plana praktikan jartzeko laguntza eta aholku emateko konpromisoa hartzen dute.

IRAKASLE PARTAIDEAK

Hautagai baldintzak beteta izanik (3. atala) iRAKER programan parte hartzeko beren ikastegiaren/sailaren babesa duten irakasleak dira.

HAUTAKETA ETA ERREKLAMAZIO BATZORDEA

Hautagaiak aukeratzeko eta prozesuan sortutako erreklamazioak ebazteko ardura daukan organoa da. Batzordeburua Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko errektoreordea izango da, eta batzordekide: Irakasle-ikertzaileen Gestioko zuzendaria, Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuko zuzendaria (SAE-HELAZ) eta programaren arduraduna.

 

5. Programaren faseak

Faseak

1. MODULUA

ARLO AKADEMIKOAREN DIAGNOSIA ETA PROIEKTIBA: IKASKUNTZA PROFESIONALEKO PLANA (IPP) UPV/EHUn

  • UPV/EHUn ibilbide akademikoa egiteko dauden bitartekoak
  • Hasierako egoeraren diagnosia. Ikerketan, irakaskuntzan eta gestioan lortutako emaitzak aztertzea.
  • Bakoitzaren premiak eta erakundean dituen itxaropenak aztertzea.
  • Akreditaziorako kanpotik ezarriko betebeharrak.
  • Ikaskuntza Profesionaleko Plana egitea.

2 ECTS. 2020ko urria eta azaroko asteazkenetan, 11:00etatik 13:00etara, online burutuko diren saioak, ikerketari buruzko saio bat (eguna eta formatua taldeak dituen premien arabera zehaztuko da), eta abenduan banakako saio bat.

2. MODULUA

IKASKUNTZA PROFESIONALERAKO PLANA (IPP) GARATZEKO LEHENENGO ETAPA

  • Mentoreen bidez laguntza ematea.
  • IPP mentoreekin kontrastatzea eta jarraipena egitea.
  • Prestakuntza tailerrak eta jarduerak: MetAK [1]
  • Ikerketa lanerako orientazioa (ikerketa proiektuak, argitalpenak, artikuluen zabalkundea…)

3 ECTS. 2021ko urtarrila-ekaina (oraindik datak zehazteke)

3. MODULUA.

BANAN BANAKO IBILBIDEAK GARATZEA
  • Mentoreen bidez laguntza ematea.
  • Mentoreekin IPParen jarraipena egitea.
  • Tailerrak eta prestakuntza jarduerak: DOITU online [1]
  • Docentiaz programaren ebaluazioa egiteko prestatzea.
  • Ikerketa lanerako orientazioa (ikerketa proiektuak, argitalpenak, artikuluen zabalkundea…)
  • Irakaskuntza programa prestatzea lehiaketa-oposiziorako.

3 ECTS. 2021ko iraila-abendua (gutxi gorabeherako datak eta banan-banako ibilbidera egokitua)

[1] Proposatutako prestakuntza jarduerak MetAK eta DOITU dira, baina negoziatu egin daitezke lehendik izandako prestakuntzara eta bakoitzaren premietara egokitzeko.

6. Eskaerak eta onartua izatea

Programan parte hartu nahi duten pertsonek HELAZen webgunean dagoen formularioa bete behar dute.

Eskaerak aurkezteko epea 2020ko ekainaren 19ean bukatzen da

Programan parte hartuko duten irakasleak aukeratzeko, kontuan hartuko dira aurreko ibilbide profesionala, hizkuntza gaitasunak, erakundearen testuingurua eta garapen profesionalarekin lotutako gaiak.

Hautaketa eta Erreklamazio Batzordea izango da hautagaiak aukeratzeko eta prozesuan egon daitekeen edozein erreklamazio jaso eta ebazteko ardura izango duen organoa.

7. Ebaluazioa eta akreditazioa

Programaren fase bakoitzean, prestakuntza taldeak eta mentoreek, txosten bat igorriko dute egindako lanari buruz. Bertan balorazioa positiboa edo negatiboa izan den adierazi beharko dute eta horretarako arrazoiak eman.

Prestakuntza prozesu osoa erregulartasunez bete dutenei, MetAk eta DOITU edo prestakuntza taldearekin adostutako tailerrak osatuta, eta faseetako bakoitzean ebaluazio positiboa lortu duten parte hartzaileei 8 ECTS kredituko ziurtagiria emango zaie eta ziurtagiri hori kanpoko akreditaziorako merezimendu legez erabili ahal izango dute. Ziurtagiri horrek ez du krediturik murriztuko irakaskuntzako kredituetan.

Ezarritako konpromisoak ez betetzeak programan parte hartzeko aukera kentzea ekarriko du.