Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Edukiontzi bati egokitutako hondakinak botatzeko sistema baten patentea

Lehenengo argitaratze data: 2014/09/19

Gasteizko IUEko lau ikaslek "Edukiontzi bati egokitutako hondakinak botatzeko sistema" euren proiektua aurkeztu zuten ekainaren 6an, Patenteen eta Marken Espainiako Bulegoan (OEPM)

Zehazki, Rubén Rey, Jon Ander Pipaón, Iñigo Ruiz de Olano eta Ángel Eugenio Prieto ikasleek gauzatutako proiektua da. Hasiera batean, gai libreko proiektu bat gauzatzea eskatzen zuen irakasgai bat gainditzeko egindako lana izan zen, baina ideiaren berritasuna aintzat hartuta, patenteak finantzatzeaz arduratzen den UPV/EHUko organora bideratzea erabaki zuten.
Patentatze-prozesuan dagoen sistema honen helburua da, hain justu, edukiontziak ekoizten dituen ezein enpresak orain arte bete gabeko hutsunea betetzea. Hondakinak botatzeko ekintza erraztea da, zehazki, proiektuaren helburua, inor baztertu gabe herritar guztiek zeregin hori aise egin dezaten.

Funtsean, errail batzuk dituen hodi batek osatzen du proiektua. Errailei esker, hondakinak utzi beharreko kutxak biratu egingo du, harik eta irauli, eta hondakinak edukiontzi barrura bota arte. Kutxa hori, hain zuzen, sistema hidrauliko bati esker igoko da; hala, biradera edo burdinaga baten bitartez indar pixka bat eginda, hondakinak igo egingo dira.
Modu berri honekin, hainbat gauza saihestuko dira: gehiegizko ahaleginak egin beharra, gaur egungo edukiontzien estalkiek egiten duten moduan harrapatuta geratzea, irekitzeko pedalari ematean istripuak gertatzea, hondakinak sartzean usain txarra zabaltzea... Gainera, edukiontzi handiagoak eraikitzeko aukera ere egongo litzateke, horrek dakartzan ondorio positibo guztiekin.