Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasleen artikulua, 2024ko deskargatuena Education for Chemical Engineers aldizkarian
First publication date: 13/05/2025
Zientzia eta Teknologia Fakultateak pozik iragarri nahi du Asier Aranzabal, Eva Epelde eta Maite Artetxe irakasleek idatzitako “Team formation on the basis of Belbin’s roles to enhance students’ performance in project based learning” izeneko artikulua 2024an gehien deskargatutako lana izan dela Education for Chemical Engineers nazioarteko aldizkari ospetsuan, 21.000 deskarga baino gehiagorekin.
Aitorpen honek agerian uzten du egindako ikerketaren garrantzia eta eragina. Artikuluan, egileek Belbin-en rol-metodologia aplikatzea ikasleen errendimendua hobetzeko tresna eraginkorra dela erakusten dute. Taldeak ikasleen indarguneetan oinarrituta osatzeak talde orekatuagoak eta emaitza hobeak lortzea ahalbidetzen du, taldeak modu tradizionalean eratzeko ohiko moduak gaindituz.
Berrikuntza pedagogiko hau ezagutarazteko asmoz, Fakultateak bideo bat sortu du. Bertan, irakasleek azaltzen dute nola txertatzen duten Belbin-en metodologia Prozesu eta Produktu Ingeniaritza irakasgaian, Ingeniaritza Kimikoko Graduko esparruan. Ikaskuntza prozesu gisa prozesu kimiko baten diseinua erabiliz, estrategiak errendimendu akademikoa eta ikasleen esperientzia hezitzailea hobetzea du helburu.
Bideoak ikasleen testigantzak ere jasotzen ditu, non azaldu duten metodologia honek nola eragiten duen talde-lanaren dinamikan eta nola prestatzen dituen modu eraginkorrean lan-mundu kolaboratiborako.