Ikasleen ordezkaritza: Ikasleon organoetan

Ikasleen ordezkaritza

Ikasleon organoetan

Ikasle Kontseilua

Unibertsitateko ikasleen ordezkaritzarako kide anitzeko organoak ikasleen kontseiluak dira. Kontseilu hauetako kide guztiak ikasleak dira eta hiru mailatan daude egituratuta: Ikastegia, atala, campusa eta EHU.

Ikastegiko/Ataleko Ikasle Kontseilua

Ikastegi edo atal bakoitzeko ikasle kontseiluaren osaera: ikasleek Ikastegiko Batzarrean edo atalean dituzten ordezkariak, ikastegiko edo ataleko ikasleek Klaustroan dituzten ordezkariak eta ikastegiko edo ataleko delegatuen ordezkariak.

Campuseko Ikasle Kontseilua

Campuseko Ikasle Kontseilua osatuko dute Campuseko Batzarreko ikasleen ordezkariek eta campus horrek Gobernu Kontseiluan dituen ikasleen ordezkariek.

EHUko Ikasle Kontseilua

EHUko Ikasle Kontseiluko kideak dira: Gobernu Kontseiluan ikasleek dituzten ordezkariak, campusetako ikasle kontseiluetako presidenteak eta ikastegietako edo ataletako ikasle kontseiluetako presidenteak eta gainerako ordezkariak, modu proportzionalean banaturik. Doktorego eskoletako ikasle kontseiluek ordezkari bat izendatuko dute EHUko Ikasle Kontseilurako. Esperientzia geletakoek ordezkari bat izango dute.

Ikasle Kontseiluaren eginkizunak dira:

  • a) Ikasleak ordezkatzea beren interesekoak izan daitezkeen gai orokor guztietan, eta, horren harira, kolektibo horrek onartutako bitartekari gisa jardutea.

  • b) Ikasleen eskubideak eta betebeharrak bete eta errespeta daitezen zaintzea.

  • c) Ikasleei eragiten dieten ekimenak eta gatazken konponbidea kudeatzea, bere eskumenen esparruan.

  • d) Beren eskumeneko gaiekin zerikusia duten proposamenak egitea gobernu organoei, aztergaien zerrendan sar ditzaten.

  • e) Ikasleak elkarteetan eta unibertsitateko bizitzan parte hartzera bultzatzea.

  • f) Ikasleei zuzenean eragiten dieten unibertsitateko arautegiak egiteko prozesuan entzunak izatea, eta alegazioak aurkezteko aukera izatea. Bereziki, entzun beharko zaie ikasleen ebaluazioari buruzko arauak eta EHUko diziplina arauak onartu aurretik.

  • g) EHUko aurrekontuetan kontseiluei propio esleitutako aurrekontua nola banatu erabakitzea, eta beren aurrekontuaren kargurako laguntzak onartzea, Ikasleen Arautegian ezarritako baldintzetan.

  • h) Ikasleei informazioa ematea, eskura dituzten bitartekoen bidez.

  • i) Unibertsitateko ikasleen jardunerako ildo nagusiak proposatu eta gauzatzea, haien eskubideak babestea, bete daitezen zaintzea eta aldarrikatzea, haietan sakontzeko lan egitea, bai eta ikasleen baldintza orokorrak hobetzeko ekimenak sustatzea ere.

  • j) Hala dagokionean, Ikuskaritza Zerbitzuari laguntzea, ikasleen irakaskuntza eskubideak bermatzeko neurriak ezartzeari begira.

  • k) Ikasleen ordezkariak hautatzea EHUtik kanpoko organoetarako.

  • l) Etenaldi akademikorako deia egitea, arautegian horretarako ezarritako prozedurak betez.

  • m) Estatutuetan eta indarreko legerian esleitzen zaizkien gainerako eginkizunak.