18. helburua 2030 agendan

18. HELBURUA: Kultura eta hizkuntza aniztasuna

Garapen jasangarrirako 17+ 1 helburu 2030 Agendarako

Zer da 17+1 GJH edo 18. helburua?

Pertsonen eta gizarteen garapenerako 2030 Agendan hizkuntza eta kultura guztien presentzia eta aintzatespena bermatzeko aldarrikapena egin nahi duen helburua da.
2015ean Nazio Batuen Erakundeak 2030 Agenda abian jarri zuen. 2000. urtean adostu ziren Milurteko Garapen Helburuen ondorengoa da. 17 dira Agendak biltzen dituen helburuak,  Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH), alegia, bakoitza bere xedeekin. Hura erdiesteko formulatzen diren 169 erronken artean, ordea, ez da ia-ia aurkitzen norbanakoen eta talde etnolinguistikoen ezaugarri kultural eta linguistikoen aldeko bermerik (Garcia-Azkoaga & Idiazabal, 2021). Kultura zeharka aipatzen da, eta hizkuntzak ez dira aipatu ere egiten. Agenda, beraz, hankamotz geratzen da kultura eta hizkuntza aniztasuna aipatu gabe, funtsezko zutaberik gabe kontuan hartzen badugu hizkuntzak helburu guzti-guztiak zeharkatzen dituela, are gehiago hizkuntza gutxituez hitz egiten dugunean.

Ikusi 18. helburuaren bideoa.

Image

17+1 Helburu: Hizkuntza eta kultura aniztasunaren bermea

Doktrinak eta esperientziak behin eta berriro erakutsi dute hizkuntzak ekonomiaren motor direla, giza kohesioaren eta bakearen bultzatzaile eta azken batean giza eskubide kontu bat, horregatik garapen jasangarriak nahitaez kontuan hartu behar ditu.

Badakigu munduko leku pobreenak eta desberdintasun handienak dituztenak aldaketa klimatikoaren eraginak ere gehien sentitzen dituzten lekuak direla eta horiek dira, hain zuzen ere, kultura eta hizkuntza aniztasun gehien dituzten guneak. Halaber, gune horietan sarri esplotazio multinazionalean oinarritutako garapen ereduak jasan behar izaten dituzte, eta horrek baztertze eta indarkeria handia sorrarazten du, batez ere emakumeen kontra. Horrez gain, bertako komunitateek mendeetan zehar garatutako jakintzak, besteekin eta ingurumenarekin elkar ulertzeko erabilitakoak, betirako galtzen ari dira. Agendak adierazten duen moduan pobrezia bada mundu mailan daukagun arazorik larriena, ezingo diogu aurre egin modu egokian lekuan lekuko kultura eta hizkuntza berezitasunak kontuan hartzen ez baditugu. Horregatik, bakoitzak norberaren hizkuntzari ematen dion garrantzia aitortzea ezinbestekoa da pobrezia eta gosea eragozteko.

Hezkuntzaren alorrean, benetako heziketa inklusiboa lortzeko beharrezkoa izango da kultura eta hizkuntza propioen erabilera bultzatuko dituzten ereduak garatzea. Gainera, ume guztien aukerak bermatu behar ditugu hizkuntza nagusiak ikasteko formakuntza eta kanpo harremanen aukera berberak izan ditzaten. Beraz, beharrezkoa da gutxienez elebidunak diren ereduak garatzea. Hori izango da bidea eskolak kalitatezko hezkuntza lortzeko: munduari komunitatearen identitate kultural propiotik begiratzen diona, baina ezinbestez interkonektatua dagoen munduan integratzen dena.

Euskal Herrian daukagun eskarmentua kontuan izanda, nabaria da komunitateen garapenean hizkuntzek eta kulturek duten garrantzia. Horregatik gure ustez, egindako ibilbidea gizarte osora zabaltzeko ardura hartu behar dugu agerian jartzeko kultura, hizkuntza eta gizakiaren arteko lotura, eta elementu horiek komunitatearen garapen integralean duten rola nabarmentzeko.

 

18. helburuaren xedeak garatzeko ildoak

18. GJH: Hizkuntza eta kultura guztien presentzia eta aintzatespena bermatu pertsonen eta gizarteen garapenerako.

  1. Hizkuntza gutxiagotuak dituzten komunitateak ahaldundu eta ezagutarazi identitate desberdinak indartzeko.
  2. Herri eta kultura desberdinak kontuan hartzen dituzten lege egokiak eta hizkuntza politika eraginkorrak bultzatu
  3. Tokiko hizkuntzen integrazioa lortu hezkuntza sistemetan, gutxienez lehen eta bigarren hezkuntzan.
  4. Gutxienez hizkuntza biren erabilera praktikoa bermatuko duen hezkuntza eredu elebi/eleaniztunak bultzatu, betiere hizkuntza gutxiagotua modu eragingarrian irakasten dela ziurtatuz.
  5. Eten digitala murriztu eta teknologia berriak hizkuntza guztietan, batez ere gutxiagotuetan, eskuragarri jarri.
  6. Hizkuntza gutxiagotuen presentzia bermatu hedabide mota guztietan: idatzizkoak, ikus-entzunezkoak edota teknologia berrien alorrean garatutakoak.
  7. Zerbitzu publikoetan, batez ere osasunaren eta justiziaren alorrean, komunitate desberdinen hizkuntzen erabilera bultzatu, bereziki komunitate indigenen kasuan.
  8. Hirugarren herrialdeetako programetan, hizkuntza-irizpidea kontuan hartzea proiektuetako fase guztietan: identifikazioa, diagnostikoa, diseinua, garapena eta ebaluazioa.

