Breadcrumb

Eduki publikatzailea

EHUren bi proiektu, Araba Ekintzailetzak aintzatetsita

‘Zure ideiak balio du’ XXI. lehiaketako irabazleei sariak banatu zitzaizkien Ekin Day galan

Europa Kongresu Jauregiak Ekin Day gala hartu zuen, Araba Ekinean jardunaldiaren ekitaldi nagusia, eta bertan banatu ziren ‘Zure ideiak balio du’ lehiaketaren 2025eko edizioko 11 kategoriei dagozkien sariak. Aurtengo edizioan, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) bi proposamen izan ziren sarituak, aurkeztutako 60 proposamen baino gehiagoren artean.

Hauek izan dira 2025eko edizioko EHUko proiektu irabazleak:

  • Adimen artifiziala hobekien aplikatzen duen proiektuari Data Value Management sari berezia: ‘AidTec’. Landa sentsorizazioan eta aplikazio mugikor baten erabileran oinarritutako nekazaritzarako irtenbide integrala. Proiektua ‘Aidtec Solutions’ enpresarena da, Arabako Campuseko INIZIA mintegikoa, eta sustatzailea Daniel Teso irakaslea da, Gasteizko Ingeniaritza Eskolakoa.
  • Osasunaren arloko ekimen onenaren i+Med saria:  ‘Sudur-tapoi ekologiko’. Sudurreko hemorragiak edo epistaxiak tratatzeko sudur-tapoi ekologiko baten garapenean oinarritutako proiektua. Proiektuaren sustatzaileak NanoBiocel ikerketa-taldeko Rosa Hernández, Manoli Igartua eta Edorta Santos, eta BioMat taldeko Koro de la Caba eta Pedro Guerrero dira.

Araba Ekinean deritzon ekimenaren helburua da Araban espiritu ekintzailea bultzatzea eta Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak, Eusko Jaurlaritzak (SPRI Taldearen eta BIC Arabaren bitartez) eta Vital Fundazioak antolatzen dute. Ekin Day galan izan ziren Ixone Fernandez de Labastida Medina Arabako Campuseko errektoreordea eta Amaia Calleja Ochoa Campuseko Ekintzailetza, Enplegagarritasuna eta Transferentzia zuzendaria.