Asset Publisher

Jone Mitxelena euskal zientzialariaren ikerketa bat saritu dute L'Oréal-UNESCO 'For Women in Science' programan

Image

UPV/EHUko Ikerbasqueko ikertzaileak eta bere taldeak kolon eta ondesteko minbiziaren barreiaduran zerikusia duten mekanismo molekularrak ulertzea dute xede, hirugarren ohikoena eta laugarren heriotza zergatia baita mundu osoan.

Jone Mitxelena Euskal Herriko Unibertsitateko zientzialariaren ikerketa bat sartu du L’Oréal-UNESCO ‘For Women in Science’ programak, urtero 40 urtez azpiko bost emakume ikerlari nazionalen punta-puntako lanak aitortzen baititu.  Aurten Bizitzaren Zientziaren esparrua izan da sarien ardatz eta 15.000 euro ematen dira zientzia esparruko emakumeen buruzagitza ikusgai jartzeko. 

Mitxelenak 37 urte ditu, Barakaldokoa da eta ‘Sare transkripzionalak epitelio-mesenkima trantsizioan eta metastasiaren garapena (TransEMeT)’ ikerketagatik jaso du aintzatespena; ikerketaren xedea da kolon eta ondesteko minbizia gorputzeko toki urrun batera barreiatzen zerikusia duten mekanismo molekularrak ulertzea, gaixotasun horrek eragindako heriotzaren zergati nagusia baita. Halaber, kolon eta ondesteko minbizia hirugarren minbizirik ohikoena eta munduan laugarren heriotza zergatia baita. 

Jone Mitxelena eta bere taldearen lanaren ardatza da minbizi mota hori barreiatzean zerikusia duten mekanismo molekularrak argitzea, tratamendu eraginkorrak zuzentzeko oso garrantzitsua baita alderdi hori. Zehatzago esateko, haren proiektuaren xedea da metastasiaren garapenean parte hartzen duten adierazpen genikoa arautzeko mekanismoak argitzea.  

Jone Mitxelena sarituaren hitzetan: “Transkripzioaren faktore sarea aztertzea (kolon eta ondesteko minbiziaren barreiaduran kromatinaren irisgarritasuna modulatzen duten kromatinaren erremodelatzaile konplexuak eta histonen proteina eraldatzaileak) lagungarria izango da metastasien garapenean zerikusia duten mekanismoak argitzeko eta diana terapeutiko berriak identifikatzeko ateak irekiko ditu”. 

Edizio honetako arloetako zientzialari adituen epaimahai prestigiotsu batek hautatu du Mitxelenaren ikerketa:  María A. Blasco Marhuenda, Ikerketa Onkologikoen Zentro Nazionaleko (CNIO) zuzendaria; María Vallet- Regí, Kimika inorganikoko katedraduna Madrilgo Complutenseko Farmazia Fakultatean eta Ingeniaritza eta Farmaziako Errege Akademietako zenbakidun akademikoa; eta Rafael Garesse Alarcón, Biokimikako eta Biologia Molekularreko katedratikoa Madrilgo Unibertsitate Autonomoan eta bertako errektorea 2021era arte. 

Zientzien arloan emakumeek duten presentziari dagokionez, ikertzaileak nabarmendu du: “Nire ikerketa arloan minbizia ikertzen ari direnen % 60 emakumeak dira, baina goi erantzukizuneko hamar postuetatik bitan baino ez daude emakumeak”. Ildo horretan, adierazi du “lanbide zientifikoko etapa guztietan lehentasuna izan behar da gizon eta emakumeen berdintasuna gobernuentzat, erakundeentzat eta gizartearentzat” eta berriro nabarmendu du “karreran mantentzea da erronka, potentziala garatu ahal izatea eta erantzukizuneko karguetan parte hartzea”.  

Ikerbasque Research Fellowship beka prestigiotsua merezi duen ibilbidea 

Biokimikan lizentziaduna (2008) Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU), Biologia Molekularrean eta Biomedikuntzan Masterra (2010) eta Biologia Molekularrean eta Biomedikuntzan doktorea (2014) unibertsitate berean, Jone Mitxelenaren potentzialak Karrera Amaierako Sari Bereziaren aitormena jaso zuen eta Hezkuntza Ministerioaren Errendimendu Akademiko Unibertsitarioaren Bikaintasuneko Lehen Sari Nazionala (2007-2008) ere bai.  

Lehenengo urteak jaioterrian igaro ondoren, Zuricheko unibertsitatean egin zuen doktoretza ondorengo etapa, DNA kaltetu eta konpontzearen mekanismoetan espezializatu zen (2016-2019) eta ondoren Ikerbasque Research Fellowship beka prestigiotsua eman zioten, horri esker sartu zen Euskal Herriko Unibertsitatean eta hemen jarraitzen du.  

Haren lan zientifikoek ezagutza mekanistiko berriak eskaini dituzte ziklo zelularraren aurrerapenei buruz eta DNAko kalteen erantzunari buruz, baita tumore prozesuetan mekanismo zelular horiek duten alterazioari buruz ere. Gainera, Zuricheko unibertsitatean egin zuen etapan botika kimioterapeutikoen erantzuneko toxikotasun maila kuantifikatzeko gerturapen bat garatu zuen. Aurkikuntza horiek eragin handiko nazioarteko aldizkarietan argitaratu dira, hala nola Nature Communications, Molecular Cell eta EMBO Journal. 

L'Oréal-UNESCO ‘For Women in Science’ 

L'Oréal-UNESCO ‘For Women in Science’ programak bi hamarkada baino gehiago daramatza Espainian eta aldi honetan 77 emakume zientzialari baino gehiagoren lana sustatu du, 1.245.000 euroko balioa duten laguntzekin.  

Maila globalean mundu osoko bost emakumezko zientzialari eminente saritzen ditu, kontinente bakoitzeko bat. 1998an sortua eta 117 herrialdetan kokatua, programak 3.900 emakumezko zientzialari aitortu ditu sortu zenetik, esaterako Margarita Salas espainiarra, eta Nobel saridun batzuk ere bai. Urte batean bizitzaren zientziak eta bestean materialenak sarituz, aparteko emakume ikertzaile hauek nazioarteko adituen epaimahai batek aukeratzen ditu eta 100.000 euro ematen zaizkie ikerketak finantzatzeko eta zientziaren aurrerapenari ekarpen bikainak egiten jarraitzeko.