EHUguneko Proeiktuak
Enplegu eta gizarteratze politiken ebaluazioa
Eusko Jaurlaritzak, 2025eko ekainaren 3an Gobernu Kontseiluak egindako bileran, Euskal Herriko Unibertsitateari (EHU) 88.500 euroko zuzeneko laguntza ematea onartu du, Besaldi-Enplegu eta Gizarteratze Politikak Ebaluatzeko Organoaren aurrekontuaren kontura.
Joxerramon Bengoetxeak, EHUko errektoreak, adierazi du dirulaguntza hau "Enplegu eta gizarteratze politiken ebaluazioaren arloan ikerketa, prestakuntza eta transferentziarako unibertsitate estrategia global bat aktibatzeko proiektuarekin" abiatzen dela, eta hori aurrerapauso garrantzitsua dela Besaldirekin epe luzerako lankidetza estrategikoa izateko. "Unibertsitatea, Euskal Sektore Publikoaren zati eta diziplinarteko topaleku eta bikaintasun gisa, inplikatu egingo da, proposatutako helburuak lortzeko metodologia eta zorroztasun osoa emanez", esan du errektoreak.
Bestalde, Fernando Fantova, Besaldiko arduradunak, eskertu egin du Bengoetxea errektorearen eta haren errektoretza-taldearen apustu irmoa eta dedikazio handia enplegu-politika publikoen eta gizarteratze-politiken ebaluazioaren arloan lankidetza egonkorra, instituzionalizatua eta gero eta handiagoa ahalbidetzen ari diren lan-bileretan.
Estrategia kolaboratibo honen baitan, EHUk dagoeneko martxan dauden hainbat ekimen proposatzen ditu.
Jardunaldiak
Urriaren 30an, Bizkaia Aretoan "Gizarteratze- eta enplegu-politiken ebaluazioa: ikuspegiak, begiradak eta esperientziak" izenpeko jardunaldiak ospatuko dira. Jardunaldi hauen bidez, unibertsitate komunitatearen eta enplegu-politiken eta gizarte-kohesioaren ebaluazioa hobetzeko interesa duen eragile, kolektibo eta pertsona ororen arteko lankidetza bultzatu nahi da.
Ikerketaren, formakuntzaren eta esku-hartzearen arloko aditu, aritu eta erreferenteez gain, jardunaldian talde txikietan tailerrak eta dinamikak egiteko bi une aurreikusten dira. Tailer horien helburua da inklusioan eta enpleguan ebaluazio-estrategiak diseinatzeko nodo nagusiak identifikatzea, bertaratutakoen begiraden aniztasuna oinarri hartuta. Azkenik, jardunaldi hauen helburua unibertsitatearen eta enplegu- eta gizarteratze-politiken ebaluazioa hobetzeko interesa duen komunitatea osatzen duten pertsonen eta kolektiboen artean harremanak eta sinergiak erraztea da. Horregatik, emaitzez gain, garrantzitsua da prozesua, kontaktua eta interakzioa.
Laguntza Deialdia
Alde batetik, enplegu- eta inklusio-politiken ebaluazioan inplikatutako eragileen eta ikerketa-taldeen arteko lankidetza sustatzeko laguntza-deialdi bat egin da.
Laguntzen deialdi honen helburua da hausnarketa partekaturako espazioak eta prozesuak sustatzea, alde batetik, UPV/EHUko langileen eta/edo ikertaldeen edo taldeen, eta, bestetik, enplegu eta kohesio sozialerako politiken ebaluazioa hobetu nahi duten eragile interesdunen artean. Xedea da unibertsitatearen eta eragile horien arteko elkarrizketa enplegu eta inklusio politikak ebaluatzeko estrategiak hobetzeko bidea izatea, ahal dela inplikatutako pertsonen lankidetzarekin.
Ekintza horien bidez irizpideak, metodologiak, ebaluazio adierazleak eta enplegu eta inklusio politiken ebaluazioa hobetzeko beste edozein alderdi diseinatu, zehaztu eta/edo eztabaidatu nahi da. 2025eko iraila eta abendua bitartean garatu beharreko ekintzek bideratu egin behar dute unibertsitatearen eta inklusio eta enplegu politiken ebaluazioan interesa duen komunitatea osatzen duten sektore, espazio edo erakunde sozialetako (publikoak edo pribatuak) baten edo batzuen arteko elkarrizketa.