Zuzundaritzaren agurra

Zuzundaritzaren agurra

Lagun agurgarri hori:

Miguel de Unamuno Ikastetxe Nagusian (UPV/EHU) sartzeko asmotan bazabiltza, zuzendaritza taldetik agurtu nahi zaitugu eta, horrez gain, Ikastetxean parte hartzeak zer suposatzen duen azaldu nahi dizugu. Azken finean, zure bizitzako funtsezko urte batzuetarako erabakigarria izan daitekeen erabakiaren aurrean zaude.

Zure unibertsitate ikasketak Ikastetxe Nagusi batean egiteak astean 24 ordu eta 7 egunetan unibertsitatea errotik bizitzea esan nahi du. Ikastetxe nagusiek historia luzea dute; zehazki Euskal Herriko Unibertsitate Publikoak 30 urtetik gorako ibilbidea du eta bertatik igaro diren milaka ikasle hartu ditu. Ikastetxe nagusi bat elkarbizitzarako eta ikasketarako gune bat da, bai eta hezkuntza eta prestakuntza lekua ere. Hots, Unibertsitatea bizitzeko modu bat izanik lanbide batean sartzeko aukera emango diguten ikasketetan trebatu gaitezke, baina baita pentsamendu kritikoa garatu eta gure komunitatearen eta munduaren bilakaeran subjektu aktibo izateko aukera emango diguten gaitasunak eskuratu ere. Hau da, bizitzarako prestatzen gara eta, zehazki, bizitzea merezi duen bizitzarako. Helburu hori lortzeko, Ikastetxe Nagusi hau ikasteko, atseden hartzeko eta kirola egiteko instalazioak jarriko ditu zure esku, eta zure atseden, elikadura eta ikasketa premia guztiei erantzungo dien aterpea izango da. Baina, era berean, bizilagunen eta espazioaren parte diren gainerako pertsonekiko bizikidetza  eta harreman espazioak ere barne hartzen ditu. Azkenik, hainbat jarduera, antolatzen ditu: hala nola txangoak, hitzaldiak, tailerrak eta ekitaldiak, komunitatearekin eta gure unibertsitateak dituen gizarte ongizatea, elkartasun eta feminismoaren balioekin lotu eta lerrokatu ahal izateko. Laburbilduz, ikasteak ezagutza jasotzeaz gain, Ikastetxean oinarrizkotzat jotzen ditugun gaitasun eta balio zibikoak martxan jartzea eta garatzea esan nahi du. Era berean, funtsezkoa da Ikastetxearen batzarrean edo batzordeetan parte hartzea, pertsona guztien artean gure bizilekua izango dena eraikitzeko. Horrekin lotuta, parte-hartze eta etengabeko hobekuntzako dinamikan murgilduta gaude eta, beraz, ekimen berriak ongi etorriak izango dira. Adibidez, Ikastetxe Nagusian aisialdiko une garrantzitsuak antolatzen jarraitzen dugu, hala nola, Gabonetako eta udaberriko gala eta ikasleek positiboki baloratzen dituzten beste ekitaldi sozial batzuk sustatuz.
Azken batean, jakinarazi nahi dizugu Ikastetxea harreman  eta bizikidetza mailan ikaskuntza handiko gunea dela, bai eta komunikaziorako eta sor daitezkeen gatazkak edo zailtasunak elkarrizketaren bidez konpontzeko espazio irekia ere. Eta, era berean, espazio segurua da, botere abusuko, indarkeriazko, edozein jarrera matxista eta/edo arrazistetatik libre dagoena, pertsonaren duintasunari erdigunean jarriz. Helburu hori lortzeko, eta Ikastetxea indarkeriarik gabeko gunea izan dadin, hainbat protokolo eta estrategia ezartzen ditugu.
Bukatzeko, hausnarketa egitea eskatu nahi dizugu. Zure aurretik beste askok egin duten bezala, Ikastetxe hau aukeratzea nahiko genuke, zure bizitzako unerik berezienetako batzuk bertan igarotzeko. Eta horrela, espazio berezi hau, zure prestakuntza eta bizi esperientziaren zati ahaztezin bilakatzea nahiko genuke.

Edozein zalantza argitzeko, gure atea beti irekita dago eta hemen gaituzu, orain eta etorkizunean.

Zuzendaritza taldea