i3 Hezkuntza eredua: Zer da i3 hezkuntza eredua?

i3 Hezkuntza eredua

Zer da i3 hezkuntza eredua?

UPV/EHUren hezkuntza eredu propioa da, irakaskuntza-ikaskuntza jardueretan aplikatzen duena: graduko lehen ikasturteko klaseetan, ehuduala prestakuntza duten masterretan, industria arloko tesietarako enpresekiko kolaborazioan edo Ikaskuntza-Zerbitzua metodologia aplikatzen duten hezkuntza berrikuntzarako proiektuetan, non ikasleek kolektibo zaurgarrien alde diharduten ikasketak egin bitartean. Hori guztia, eta askoz gehiago.
Zer esan nahi du i3 eredutik lan egiteak? Zer esan nahi du i3 eredutik irakasteak eta ikasteak?

i3 ereduak esan nahi du:

  • Lehenengo “i”-a: ikaskuntza kooperatiboa eta dinamikoa. Eredu hau duen unibertsitate batean irakasteak eta ikasteak berekin dakarte, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuei dagokienez, prozesu horiek aktiboak eta dinamikoak izatea beti, ikaslea izanik ardatz, UPV/EHUko irakasle gehienek jada ulertzen eta aplikatzen duten moduan. Inpaktu egiaztatua duten metodologia berritzaileen alde egiten da, eta graduko eta masterreko irakaskuntzan txertatzen dira: hala nola Erronketan oinarritutako Ikaskuntza edo Ikaskuntza-Zerbitzua. Gure planteamendua bat dator 2018ko uztailaren 27ko Aginduan ezarritakoarekin (Gradu eta Masterreko unibertsitate ikasketen kategorizazioari buruzkoa, Hezkuntza Saila, Eusko Jaurlaritza), metodo eta metodologia berritzaileetan oinarritutako prestakuntzari dagokionez.
    Gainera, kontuan hartzen du Unibasq Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziaren “metodo eta metodologia aktiboetan oinarritutako prestakuntza" Ebaluatzeko Gida, INNOMETH proiektuaren baitan sortua (Assessment of innovative methodologies in teaching and learning in the Basque University System), INQAAHE Capacity Building projects 2019 deialdiak finantzatutakoa.

  • Bigarren “i”-a: ikerketa. Irakasleen ikerketa lanak ikaskuntza aktiboaren onurak biderkatzen ditu, bi bide erabilita: alde batetik, transmititzen ditugu ebidentzian eta literatura zientifiko berrienean oinarritutako jakintza eta trebetasunak, bai eta gure lan eta proiektuen ezagutza eta trebetasunak ere; gainera, jarrera zientifikoa sustatzen dugu ikasleengan, haien diziplinari eta egungo gizartearen erronkei dagokienez, erronka horiei aurre egin diezaieten jakin-minetik, sormenetik, espiritu kritikotik eta ekarpen esanguratsuak egiten lagunduko duten metodo zorrotzetatik. Horrekin batera, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuen inguruan ikertzen dugu, hezkuntza berrikuntzaren beraren inpaktua ebaluatzen dugu, SoTL ikuspegitik (Science of Teaching and Learning), eta printzipio etikoak aplikatzen ditugu dela ikerketan dela irakaskuntza-ikaskuntza prozesuetan.

  • Hirugarren “i”-a: iraunkortasuna. Azkenik, i3 eredua aplikatzeak berekin dakar ere mundua ulertzeko gure moduan eta mundua ulertzeko ikasleen moduan txertatzea giza garapen iraunkor edo jasangarriaren begirada eta gure gizartearen erronkak gainditzen laguntzeko borondatea. Jasangarritasuneranzko jauzia egiteko beharraz jabetzea, 2030 EHUagenda ulertzea eta gizartearen, ingurumenaren eta ekonomiaren erronkei egin diezaiekegun ekarpenari buruzko gogoeta egitea (gure diziplinatik eta irakaskuntza, ikerketa eta transferentzia zereginetik egin dezakegun ekarpena) urrats garrantzitsuak dira ikasleak etorkizunean gai izan daitezen ere begirada hori beren garapen profesionalean aplikatzeko. Azken batean, gizartea unibertsitatearen erdigunean jartzeko modu bat da, bai eta lan egiteko modu bat ere, unibertsitatea bera ere gizartearen erdigunean jarriko duten planteamendu berriak, soluzio berriak eta jakintza berriak eskaintzeko.