QTAI Lab

Quantum Technology & Artificial Intelligence Laboratory

Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskola

Gaur egun bizi dugun trantsizio teknologikoak mundua ulertzen eta eraldatzen dugun modua birdefinitzen ari da. Konputazio kuantikoak ate berriak irekitzen dizkigu konplexutasun handiko arazoei aurre egiteko, eta, aldi berean, adimen artifiziala industria, zerbitzu publikoak eta ikerketa zientifikoa goitik behera aldatzen ari da. Testuinguru horretan sortu dugu QTAI Lab (Quantum Technology & Artificial Intelligence Laboratory); hots, Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolako ikerketa, prestakuntza aurreraturako eta transferentziarako gune berria.

QTAI Lab laborategi bat baino askoz gehiago da. Teknologia kuantikoak eta adimen artifiziala ingurune komun, diziplinarteko eta benetako inpaktura bideratutakoan integratzearen aldeko apustu estrategikoa da.

 

Jatorri dual eta konbergentea

QTAI Lab Eskolan garatu diren bi ekimen osagarrik bat egitearen ondorioz sortu zen.

Alde batetik, Teknologia Kuantikoen Taldean sendotu zen, kuantikako oinarrizko ikastaro baten ostean, eta horrek arlo desberdinetako irakasleen interesa piztu zuen. Une horretatik aurrera, bilerak eta zeharkako lankidetzak abiarazi ziren, eta algoritmo kuantikoen, simulazioaren eta optimizazioaren arloko ikerketa ildo egonkor bat sortu zen.

Bestalde, adimen artifizialaren aldeko apustu irmoa egin zen, eta horren harira Industriara Bideratutako Adimen Artifiziala eta Ordenagailu bidezko Ingeniaritza Masterra (UPV/EHU) sortu zen. Master horrek arlo estrategiko horren prestakuntza aurreratua egituratzeaz gain, prestakuntza horren jarraipena proiektatzen du, doktorego mailari begira.

Bi ildoek bat egitearen ondorioz, —teknologia kuantikoen arloko ikerketa eta adimen artifizialaren egituraketa akademikoa—, ikuspegi partekatua sortu zen: QT eta AA laborategi berean integratzea, ikerketa, prestakuntza eta transferentzia modu koordinatuan garatzeko.

Zuzendaritza taldearen babesari esker, ikuspegi hori garatu ahal izan genuen. Horretarako, berezko gune fisiko bat egokitu genuen, eta Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin Konputazio Aurreratuko Zentro bat martxan jarri genuen UPV/EHUko Datuak Prozesatzeko Zentroan, goi errendimenduko GPU eta CPUekin. Azpiegitura horrek simulazio kuantikoa, ikaskuntza sakona eta konputazio hibridoa ahalbidetzen duen euskarri teknologikoa eratzen du.

 

Bi zutabe teknologiko

QTAI Lab bi ardatz nagusi ditu, osagarri gisa sortu direnak.

Teknologia Kuantikoen esparruan, ildo hauek aurki daitezke: konputazioa eta simulazio kuantikoa, algoritmo kuantikoak, optimizazioa eta programazioa ingurune desberdinetan.

Aldi berean, Adimen Artifizialak ikerketa ikaskuntza automatiko sakonean egituratzen du, bai eta AA sortzailean, optimizazio aurreratuan, eta industria eta ingeniaritzari aplikatutako sistema adimendunetan.

Potentzial handieneko espazioa integrazioan hauteman daiteke: algoritmo hibrido klasiko-kuantikoak, Quantum Machine Learning eta AA erabiltzea sistema kuantikoen errendimendua eta kalibrazioa hobetzeko. Elkargune horri esker, erronka konplexuei ikuspegi konputazional zabalago batetik hel diezaiekegu.

 

Errendimendu handiko konputazio azpiegitura (HPC)

Azpiegituren esparruari erreparatzen badiogu, QTAI Lab-en konputazio baliabideak lerrokatuta dauden High Performance Computing (HPC) eremuen eskakizunekin. Simulazio kuantikoko, ikaskuntza sakoneko ereduen entrenamenduko, optimizazio konbinatorioko eta algoritmo hibrido klasiko-kuantikoak garatzeko jarduerek aldi berean prozesatzeko gaitasunak behar dituzte, bai eta memoria dentsitate eta errendimendu handiko biltegiratzekoak ere.

Horri erantzuteko, laborategiaren baliabideak txertatuta daude Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) Datuak Prozesatzeko Zentroan. Horretarako, Ikerkuntzara zuzendutako informatikako zerbitzu orokorrak (IZO-SGI) kudeatzen duen HPC Arina klusterra erabiltzen dugu. Azpiegitura horrek prestazio handiko konputatzeko nodoak, prozesamendu banaturako gaitasuna eta laneko kargak kudeatzeko zerbitzu aurreratuak eskaintzen ditu, eta konputazio intentsibo eta modelizazio aurreratuko proiektu lehiakorrak garatzea ahalbidetzen du.

