Breadcrumb

Eduki publikatzailea

________________________________________ Adimen Artifizialeko Masterreko ikasleek Ideko bisitatu dute aplikazio industrial errealak ezagutzeko

Joan den martxoaren 12an, Industria eta Ordenagailuz Lagundutako Ingeniaritzara Aplikatutako Adimen Artifizialeko Unibertsitate Masterreko ikasle talde batek bisita egin zuen Ideko-ren instalazioetara, Elgoibarren.

Bisita arratsaldez izan zen (15:00etatik 18:00etara), eta Sistema Mekanikoen Analisi, Simulazio eta Esperimentazioa irakasgaiaren barruan kokatu zen. Irakasgaia Igor Ansoategi irakasleak ematen du, eta guztira 25 ikaslek parte hartu zuten.

Bisitan zehar, Idekoko taldeak saioa makina-erremintaren arloan Adimen Artifizialak dituen aplikazioetan oinarritu zuen, eta ikasleei ikuspegi praktiko eta eguneratua eskaini zien teknologia horiek ingurune industrial errealetan nola integratzen diren azaltzeko.

Esperientzia oso positiboa izan zen bai ikasleentzat bai irakasleentzat. Idekotik nabarmendu zuten ikasleen interes handia, galdera ugari eginez parte-hartze aktiboa izan baitzuten, eta horrek lan-giro dinamiko eta aberasgarria sortzen lagundu zuen.

Azken batean, jardunaldiak aukera eman zuen prestakuntza akademikoaren eta industria-errealitatearen arteko lotura indartzeko, elkarlan eta ikaskuntza giro ezin hobean, parte-hartzaile guztien balorazio oso onarekin.