 

18. helburuaren hastapenak

2017. ikasturtearen hasieran, Donostiako EASO Ikastetxe Politeknikoan, Mikel Mendizabal irakasle eta MHOU Katedrako katedrakidea, Ingurumen Hezkuntza eta Kontrola deritzon goi-mailako zikloan, 2030 Agenda lantzen hasi zen ikasle-talde batekin. Agenda eta horren 17 helburuak irakurri eta gaia gelara eramateko lanean hasi zela konturatu zen Agendan gutxitan aipatzen zirela hizkuntzak eta kultura. Hori dela eta, 17 helburu horiei beste helburu bat gehitzeko proposamena egin zuen, hizkuntza- eta kultura aniztasunarena, hain zuzen ere.

Ideia horren iturria Katedran landutako eta jasotako hizkuntza ekologia eta garapenari buruzko hausnarketa izan zen. Horrez gain, Mendizabalek herri indigenekin edukitako harremanei esker aztertu zuen kultura-hizkuntza eta Amalurraren arteko loturak ere eragina izan zuen.

Helburu berria “sortuta”, NBEren proposamenari kritika eraikitzailea egin zion, eta aldi berean, hizkuntza-kulturaren, iraunkortasunaren-naturaren eta garapenaren arteko erlazioa lantzeko bidea irekitzen hasi zen. Hasieratik Easo Politeknikoko estrategia zuzendari eta sistemaren kudeaketaren arduradun Migel Angel Elkoroberezibarrek garbi ikusi zuen 18. GJHren balioa eta, ikastetxeko zuzendaritzaren izenean, pausuz pausu babestu zituen eskolan egindakoak.

Behatokiarekin martxan hasi orduko, EASOko jardunari buruzko xehetasunak partekatu zituen Mendizabalek Katedrako kideekin, eta zubi-lanean hasi zen 17+1 helburu hori lantzen jarraitzeko.

 

Laburpen historikoa

Katedra bere ekimenen bidez 18. GJH txertatu eta aldarrikatzen hasi zenetik, helburua beste erakunde batzuetara ere zabaldu da. Azken urteotan helburuaren presentzia areagotu egin da pixkanaka, eta gaur egun, hainbat organismok bat egin dute helburuarekin.

Nabarmentzekoa da beste erakunde batzuez gain, UN Etxeak eta Eusko Jaurlaritzak ere heldu diotela lekukoari. Ondorioz, UN Etxeak Eusko Jaurlaritzaren enkarguz, eta MHOU Katedraren laguntzarekin batera, abian jarriko du prozesu parte-hartzaile bat 18. GJHa garatzeko. Horren oinarrian dago 2023 urtean zehar Lehendakaritzan euskararen munduko eragile ezberdinekin egindako kontraste saioen ostean sortutako “EUSKADI BASQUE COUNTRY 2030 AGENDAN 18. HELBURUA TXERTATZEA HIZKUNTZA- ETA KULTURA ANIZTASUNARI dagokion 18. HELBURURAKO HELMUGAK hedatzea” txostena (2023ko urrikoa).

2017: EASO ikastetxe politeknikoan gogoeta abiarazten da eta MHOU Katedrarekin partekatzen da.

2017ko azaroaren 6an: Zestoan, Euskal Herriko Unesco Sarearen batzarrean, Itziar Idiazabalek, MHOU Katedraren izenean, gabeziaren kritika egiten du UN Etxeak erakusketa jartzen duenean.

2018ko urtarrilaren 18an: Helburu berriaren aurkezpena egin zen Easo Ikastetxe Politeknikoan, eta bertan aukeratu zen 18. panelean agertuko zen irudia, Maia Etxebarriak egina. Prentsari ere bertaratzeko deia luzatu zitzaion. Aurkezpenean eskolako ordezkaritzaz gain, Katedratik Itziar Idiazabal eta UN Etxetik Arantxa Acha zuzendariak parte hartu zuten.

2018ko otsailean: Erakusketa bat jartzen da martxan 17+1 aldarrikapena egiteko. “17+1 helburu mundua eraldatzeko” erakusketa, hain zuzen ere.

2019: UPV/EHUk bere 2030 Agendan sartzen du Garapen Jasangarrirako 18. Helburua (Hizkuntza eta Kultur Aniztasuna).

2023: Kontraste saioak Lehendakaritzan. Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzako Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiak deitutako “kontraste taldean” hartu zuen parte Katedrak 18. helburuaren gorpuzte gogoetarako, euskararen munduko beste eragile batzuekin batera. Elhuyarrek egin zuen idazkaritza teknikoaren lanak.

2023ko urrian: Eusko Jaurlaritzak 18. helburuaren jarraipen-txostena (Incorporación del Objetivo 18 a la agenda Euskadi Basque Country 2030) prestatzen hasi zen, horrek agendari egiten dion ekarpenak jasotzeko. Besteak beste, prozesu parte-hartzailea bideratzeko enkargua egiten dio UN Etxeari 18. helburua agendan txertatzeko.

Halaber, 2017tik Katedrak eta katedrakideek hainbat hitzaldi, eta ekimenetan hartu dute parte 18. helburuaren presentzia 2030 Agendan aldarrikatzeko.