Hizkuntza-harrera
EHU leku askotatik etorritako ikasleen, irakasleen eta ikertzaileen elkargunea da. Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko eremu soziolinguistiko desberdinetatik etorritako ikasleak, irakasleak eta ikertzaileak Espainiako estatuko beste lurralde batzuetatik eta atzerriko herrialdeetatik etorritakoekin elkartzen dira.
Nahiz eta bisitari batzuk, adibidez, mugikortasun-programen bitartez datozen ikasleak hilabete batzuk baino ez dauden gure artean, urte askotako ibilbidea dute eskaintzen zaizkien ikasle bisitarientzako euskarazko eta gaztelaniazko ikastaroek.
Baina badira beste kolektibo batzuk hizkuntza-harrera behar dutenak. Izan ere, gradua, masterra edo doktoregoa EHUn egitera datozenek zenbait urte ematen dituzte gure artean eta, tarte horretan, euskaraz ikasteko denbora izan dezakete. Era berean, EHUra datozen ikertzaile asko, zenbait urteren buruan, EHUn egonkortzen dira ikertzaile edo irakasle modura. Kanpotik datozen ikasleak eta ikertzaileak EHUren komunitatean guztiz integratzeko, funtsezkoa da EHUn eta euskal gizartean oro har euskarak duen garrantziaz jabetzen laguntzea. Nahitaezkoa da baita gure artean dauden bitartean euskara ikasteko bide erosoak eskaintzea campusetan bertan. Horiei zuzenduta diseinatu da euskara ikasteko ikastaroen eskaintza campusetan graduko, masterreko eta doktoregoko ikasleentzat, eta ikertzaileentzat.