Breadcrumb

Asset Publisher

Batxilergoko 149 ikasle ari dira parte hartzen Fisika eta Ingeniaritza Elektronikoaz Blai ekimenean

First publication date: 16/01/2014

Diziplina horiek egungo munduan duten garrantzia erakutsiko die UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateak

UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatea "Física e Ingeniería Electrónica en Acción/Fisikaz eta Ingeniaritza Elektronikoaz Blai" egitasmoaren edizio berri bat burutzen ari da egunotan. Joan zen asteartean, urtarrilak 14, hasi eta datorren asteko ostegunera arte, hilak 23, luzatuko den jarduera ludiko eta hezigarri hori hiru euskal probintzietako Batxilergoko ikasleei zuzenduta dago. Ekimen honen helburua ikasleengan zientzia hauenganako arreta piztea da, baita bertako instalazioak eskaintzea ere, belaunaldi berriek diziplina bi horiek egungo munduan duten oihartzunaz jabetu daitezen.

Batxilergoko 149 ikasle ari dira parte hartzen Nerea Zabala Unzalu irakasleak koordinatutako deialdi honetan. Ikasle horiek 33 ikastetxetatik etorriko dira. Guztira 82 ikaslek egingo dute jarduera euskaraz, eta gainerakoek gaztelaniaz. Goizeko eta arratsaldeko taldetan banatuta egongo dira, eta binaka egingo dute lan laborategiko bost praktiketan.

Fisika mikrouhin labean moduluan, ikasleek fisika pixka bat "prestatuko" dute mikrouhin labean. Lehen errezetaren edo esperimentuaren bidez, mikrouhin labeen segurtasuna egiaztatu ahal izango dute, uhinek labetik "ihes" egiten duten aztertuz. Bigarren errezetan, mikrouhinean objektu metalikoak erabiltzeak dituen ondorioak behatuko dituzte. Azkenik, gomazko gozokien errezeta erraz baten bidez argiaren abiadura zehatz dezaketela ikusiko dute. Lanean hasi aurretik, komenigarria izango da ikasleek zenbait galderari erantzutea: Zer dira mikrouhinak? Nola berotzen dute mikrouhin labeek? Ura duten elikagaiak bakarrik berotzen al dituzte?

Difrakzioa, CDak eta espektroak izeneko praktikan, ikasleek argiaren uhin izaeraren alderdi interesgarri bat aztertuko dute, eta ezagutza hori etxeko materialekin (CDak edo DVDak) espektroskopio bat sortzeko erabiliko dute. Hala, mundu mikroskopikoaren propietate batzuetara gerturatu ahal izango dute.

Motor elektrikoa kapituluan, elektromagnetismoaren funtsezko lege bat landuko dute, hain zuzen ere, egungo teknologiaren motorretako bat bihurtu dena: indukzio elektromagnetikoa. Gure inguruko teknologiaren % 70 indukzio elektromagnetikoaren legean oinarrituta dagoela esan ohi da. Lege horrek aplikazio ugari ditu. Indukzio elektromagnetikoaren legea ulertzeko zenbait esperimentu aurkeztuko dizkiete ikasleei, baita garrantzi teknologiko handia duen indukzioaren aplikazioetako bat ere: motor elektrikoak. Korronte zuzeneko motorrak (edonork egin ditzake etxean, esfortzu handirik gabe) eta indukzio motorrak (esaterako, garbigailuen barnean aurki daitezkeenak; bertako ura ponpatzea dute helburu) aurkeztuko dizkiete.

Fisika hutsean moduluan, ikasleek presio atmosferikoak eguneroko objektuen portaeran duen eragina aztertuko dute. Horretarako, objektu horiek presiorik gabe, huts egoeran, duten portaera behatuko dute. Besteak beste, hutsean paper zatitxo bat metalezko bola baten abiadura berean erortzen dela ikusiko dute; baita hutsean soinua ez dela hedatzen ere (argia bai ordea). Horrez gain, airean pisu bera dutela diruditen gorputzek hutsean pisu desberdina dutela eta giro tenperaturan ura irakin daitekeela ikusiko dute.
Irratia praktikan irrati-igorle komertzial baten irrati-maiztasuneko seinale bat jaso eta haren edukia entzuteko gai izango gara, daraman informazioa atera ondoren. Beste hitzetan, "irratia entzungo dugu". Horretarako geuk eraikiko dugun zirkuitu oso sinplea, osagai gutxikoa, baliatuko dugu.

Ikasleek 5 proposamenetatik 3 gauzatuko dituzte, eta, ondoren, Zientzia eta Teknologia Fakultateko fisikako ikerketa laborategi bat eta ingeniaritza elektronikoko beste bat bisitatuko dituzte.

DEIALDI HONETAN PARTE HARTUKO DUTEN IKASTETXEAK:

CPES ARANGOYA BHIP, BHI CPEIPS BERRIO-OTXOA, IES ARTAZA-ROMO BHI, CPEIPS SAN JOSE-JESUITAK HLBHIP, CPEIPS PADRE ANDRÉS URDANETA, HLBHIP CPEIPS NTRA. SRA. DEL CARMEN, BHI CPEIPS SUMMA ALDAPETA HLBHIP, LBHIP IES BOTIKAZAR, IES TALAIA, IES BARRUTIALDE BHI, IES JULIO CARO BAROJA BHI, IES GERNIKA BHI, IES CRUCES BHI, IES MUTRIKU, CPEIPS ANDER DEUNA IKASTOLA HLBHIP, CPEIPS ASTI-LEKU IKASTOLA HLBHIP, CPEIPS URRETXINDORRA IKASTOLA HLBHIP, IES IBARREKOLANDA BHI, IES ELGOIBAR-ARREITURRE BHI,  CPEIPS EKINTZA HLBHIP,  CAED ARIZMENDI KIIB, CPEIPS STA. MARÍA HLBHIP,  CPEIPS LA SALLE BILBAO HLBHIP, IES UROLA IKASTOLA AZKOITIA- AZPEITIA BHI, IES KANTAURI BHI, CPEIPS ESCLAVAS SC - FÁTIMA HLBHIP, CPEIPS AMA GUADALUPEKOA HLBHIP, CPEIPS USABALGO LASKORAIN IKASTOLA HLBHIP,  IEFPS NICOLÁS LARBURU GLHBI, IES ELEXALDE BHI.

Informazio gehiago: http://fisica.ehu.es/fisicaenaccion/