 

Prestakuntza, talentua eta transferentzia

QTAI Lab erabat integratuta dago Eskolaren prestakuntzarako misioan. Graduko, masterreko eta doktoregoko ikasleek aktiboki parte hartzen dute laborategiari lotutako GRAL, MAL eta tesien bidez, eta hasierako etapetatik benetako ikerketa eta berrikuntza inguruneetan sartzen dira

Transferentziari lotutako dimentsioa egiturazkoa ere bada. Arlo horietan sustatzen diren unibertsitate-enpresa gelak —besteak beste Ibermática Fundazioarekin Teknologia Kuantikoaren esparruan eta MC3 – Mondragon Components Competence Center-ekin adimen artifizial aplikatuaren esparruan (izapidetzen)—  ekoizpen sarearekiko lankidetzan aritzeko joera argia islatzen dute. QTAI Lab industriaren arloko enpresei, deep-tech startupei, administrazio publikoei eta zentro teknologikoei irekita dagoen gunea da, eta baterako proiektuak eta enpresa ekimen berriak garatzea sustatzen du.

 

Inpaktua eta ikuspegi estrategikoa

QTAI Lab-en helburua da inpaktu zientifikoa, teknologikoa eta soziala izatea.

Tokiko eremuan dibertsifikazio teknologikoan lagundu eta talentu espezializatua erakartzen du, eta besteak beste honako erakunde hauekin lankidetzan aritzen da: BasQ, EHU Quantum Center eta BAIC.
Estatu mailan, proiektu lehiakorretan eta teknologia emergenteen arloko ikerketa sareetan parte hartzen du.

Nazioartean, berriz, konputazio kuantikoaren eta adimen artifizialaren arloko Europako ekimenekin eta ekosistema globalekin bat egiten du.

Egungo lan ildoetatik haratago, QTAI Lab-ek etorkizuneko egitura du oinarri: ingurune horretan, ikerketak eta prestakuntzak ez dute paraleloan aurrera egiten, integratuta baizik, eta ezagutzaren, talentuaren eta berrikuntzaren ekosistema koherente bat sortzen dute.

Epe ertainean helburua da QT + AA elkargunean laborategi egonkor bat finkatzea, finantzaketa lehiakorra eta ikertzaile berriak erakartzeko gai izango dena. Epe luzera, ikuspegia da inpaktu handiko Europako proiektuak sustatzea, deep-tech spin-off direlakoak sustatzea eta konputazio hibrido kuantiko-klasikoa industrian txertatzen laguntzea.

Ekimenaren identitate grafikoa ere —QTAI Lab-en idazkunean eta ingeniaritzatik abiatuta diseinatu dugun alfabeto modularrean— filosofia hori antzeman dezakegu. QTAI Lab akronimoa alfabeto modular baten bitartez eratu da, eta kodifikazioa Eskolan bertan aurretiaz garatu genuen STEAM obra batetik dator (Glass Drawing 2025. Goyang). Letra bakoitza lau koadrantek eta oinarrizko forma geometrikoen multzo mugatu batek osatzen dute — karratua, laukizuzena, zirkulu baten laurdena eta zirkuluerdi-karratua —, kodetze, sintesi eta konbinazio printzipioei jarraituz. Konputazio kuantikoan eta adimen artifizialean gertatu bezala, konplexutasuna elementu sinpleak zorroztasunez antolatzean sortzen da.

Egitura geometriko horrek Glass Drawing – Darwin 2026 obraren presentziarekin elkarrizketan jarduten da, obra horren loreek hazkundea eta eboluzioa iradokitzen baitute. Alfabetoak sistema eta araua irudikatzen ditu, eta loreak, berriz, bariazioa eta emergentzia. Neurtu aurretik gainjarrita dagoen qubit baten antzera, formak hainbat aukera eskaintzen ditu; ingurunearekin elkarreragitean, definitu, kolapsatu eta konfigurazio jakin bat bereganatzen du. Horren antzera, adimen artifizialaren esparruan ereduek oinarrizko egituretatik abiatuta patroiak ikasten dituzte, portaera konplexuak sortzen dituzten arte. Geometria eta lorea, sistema eta eboluzioa, ingeniaritza eta natura; metafora bisual bera, sinplea denak, zorroztasunez antolatzen denean, ezohikoa nola eragin dezakeen erakusteko.

Ezin gara etorkizunaren zain gelditu: diseinatu, esperimentatu eta eraiki behar dugu. Eta Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolan QTAI Lab-en forma ematen diogu etorkizun horri.