IKD Ikaskuntza Kooperatibo eta Dinamikoa

IKD Ikaskuntza Kooperatibo eta Dinamikoa

UPV/EHUren hezkuntza-eredua

Nola garatu behar da irakaskuntza eta ikaskuntza XXI. mendeko euskal Unibertsitatean?

Galdera potolo horri erantzun nahi dio IKD ereduak (Ikaskuntza Kooperatibo eta Dinamikoa). Eredu propio, kooperatibo, eleanitz eta inklusibo honek ikasleek beren ikaskuntzaren jabe izatea lehenesten du, eta prestakuntza integrala, malgua eta gizartearen beharretara egokitua izatea. IKD eredua UPV/EHUko Gobernu Batzarrak onartu zuen aho batez 2010eko apirilean, UPV/EHUko titulu ofizialen curriculuma garatzeko oinarrietan, eta martxan da, 2012-2017 Plan Estrategikoaz geroztik.

Ideia hori gauzatzeko, UPV/EHUk hogeita hamar urtetik gorako historia du oinarrian, eta denbora horretan, unibertsitate publikoa, elebiduna eta gizarte- eta kultura-inguruneari estuki lotutakoa sortu da, euskal unibertsitate-barruti bat aldarrikatzeko 1918. urtean hasitako historia luzearen emaitza gisa. Historiaz gain, IKDk etorkizunean hedatzeko asmoa ere badu, non gure nortasuna, euskal unibertsitate publiko gisa, teknologia-aldaketa azkarren eta ekonomia globalaren krisiaren testuinguruan kokatzen baita.

Ikasleak IKD ereduaren arabera prestatzeko, erakusteko eta ikasteko modu aktiboagoak eta kooperatiboagoak sortu behar dira (curriculum garapena). Horretarako, ezinbestekoak dira irakasleen prestakuntza, erakunde-politikak, ingurunearekiko harremana eta ikasleen rol berriak, modu zentrifugoan eragin, eta lankidetzan jardun dezaten, modu ordenatuan eta koherentean.

Curriculum-garapena

Graduan irakasteko eta ikasteko modu berriak

IKD ereduak merezi duten garrantzia ematen die ehunka irakaslek ikasgelan berrikuntza sartzeko egindako saioei, eta horrelako jarduna UPV/EHUn orokorra izatea lortu nahi du.

Hona hemen gure xedeak, ikasleei begira: hartu-eman biziak izatea irakasleekin, ikaskideekin eta ingurunearekin; euskal gizarte eta kulturaren arazo eta erronketan esku hartzea, iraunkortasuneko eta gizarte-erantzukizuneko irizpideak aintzat hartuta; ikaskuntza bizitza osorako jarduera bilakatzea; IKT tresnak erabiltzea, eta gai izatea euren jarduna hizkuntza anitzetan garatzeko.

Heziketa aktiboa

Ikasle-rol berriak

IKD ereduan, beharrezkoa da ikasleak ikaskuntzako eragile aktibo izatea. Aldi berean, ikasleek aukera izan behar dute horrek zer esan nahi duen eta bide horretan zer ekintza gauzatu behar dituzten aztertzeko.

Ikasleek unibertsitatearen gobernantzan, kalitate-batzordeetan, zerbitzu bidezko ikaskuntza-proiektuetan, kanpo-praktiketan edo mugikortasuneko eta lankidetzako programetan (ERASMUS, SENECA) parte hartzea lehentasunezko lan-ildoa da.

GAZtE esperientzia, ikasleen artean iniziatibarako eta gobernantzarako sena piztera bideratua, unibertsitatean orokortu beharreko adibide bat da.

Lanbide garapena

Irakasleen prestakuntza

Unibertsitatean lanean hasten diren gizon-emakumeak prozesu baten abiapuntuan daude, eta prozesu horretan irakasle gisa izango duten nortasun profesionala garatu behar dute. Nortasun hori denboran barrena eraikiko dute, modu dinamikoan eta elkarreraginean (praktikarekin, erakundearekin, lankideekin, etab.).

UPV/EHUko irakasle izateak irakasle izaten ikastea esan nahi du, eta prestakuntza oinarrizko estrategia da horretarako (nahiz eta ez den bakarra). IKD ereduak irakasle orok garatu beharreko gaitasunak, ondorioztatzera garamatza, eta alderdi horiek ibilbide profesionalean barrena garatuko ditugu.

Irakasle berriak prestatzeko Hasiberriak programa, Irakasleak irakaskuntzarako metodologia aktiboetan prestatzeko Eragin programa, UIPRE ikastaroak, Hezkuntza Berrikuntzarako Proiektuak (HBP) eta irakaskuntza ebaluatzeko tresnak (DOCENTIAZ), besteak beste, lagungarriak dira IKD eredua eraikitzeko, eta irakasleei aukera ematen diete garapen profesionaleko bidea diseinatzeko.

Garapen instituzionala

Erakundearen politika eta garapena

Ikasteko eta irakasteko modu berriek arrakasta izan dezaten unibertsitatean, beharrezkoa da erakundearen egitura (politikak, araudiak, antolaera, erakunde-giroa...) berraztertzea eta norabide horretan ezartzea. Hori lortzearren, dagoeneko abian daude zenbait ekintza irakaskuntzan parte hartzen duten eragileen arteko elkarlana sustatzeko, konfiantza- eta dinamismo-giroan. ehundu programa (mailako, moduluko eta graduko koordinatzaileen bidez egituratzen duena irakaskuntza), kalitate-batzordeak eta irakasle taldeen sustapena funtsezko elementuak dira irakaskuntzako kultura berri honetan.

Erakundearen beste zenbait ekimen ere IKD kultura bultzatzeko neurritzat hartu behar ditugu, honako hauek, esaterako: irakaskuntza mota anitzen eskaintza (denbora partzialekoa, ikasgelakoa, erdi-ikasgelakoa, ikasgelaz kanpokoa), IKTen erabilera esanguratsu eta iraunkorra, ebaluazioari buruzko erakunde-araudiak, ikastetxeen eta espazio komunen azpiegituren diseinua (IKDguneak) eta espazioak erabiltzeko ordutegiaren hedapena.

Lurralde- eta gizarte-garapena

Harreman estua ingurunearekin

Ikaskuntzak alderdi teorikoak izango ditu, baina baita herrialdearen egoera sozial, kultural eta ekonomikoarekin lotutako alderdiak ere. Bibliografia zientifikoak argi erakusten digunez, ikasleei beren inguruneko arazo errealak konpontzeko eskatuz gero, motibazio handiagoa izaten dute, eta ezagutzaren gizarterako oinarrizkoak diren gaitasunak garatzen dituzte (iniziatiba-sena, gizarte-erantzukizuna, talde-lana, sare sozialen erabilera, etab.); bestalde, UPV/EHUk iraunkortasunari eta gizarte erantzukizunari begira duen konpromisoa benetakoa eta eraginkorra izan dadin, ezinbestekoa da gradu eta masterretako curriculumetako jarduna ingurunearekin konektatzea.

Inguruko gizarteari begirako curriculum-garapen iraunkor eta arduratsua hauen bitartez gauzatzen da: kanpo-praktikak, gizarte-ekimenei emandako laguntza, sare sozialak, enpresekiko harremana eta ikasleen nazioarteko esperientzia eta lankidetza-esperientzia sustatzen dituzten mugikortasun programak.

Informazio osagarria