Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Mahai-ingurua Euskadiko prestakuntza dualari buruz

Mahai-ingurua Euskadiko prestakuntza dualari buruz

Lehenengo argitaratze data: 2018/02/26

Mesa redonda sobre formación dual en Encuentros SER Esukadi

VIDEO

Euskadi aitzindaritzan da prestakuntza dualaren ereduan. Lehenik Lanbide Heziketa izan zen eta handik gutxira unibertsitateko graduak gehitzen joan zaizkio. Ikasketak eredu dualarekin egiten ari diren ikasleen % 84ek lortzen dute enplegua titulazioa jaso eta ondorengo egunean. Kopuru horrek % 90era egiten du gora hurrengo lau hilabeteetan.

Horretaz jardun dute “Encuentros SER Euskadi” foroan. Bertan, hainbat ordezkarik, Eusko Jaurlaritzakoek, Gasteizko Udalekoek, Arabako enpresarien elkartekoek, prestakuntza-zentroetakoek eta unibertsitatekoek, prestakuntza-eredu honen ezaugarriak, ikasleei ekartzen dizkieten onurak eta atxikitako enpresentzat adierazten dituzten abantailak nabarmendu dituzte.

Lanbide Heziketako sailburuorde Jorge Arévalok orain Euskadin irakasten diren 50 tituluak azpimarratu zituen, eta baita elkarlanean diharduten 1.200ndik gora enpresak ere.

Gasteizko Ingeniaritza Eskolako zuzendari Xabier Sanchoren hitzetan, “prestakuntza indibidualizatua eskatzen digu gizarteak, eta enpresek, berriz, zeharkako gaitasunen jabe diren pertsonak, industriaren erronka berriei aurre egiteko gai direnak”.

Unibertsitate eta Ikerketa sailburuorde Alfredo Moraisek orain unibertsitatearen eremuan prestakuntza dualaren ereduan irakasten diren hamar graduetatik hogeira iristea planteatu du erronka gisa 2020a baino lehen.

Bere aldetik, Egibideko LHko zuzendari Xavier Lópezentzat, prestakuntza dualaren erronkara iristeko “prestakuntza espezializatutik” igaro behar da.

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek itxi zuen ekitaldia, eta Pilar Martínez de Salazarrek, Aldundia ordezkatuz, “enpresetako prozesuetan eta bezeroekiko harremanetan teknologiak txertatzeko gaitasun maila handiko pertsonen" premia nabarmendu zuen.

SEA Arabako enpresarien elkarteko Prestakuntza eta Enpleguko arduradun Yoana Arambalzak adierazi zuenez, ingenieritzako graduak dira enpresarien aldetik eskari handiena duten lanbideak.

Profesionalen eskari horretatik abiatuta, SEAk eta Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) lankidetzarako akordio bat sinatu dute datozen lau urteetarako, “Arabako ekonomiaren eta gizartearen garapena” bultzatzea helburu hartuta, eta horretarako batera eramango dituzte hainbat ekintza, oinarritzat izango dituztenak berrikuntza, prestakuntza, sareko lana eta proiektu berrien kudeaketa.

Akordio honek luzatu egiten du azken hamarkadan zehar Arabako patronala eta Gasteizko campusa elkartu dituen lankidetza.

Hitzarmen hau sinatzeko ekitaldian, Arabako enpresarien elkarteko lehendakari Pascual Gómezek akordio honek duen garrantzia azpimarratu du, "prestakuntza egokia duten profesionalak aurkitzea bereziki zaila” izaten ari den garai hauetan. Gainera, aipamen berezia egin zion prestakuntza dualari “funtsezko ardatza baita unibertsitatearen eta enpresaren batasunean".